
Oihana Cereijo, herrian, Kontxako bandera astintzen
Bukatu da denboraldia. Eta San Juanek ezin hobeto bukatu du, Kontxa irabaziz.
Bai, guztiz. Denboraldia primeran hasi genuen. Aulki mugikorrekoak oso ondo ibili ziren, Euskadiko Txapelketa irabazi zuten. Bateletan ere txukun aritu gara, Euskadikoa irabazi, Espainian bigarren. Trainerilletan Espainiakoa eskuratu genuen… Uste dut denboraldi guztia biribil joan dela. Traineruan Euskotren Liga, Euskadiko Txapelketa… Eta denboraldiari ginga jartzea bezala izan da Kontxa. Egia da lortu izan ez bagenu herren bezala geratuko litzatekeela, eta ez genuela behar bezala baloratuko ordura arte egindako lana. Horregatik, denboraldia biribiltzeko balio izan digu Kontxako banderak.
Zenbat aldiz ikusi duzu Kontxako bigarren jardunaldiko bigarren luzea?
[Burua makurtuz] Bi alditan ikusi dut eta bietan oso urduri jarri naiz. Barruan nengoen, badakit zer bizitu nuen une bakoitzean, badakit zer gertatuko den, baina oso urduri jartzen naiz. Uste dut bai Hibaikak, bai Oriok, eta baita guk ere ikuskizun polita eman genuela eta zaleagorentzat
estropada oso interesgarria izan zen. Erakutsi genuen emakumeok ere badugula zaleei disfruta arazteko indarrik.
Ez sinisteko moduko finala izan zen. Nola bizi izan zenuten ontzi barrutik?
Zozketa eta gero Etxabek ez zigun gure kalea zein zen esan nahi izan, besteena esan zigun, baina gurea esan gabe. Azken hiru urtetan, sei estropadetatik lau egin ditugu lehen kaletik, estatistikak ere ez du ematen [barrez]. Grazia egin zigun horrek, besteena bai baina gure kalea zein zen ez esateak. Bagenekien nolako mugimendua zegoen lehen kale horretan eta aurreko igandeko estropada eginda ez zigula balioko bandera irabazteko. Estropada osoa beharko genuen, ondo arraun egin, burua hotz mantendu. Eta uste dut hori izan zela egin genuena.
Kanporantz, Aquarium pareko mugimendua izan ezik, korrontea alde genuen, eta Hibaikak ez, eta hori aprobetxatu behar genuen. n bagenekien oso gogorra izango zela, Hibaikak olatua zuelako. Burua ez galtzea inportantea zen, eta ez genuen galdu. Oso kontzentratuta atera ginen, amorru handiarekin. Kanpoko faktoreek ez zezatela eragin, eragitekotan gure kontra egingo zutelako, eta gure lana egitera. Uste dut horretan irabazi genuela Kontxa, kontzentrazio horretan.
Urteko estropadarik onena izan al zen?
Nik Etxaberi esan nion nire bizitzako estropadarik onena egin nuela. Aspektu guztiak hartuz gero, kontzentrazioa, talde lana, animoak, burua hotz mantentzeak… Guztia kontuan izanik, nire bizitzako estropadarik onena egin nuen igandean.
Kontxa eta liga irabazi dituzue. Onenak izan zarete?
Ez dakit onenak izan garen, baina bai irabazi ditugula estropada klabeak. Udaran jokatu diren estropada guztiak hartuz gero, hor egon gara, erdia eta erdia, agian Hibaikak guk baino baten bat gehiago, ez dakit. Baina bazeuden gorriz markatutako egun batzuk eta, ez dakit nola, baina guk horietan asmatu dugu.
Aurten Zumaiarik gabe aritu zarete. Faltan bota dituzue zumaiarrak?
Bai, asko. Niretzat, emakume bezala, emakumeen kirola bultzatu izanagatik. Hasieratik egon den taldea izan da, emakumeen arrauna bultzatu duena, hasieratik maila ona eman zuena. Emakume, eta kirolari bezala, pena handia ematen dit Zumaia ez egoteak.
Zumaia ja ez, baina Orio ate joka dator. Harrobiko lana egiten ari dira gainera, oriotarrak, eta taldeko erdia ja herriko neskek osatzen dute. Gora egiten segituko dute, antza.
Orio egiten ari den lana goraipatzekoa da, xume hasi ziren, besteok hasi genuen bezala, goraka datoz eta hori lanaren ondorioa da.
Zuenean eta Hibaikan, aldiz, ez dira hainbeste herriko neskak traineru barruan. Baina atzetik badatoz gazteak, ez?
Bateletako estropadetara joatea besterik ez dago. Haur eta Kadete mailetan neska pila bat dago, gorakada nabari da. Ez dakit zergatik den, emakumeen arraunak orokorrean duen bultzadagatik den, edo telebistan agertzen delako, ez dakit arrazoia, baina Bai Hibaika eta baita San Juan ere harrobiko lana bultzatzen ari dira. Arraunaren helburua disfrutatzea da, ondo pasatzea, eta taldeak behar zaituenean jarraitzeko gogoa izatea. Helburua neska horiek traineruan sartzea da, eta sartuko dira.
Edozein lekura begiratuta, bistan da arraun giroa bizi dela Pasai Donibanen. Eta hein batean zuen erruz ere bada. Zu hemengoa zara, bizi, entrenatu, dena egiten duzu hemen. Nola bizi duzu?
Igandekoa adibidez pasada bat izan zen, izugarrizko poza, harrotasuna, eta mila emozio. Baina nik ez nuke bakarrik utziko egun berezi horietan, egunerokotasunean bizitzen dut. Ogia erostera joan eta jendeak animoak ematen, edo ‘atzo gaizki, e!’, beti dago zerbait esaten dizutena, kaletik zoaz eta jende guztiak gelditzen zaitu, eta animatzen zaitu, edo bronka txikiak bota.
Eguneroko gauza da, hortaz.
Bai, eta batzuetan oso zaila izaten da deskonektatzea.

26 urte ditu Cereijok eta 13rekin hasi zen arraunean
Ba al da Donibanen nesken arrauna serio hartzen ez duenik.
Nik holakorik ez dut sentitu. Hasieratik poza, babesa eta indarra sentitu ditut. Inoiz ez dut entzun mutilak gu baino gehiago direnik,
Lehian badira diferentziak zuen eta mutilen artean, esaterako, estropadetako ibilbidean, egin beharreko distantzian.
Polemika handia dago horren inguruan baina nik beti gauza bera esaten dut, nik honetarako entrenatzen dudala. Badaude maratoilariak 42 kilometro egiten dituztenak, eta Usain Boltek hamar segundoko lasterketa bat egiten du. Esaten badigute mutilen distantzia bera egin behar dugula entrenamenduak horretarako bideratuko dira. Nik ez dut esku hartzerik hor, eta ez nago ez baten alde ez bestearen alde, horrela da, onartzen dut, eta horri begira entrenatzen dut.
Oriok emakumeei hobeto egokitzen den traineru bat uretaratu du aurten lehen aldiz.
Bai, baina Kontxan Hibaikak erabili du. Orio aritu da aurreneko estropadetan ontzi horrekin baina Kontxari begira Hibaikak hartu du.
Traineru bera da, mutilena alegia, baina egokituta. Zure ustez, araua aldatu beharko litzateke emakumeek zuen gorpuzkerara, zuen altuera eta pisura egokitutako traineruetan bogatzeko aukera izan dezazuen?
Behar hori ikusten bada, eta demostratzen bada gure neurrira hobeto egokitzen diren beste neurri batzuk daudela, bai planteatu beharko litzateke. Zergatik ez? Batzuetan ipurdi azpian takoak jarri behar ditugu altuago joateko, baina horrek esan nahi du desnibela handiagoa dela, grabitate zentroa aldatzen da, gutxiago eusten dugu botea… Alde handia dago eta bai, agian bai planteatu beharko litzateke araua hori aldatzea.
Ikusteko dago traineruen neurriak, egin beharreko distantzia edo zer aldatzen den edo ez den aurrera begira emakumeen arraunean. Baina, nola ikusten dituzu Batelerak hemendik, esaterako, bost urtera?
Ba irabazten. Ez dakit buruarekin edo bihotzarekin ari naizen, baina gustatuko litzaidake Koxtapek aurrean jarraitzea. Hibaika ere ikusten dut, talde oso sendoa da eta aurten irabazi ez badu, edo puntutxo hori lortu ez badu, oso gutxigatik izan da, zorte kontua izan da. Cabo ere oso talde gaztea da, handiak dira eta oso fuerte ikusten zaie, etorkizuneko taldea da, Orio bezala.
Hondarribian ibili zinen. Aurten berriro atera dute ontzia.
Azken urteetan gorabehera handiekin ikusi ditut. Blokea mantentzen badute eta hurrengo urteei begira jarraitzen badute, gainontzekoek egin dugun bezala gora egingo dute. Asko gustatuko litzaidake hori, Hondarribiak jarraitzea, harrobiko lan hori emakumeetan ere lantzea. Horrela eginez gero, gora egingo dute.
Eta zu, non egongo zara bost urte barru?
[Barrez] Ez dakit, bihar non egongo naizen ez dakit orain. Ez dakit, ziur arraun batetik gertu, baina ez dakit arraunean edo kanpoan egongo ote naizen. Arraun munduari lotuta seguru baietz, sanjuandarra izanik, gainera…