[Argazkiak eta bideoa ] Ahanzturan eror ez daitezen

Gaztelumendi, Mendarte, Irastorza, Elorza eta Elgarristaren senideak omenaldi ekitaldian. Faxistek hil zituzten lau udal langile eta zinegotziaren alabek jaso dute lore sorta.

Gaztelumendi, Mendarte, Irastorza, Elorza eta Elgarristaren senideak omenaldi ekitaldian.

Jose Elorza Narbaiza,  Felix Elgarrista Arbelaitz, Celestino Gaztelumendi Berasategi, Miguel Irastorza Etxeberria, Serapio Mendarte Ugarte. 80 urte bete dira faxistek atxilotu eta hil zituztela lau udal langileak eta zinegotzia. Argentinan bezala, Narbaiza, Arbelaitz, Gaztelumendi, Irastorza eta Mendarte atxilotu eta hil ostean, desagerrarazi egin zituzten. Beren familiek ez dituzte gorpuak berreskuratu. Atzo, Errenteriako Udalak, faxistek Errenteria-Orereta hartu zutela 80 urte bete ziren egunean, aitortza eta omenaldia egin zien bostei.

Pleno aretoak ezin izan zuen hartu bildutako jendetza, eta eskailera eta kanpoaldetik jarraitu behar izan zuten bertaratutako askok ekitaldia. Frankistek egotzi zituzten azken udalbatza errepublikanoko kideen eta udal langileen omenez eta bereziki,  desagerrarazi eta fusilatu zituzten zinegoztia eta lau langileen omenez. Jose Elorza Narbaiza,  Felix Elgarrista Arbelaitz, Celestino Gaztelumendi Berasategi, Miguel Irastorza Etxeberria, Serapio Mendarte Ugarte. Idatzi hori duen plaka jarri zuten agerian lehenik pleno aretoaren sarreran, bildutakoen txaloen artean. Mikel Zabaleta historialariak hartu zuen txanda ondoren 1936 urteko udara hartan gertatu zena  kontatu eta Narbaiza, Arbelaitz, Gaztelumendi, Irastorza eta Mendarteren gainean dauden datuak ezagutarazteko. Atzokoa ez zela historia ekitaldia nabarmendu zuen Zabaletak, “memoria ekitaldia baizik”. Duela 80 urte, faxistak Errenteria-Oreretara sartu zirenerako populazioaren erdiak herria utzita zuela azaldu zuen: “Lehen egunetik jendea atxilotzen hasi ziren. Atxiloketak militarrek, guardia zibilek eta errekete miliziek egiten zituzten herriko eskuineko jendeak egindako zerrendetan oinarrituta. Iritsi zirenerako, ordea, zerrenda horietan zeuden asko ihes eginda zeuden, eta orduan, norbaitek ordaindu behar zuen, eta atxiloketa askoren atzean ezin ikusia zegoen”.

Xalbador Zapirain Ataño bertsolaria, Bordaxar baserrian jaioak, lehenengo pertsonan bizi izan zuen hori. Atxilotu egin zuten hura ere, eta Espetxeko negarrak liburuan bildu zituen bizitutakoak, “liburu horretan kontatzen duena da bost gizon hauekin gertatu zena”, gaineratu zuen Zabaletak.

Lau udal langile eta zinegotzi bat
Jose Elorza Narbaiza udal basozaina zen. Santa Klara kalean bizi zen, eta ez zegon politikan sartuta. Faxistak heldu aurretik Errenteria-Oreretatik alde egin zuen, baina lana galtzeko beldurrez itzuli egin zen faxistak sartu eta zortzi egunera. Berehala atxilotu zuten. “Basozaina zenez arma izateko baimena zuen eta hori arrazoi nahikoa zen atxilotzeko. Atxilotu eta berehala fusilatu zuten”, azaldu zuen Zabaletak.

Felix Elgarrista Arbelaitz Artamugarri baserrian jaio zen. Udal iturrizain lanpostua 1921. urtean lortu zuen. “Elorzak bezala, arma izateko baimena zuen. Bera eta etxeko gizon guztiak atxilotu zituzten 13an bertan, eta urriaren 20an fusilatu zuten Oiartzunen”.

Celestino Gaztelumendi Berasategi Goiko kalean bizi zen eta udal zerga kobratzailea zen. Lehenengo egunetan atxilotu zuten Gaztelumendi, eta Elgarrista bezala urriaren 20an fusilatu zuten. Gaztelumendik emazteari idatzitako azken gutuna gordeta dute haren senideek. Emaztea atxilotuta zegoela bisitan joan zitzaion, eta bertan esan zioten ez zegoela jada han, libre atera zela. Gaztelumendi ez zuten gehiago ikusi senideek.

Maisua zen Miguel Irastorza Etxeberria, eta 35 urte zituen hil zutenean. “Gerra kontseilua egin zioten beste laurei ez bezala, beste laurak paseatu (atxilotuta zituzten guneetatik ateratzen zituzten eta bidean zehar fusilatu) egin zituzten. Desagertua dago beste laurak bezala, bere gorpua ere ez delako berreskuratu”. Kapitain Enean bizi zen Irastorza, errepublikazalea zen, eta Errenteriako berriemailea La Voz de Guipuzcoa egunkarian. Abenduaren 16an fusilatu zuten.

Serapio Mendarte Ugarte zinegotzia zen, abertzalea. 47 urte zituen, eta faxisten aurka borrokatu nahi zuela esan zuen. Munizio hornikuntza lanetan jarri zuten, Artxandan frankistek harrapatu zuten arte. Bertan hil zuten, eta gainera bere familiaren kontra jo zuten Zabaletak azaldu zuenez, “jabetzak kendu eta isuna jarri zieten”.

Bosten gainean dagoen informazio gutxia emanda, senideei lore sorta eta koadroa eman zien banan-banan Julen Mendoza alkateak. Atzoko ekitaldia udalbatzak aho batez hartutako akordioaren harira egin zutela esan zuen Mendozak: “Altxamendu frankistaren  kontra azaltzea; altxamendu frankista eta ondorengo frankismoaren biktimei elkartasuna adieraztea; Argentinako kereilan parte hartzea zehazteko zeintzuk izan ziren erantzule zuzenak eta zeharkakoak epaitu eta zigortzeko; eta biktimen zerrenda nominala, adina, ogibideak, krimenaren datak, sufritutako  delituak eta jasotako ondorioak azalduko dituena egitea adostu genuen akordio horretan. Oroimen eta aitortza ekitaldia egitea gaurko egunarekin ere adostu genuen”.

Senideen txanda heldu zen gero, eta eskerrak eman zizkioten Errenteriako Udalari atzoko ekitaldiagatik. Miren Mendarte, Serapio Mendarteren alabak, gutuna irakurri zuen: “Jasotako lore sorta ederra aitonaren hobiaren oinetan jarri nahiko genuke, berea baita, bere omenez eman baitiguzue. Baina ezin dugu. 80 urte joan dira eta ez dakigu zein bide bazterrean utzi zuten, non egin behar dugun negar. Badakigu hornigaiez betetako kamioia lagun gudarienganako bidean etsaiek alto egin, eta preso zituztela tiro egin eta alde egin zutela,  aita, aitona Serapio bide bazterrean utzita. Malkoak lehortu ziren giro gaiztoan bizitzen ikasi genuen, eta halako batean aire berriak etorri zaizkigu. Lurrak, udaberriko mitxoleta gorriak ernatzen dituen bide bazterretan, gure senideak aurkitu eta etxeko atera ekarri nahi ditugu. Inoiz lortuko dugu? Orduan askatuko da gure iraganen korapiloa eta lore sorta ederrak jarriko ditugu beren hilobien oinetan”.

Elgarristaren alabak ere hartu zuen hitza, “poz handiz hartzen dut gaurko eguna, eta nire aitari lore hauek eskaintzen dizkiot, badakit zorionean zaudela, aita, baina lore hauek bidaliko dizkizut zauden lekura”.

Altxamendu frankistaren ondorioak biltzeko konpromisoa
Hunkituta azaldu ziren faxistek hildakoen senideak, pleno aretoan zeuden beste asko, eta baita Mendoza bera ere: “Oso urruti egiten zait  duela 80 urte herri honetan gertatutako guztia, baina senideekin bizipen horiek partekatzen direnean, eta ohartzen zarenean senide askok ez dakitela non dauden hildako horiek, zer gertatu ote zen, ohartzen zara zein garrantzitsua den guzti hau idaztea, testigantzak azalaraztea. Bestela, pertsonekin batera, gertatutako hura lurperatuko baita. Isilarazi egin da gertatutakoa, eta denoi eragin digu horrek. Gertaeren estaltze hori gainera, kultura antzekoa bihurtu da”.

Espainiako Estatua desagertu gehien dituen munduko bigarren estatua dela ekarri zuen gogora Mendozak. “Izugarria behar du zure senidearen gorpua ez aurkitzea, ez ikustea, ez jakitea zer edo nola gertatu zaion zure aita, seme, anaiari. Hil dituztela dakite, baina ez nola”, gaineratu zuen. Giza eskubideak guztientzat direla esan zuen Mendozak.

Denbora gehiegi pasa dela ere esan zuen alkateak, aitortzarako ekitaldi instituzionala iritsi den arte, “zentzu horretan gure barkamena eskatzen dizuet, kostatu zaigun guztiarengatik horrelako ekimen instituzionala egitea”. Asmoa ez dela amaitu gaineratu zuen Mendozak atzoko ekitaldiarekin, “orain gure herrian gertatutako guztia bildu nahi dugu, izenekin, pertsonekin, argazkiekin, hildakoak eta baita altxamendu frankistak eragin zuen guztia, ondorengo diktadurak ekarri zuena, langileen batailoia, gerrako haurrak… hori guztia bildu behar dugu, hori da gure egin beharra udal bezala, gaur hemen egiten ari garena lau udal langile eta zinegotzi batekin, biharko egunean gerran eta frankismoan hil, sufritu edo desagertu diren herritarrekin izan dadin. Eskerrik asko senide guztiei bihotzez eta jakin ezazue udal honen babes osoa izango duzuela hemendik aurrera ere”.

Errenteria-Oreretan gauza asko kontatzeke
1936ko urriaren 21ean jaso zuen Gaztelumendiren azken gutuna emazteak. Antiguako espetxera joan eta  aske utzi zutela esan zioten emazteari. “Desagertua kontsideratzen dugu aitona familian”. Ramon Gaztelumendi, Celestino Gaztelumendiren biloba da, “ez dakigu zer gertatu zen, non dagoen aitona. Familia bezala izugarri gogorra da hezurrak non dauden ez jakitea. Dakigun apurra da kaleko jendeak esan diguna, baina ez iturri ofizialetatik”. Celestinoren emazteak eta seme-alabek drama gordean bizi izan zutela esan du bilobak, “errepresioak ez zuen besterako uzten garai hartan. Horrekin batera sekulako mina eta erosioa sortu zuen senitartekoen artean”.

Latinoamerikako desagerketez hitz egiten dela, baina Euskal Herrian ere desagertu asko eta asko direla esan zuen Gaztelumendik, “gai horri heltzea nahiko genuke. Fusilatu zituzten, baina galdera da, non dago? Zenbat desagertu dauden jakin behar da. Aitonak bost ume utzi zituen gure kasuan, oso gazte hil zuten, eta beraien bizitza izugarria izan da, isilpean mantendu dute gertatutakoa errepresioarengatik, bizirautea, azken batean. Sufritzen eta gordeta”.

Atzoko omenaldiarekin desagertu batzuei izena eta abizena jarri zitzaiela esan du Gaztelumendik, eta baita aurpegia ere, eta senideek pozik hartzen dituztela halakoak. Kattin Ttiki memoriaren aldeko taldeko kidea da Gaztelumendi, desagertu baten biloba izateaz gainera, “egia jakin, aitortza egitea eta memoria azaltzea nahi dugu. Uste dut gainera Oreretan asko dagoela kontatzeko, sekulako sarraskia egin zuten, dozenatik gora fusilatu zituzten. Historia bat dago kontatzeke, eta gustatuko litzaidake honi heltzea instituzioek, talderen batek… Oreretan ere lurpean eta isilpean gauza asko dagoelako, eta atera behar ditugu”.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend