Zazpiak batentzat

rufo urtizberea

Urtizberea, Donibaneko instalazioetan.

Erandio. Elantxobe. Kaiarriba. Errenteria Hiria. Algortako Portuzaharra. Mundaka. Iberia-Sestao. Zazpi bandera. Zazpiak, Oiartzungo Itsaslapurrentzat.

Denboraldi hasiera ikusgarria egiten ari da Oiartzungo taldea KAE2 Ligan. Rufo Urtizbereak entrenatzen ditu, eta sekretuaren gakoa eman du sanjuandarrak: anbizioa. Neguan trainerua aurrekoan baino 40 segundo azkarrago zihoan, baina betetzen zelako.

30 arraunlari ibili ziren hasieran. Iazko nukleoa mantendu zen, eta San Juan taldeko —talde arrosaren egoitzan entrenatzen dira— hainbat arraunlarik indartu zuten taldea. “Helburua KAE1 Ligara igotzea izango zela esan nien”, gogorarazi du Urtizbereak. Horregatik, gogor entrenatzen hasi ziren. “Batzuk taldea uzten hasi ziren: Hibaikara joan ziren, beste batzuek arrauna utzi zuten… Esan nien, helburua bete nahi bagenuen, ezin zela bakarrik estropadetara azaldu”, gaineratu du. Hala ere, KAE1 Ligara igotzeko asmoaren atzean, benetan zegoena zen arraunlarien formazioa, San Miguel Ligarako prestatzeko.

Urtizberea San Juango entrenatzailea da, eta Oiartzunen utzita dabil. “Munduko kasu bakarra izango naiz”, esan du, txantxetan. San Miguel Ligan esperientzia handia du, eta Joseba Fernandezen itzaletan egin du lan. Gainera, San Juanekin entrenatu dira neguan, eta ez oso urruti ibiltzeak morala eman zien.

Sorpresa
Bide hori jarraitu, eta horregatik ari dira bandera guztiak, ia areriorik gabe, irabazten. «Neguko prestaketa estropadetan ontzia azkar zihoan, baina ez genuen uste horrela ibiliko ginenik. Sorpresa izan da. Nik beti esaten nien, traineruen artean, 36.ak ginela, eta hobetzeko aldea bagenuela. Hori esaten nien beti, eta, egia esan, mutilek asko lagundu dute”, azaldu du Itsaslapurren entrenatzaileak.

Marka guztiak hausten ari diren arren, oraindik euren jarduna hobetu dezaketela uste du Urtizbereak: “Pare batek izan ezik, gainontzekoek bi urte bakarrik daramate traineruan arraun egiten. Oraindik hainbat gabezia dituzte, tartean, estropadetako dinamika”. Horrela, hainbat estropadetan aurretik joanda irabazi dute, baina badira azkeneko luzean atzetik joanda irabazi dituztenak ere. Egoera horietara moldatzen ikasi behar dutela uste du. “Oraindik esperientzia hartzen ari dira, hazten”, baietsi du.

Gainera, hainbat kiroletatik datozen arraunlariak daude Urtizberearen aginduetara. “Arraun egiten irakasten ari natzaie. Jende asko hurbildu da esanez datorren urtean arraun egin nahi duela”, zehaztu du. Kirola aspaldi utzi zuen jendea izan ohi dela azaldu du. “Ez da gauza bera klub honetara [Donibaneko egoitzari buruz ari da] etorri, eta San Miguel Ligako jendea ikustean, beren buruei galdetzen diete ea zer arraiotan ari diren hemen. Gure mailako traineru batean arraun egiteko gai ikusten dute beren burua, ordea. Garrantzitsua da hori”, argitu du.

Hori bai, onartu du proba bakoitzean eskifaia osatzeko arazoak dituela: “Senior Mailako lehenengo urteko arraunlariak daude, Gazte Mailakoak ere, eta azken horiek asteburuko estropada bakarrean parte har dezakete”. Kontu handiz jokatu behar dela adierazi du.

Igoeraren bila
KAE2 Ligaren ekuadorra pasatu berritan, beste zazpi estropada geratzen dira jokatzeko. Mailaz igotzea Itsaslapurren esku dago, baina entrenatzaileak uste du “edozer gauza” gerta daitekeela. Hori bai, pentsatzen du taldea hazten joango dela, eta pixkanaka —are gehiago— hobetzen joango direla. Arraunlariei esaten die “burugogorrak” izan behar dutela, eta eurak menperatu nahi duenak “izerdi asko bota” behar duela.

Datorren urteari begira ere ari da entrenatzailea. Bere nahia arraunlari ohiak hurbiltzea da. Futbolarien egoerarekin alderatu du: “Futbolariak ez dira arraunlariak bezalakoak. Hogeitagutxi urterekin ikusten dute zein den euren maila, eta agian futbitora edo kuadrillen arteko txapelketetara mugatu behar dira. Arraunean, bada 30 urterekin hasi denik”. Sekretua lehenengo arraunkada ematen ikastea dela dio, eta gainontzekoak segidan etortzen direla.

Animoz beteta sentitzen du taldea, baita harekin daudela ere. “Neguko malkoak udako irriak dira”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend