Haurtzaro Ikastolak izango du suziria botatzeko ardura.
Atzo arratsaldean ospatu zuten ohitura bihurtu den xanistebanetako kultur ekitaldia. Bertan, aurtengo festetan nola edo hala aitortza jasoko dutenekin egin zuten ekitaldia. Jendez lepo bete zen udaletxeko areto nagusia xanistebanak badatozela iragartzen dituen saioa ikusteko (festetako gaurko egitaraua ikusteko, sakatu hemen).
Josune Cousillas Kultura zinegotzia aritu zen aurkezle lanetan, eta Jexux Leonet alkateari pasa zion hitza, lehenik eta behin. Atzoko ekitaldian aitortza jaso zutenak zoriondu ondoren, herrigintzan ari diren eragile guztiei euren lana eskertu zien, Oiartzun “herri aktiboa” dela islatzen dutelako. Bide horretan jarraitzea gonbidatu zien, gainera. Debekatutako ekitaldien harira, Jai Batzordearen lana babestu zuen, “zuek zaretelako benetako protagonista”. Azkenik, xanistebanetan bi aukera besterik ez daudela gaineratu zuen: “Ongi pasa ala ongi pasa. Gora eraso sexistarik gabeko xanistebanak!”.
Agerkariak eta kartelgileak
Xanistebanak begibistan dituztela argitaratzen dituzten bi agerkarien txanda izan zen hurrena. Urtekariari dagokionez (46. zenbakia du), Cousillasek euskara hutsean argitaratzearen garrantzia nabarmendu zuen, eta agerkariaren bultzatzaile izan zen Adolfo Leibar ere gogoratu zuen. Pasa den maiatzean hil zen Leibar.
Mugarriren 23. zenbakia da aurtengoa. Herrian XV. eta XIX. mendeen artean izandako kaperotasuna eta odol-garbitasuna aztertu dituzte Iñaki Garrido eta Denis Alvarezek. Azken hori igo zen oholtzara, eta azaldu zuenez, garai hartan, udalean lan egiteko, “odol garbikoak” zirela frogatu behar zuten. Bizitza publikoan lan egiten zuten guzitak gizonak ziren, eta horiek aurkezten ziren pleito horietara. Oiartzunen, baina, beste inon ez bezala, emakume batek odol garbi froga egin zuen: udalean lan egiteko baino, ezkonsari bezala aurkezteko egin zuen.
Ondoren, banan-banan, aurtengo xanistebanetako kartel lehiaketako sarituak igo ziren oholtzara, sariak jasotzera. Andrea Villamorren lanak iragarriko ditu festak, eta oiartzuar onenaren saria Eneko Salaberriak jaso du. Bi akzesitak Onintza Etxebestek eta Iosu Mitxelenak jaso dituzte, eta haurrentzako Margosoro Saria Aritz Apariciok jaso du.
Horrez gain, Juan Carlos Olaetxea margolari beratarraren erakusketa egongo da pleno aretoan festek iraun artean.
Etxeberria, Haurtzaro eta emakume baserritarrak
Izar Etxeberria dantzariak hirugarren aldiz irabazi zuen, iaz, Soinu Zahar Txapelketa. Ohiturari jarraituz, garaikurra udalari eskaini zion. Udalak, baina, “egokiago” ikusten du trofeoa dantzariak berak edukitzea, eta atzoko ekitaldian itzuli zioten.
Gaur arratsaldean txupina botatzeko ardura izango du Haurtzaro Ikastolak, mende erdia beteko duelako datorren ikasturtean. Hezkuntza proiektuaren historiaren eta gaur egungo egoeraren zein etorkizunaren erronken berri igo ziren atrilera Asier Bergaretxe egungo lehendakaria, Sorkunde Lekuona zuzendaria eta Roman Irigoien bigarren lehendakaria. Bergaretxek iragarri zuen ikastolako familiaren lagin bat egongo dela arratsaldean udaletxeko balkoian. Eurez gain, Arantxa Madariaga lehenengo irakaslea, Lide Martiarena lehen promozioko ikasle eta egungo irakaslea eta bi ikasle izango dira.
Hirugarren omendua, aurreko urtetan ez bezala, ez da norbanako bat izango. Emakume baserritarren kolektiboa omendu dute. Izan ere, garai batean, seme-alaba mordoa izaten zituzten, eta eurak zaintzeaz gain, etxeko nagusiak artatu behar zituzten. Hori guztia baratzeko, sukaldeko edo ikuiluko lanak ahaztu gabe, besteak beste. Ane Lardi eta Jon del Olmok egindako bideoa aurkeztu zuten, testigantzekin. Aitortza kolektiboa izaki, Ane Narbartek egindako koadroa eskaini zieten omenduei, sinbolikoki.
Bukatzeko, Maddi Nazabal eta Ekain Susperregi Olarriko dantzariek Kontrapasa dantzatu zieten omenduei, Oiartzungo tabernek eskainitako luntxa egin aurretik.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.