Trintxerpeko errealitatea ezagutzean erabaki zuen ‘Sitio Distinto’ proiektuari ekitea Davide Cabaleirok, topikoak gaindituz, galiziar immigrazioari buruzkoak ezagutarazi nahian.
Davide Cabaleiro, ‘Sitio Distinto’ film dokumentalaren zuzendaria
Euskal Herria eta Galiziaren arteko harremana kontatu nahi duen Sitio Distinto film dokumentala zuzentzen ari zara. Zergatik izenburu hori?
Alde batetik, bi herrien arteko harremanak kontatu nahi ditugulako, kultur harremanak eta, baina beste aldetik, frankismotik datozen antzinako topikoekin apurtzeko, eta batez ere, hemengo jendeari Galiziako migratzaileen historia kontatzeko. Zenbat etorri ziren, zergatik, nola eta nora.
Zerk bultzatu zintuen lan hau egitera?
Orain dela sei urte etorri nintzen Euskal Herrira, ikastera. Aurretik zer edo zer banekien Euskal Herriari buruz. Hemengo musika entzuten nuen, literaturaren bidez idazle batzuk jarraitzen nituen, hemengo lagunak… Niretzako leku ezaguna zen, eta oporrak hemen pasatzen nituen noizean behin. Baina hona etorri nintzenean ikastera, Gipuzkoan bi urtez bizi, eta orduan ezagutu nuen lehen aldiz benetan hemengo errealitatea.
Eta hemengo errealitatea ezagutzearekin batera, Galiziakoa ere ezagutu nuen. Trintxerpera joan nintzen, eta hura niretzako altxor txiki bat topatzea izan zen. Finean, Galiziako zati txiki bat Trintxerpen dago.
Gogoratzen dut, Trintxerpera lehengo aldiz larunbata goiz batean joan nintzela, eta handik nenbilela bi emakume topatu nituela galegoz hitz egiten. Hasieran pentsatu nuen okertu egin nintzela, baina berriz ere entzun nienean buelta eman eta haiei galdetu nien zuzenean: ‘Galegoz ari zarete?’. Harrotasunez baietz erantzun zidaten. Haiekin hitz egiten pentsatu nuen, han geundela hiru pertsona, herri beretik etorriak, baina errealitate nahiko desberdinek bultzatuta. Ni ikastera etorri nintzen, dirua poltsikoan, eta haiek, aldiz, tren batean sartu eta lan bila.
Dokumentalean zenbateko pisua izango du Trintxerpek?
Trintxerpe Galiziatik itsasoan lan egiteko etorri zen jendearentzako sortutako barrutia da. Trintxerpe sortu aurretik, San Pedro ondoan baserri pare bat zeuden, besterik ez. Sobiet txiki bat zen garai hartako Trintxerpe, eta giro hura jaso dugu dokumentalean. Galiziarrak beti aritzen ziren lan baldintzengatik borrokan, eta ez ziren mezetara joaten.
«Hemengo jendeari Galiziako migratzaileen historia kontatzea da asmoa»
«Sobiet txiki bat
zen garai hartako
Trintxerpe eta giro hura jaso dugu»
«Galiziarrek Donostiako gerrikoa osatu zuten faxismoa geratzeko»
Horrez gain, eta batez ere, Batailoi Zeltari buruzko historia jaso nahi izan dugu. 1936ko gerraren garaiko batailoi bat izan zen, galiziarrek antolatuta. Gehientsuenak galiziar anarkistak ziren. Frankismoa borrokatzeko antolatu ziren eta Donostiako gerrikoa osatu zuten faxismoa geratzeko.
Dokumentala egiteko Trintxerpeko Fato Cultural Galegoko buru Xose Estevezen laguntza izan duzu. Zertan lagundu dizu historialariak?
Proiektu honekin ia lau urte daramagu, eta Xose Estevezekin hasieratik ari gara harremanetan. Gaia historikoki kokatzeko orduan berak izan du zuzendaritza. Guk datuak bildu eta berak lagundu gaitu horiek kokatzen. Oso pertsona argia da, eta guretzako plazer bat da halako altxor bat gure artean edukitzea.
Horrez gain, dokumentalean agertuko da, Koldo Izagirrerekin kultura eta literaturari buruz hitz egiten, Oiartzunen.
Zergatik elkartu zenituen Koldo Izagirre eta Xose Estevez Oiartzunen?
Oiartzunen Kontxa Murgiaren etxea dago. Murgia Manuel Martinezen ama zen, hura Galiziako kultur eta politika munduko zutabe garrantzitsuenekoa da. Hori gutxi balitz, Rosalia de Castroren senarra ere izan zen.
Rosa Garcia-Orellanekin ere izan zarete Trintxerpen, ezta?
Pasaian eta Trintxerpen bi gauza egin genituen. Hango jendearekin bildu eta haien testigantzak jaso, ondoren gidoi txiki bat egiteko. Ondoren, Rosa Garcia-Orellanekin bildu ginen. Garcia-Orellan antropologoa da. Trintxerpen jaioa da, baina bere gurasoak galiziarrak dira. Dokumentalean berak marraztu du Trintxerpeko errealitatea.
Noiz estreinatuko duzue film dokumentala?
Oraintxe ari gara azkeneko grabazioekin, eta era berean muntatzen. Estreinaldia datorren urtean izango da, baina ez dugu oraindik data zehatza. Hiru grabazio geratzen zaizkigu Galizian, eta beste lau Euskal Herrian. Kepa Junkerarekin, Dani Alvarezekin, Jon Maiarekin eta Xabier Amurizarekin grabatu behar dugu. Amurizak oso lotura berezia du gure lanarekin.
Kaki Arkarazo, Porrotx, Iñaki Anasagasti… Zure proiektua bere egin dute euskal kulturan izen handia duten askok.
Bai, eta asko eskertzen da hori, plazer bat izan delako, eta bidea errazagoa egiten delako horrelako laguntzarekin.
«Euskarari buruzko nire lehen apunteak galegoz ditut»
Davide Cabaleiro galiziarra, Bilbon bizi da gaur egun.
Galiziarra zara baina euskaraz badakizu. Nolatan?
Euskal Herrira etorri aurretik erabaki nuen euskara ikastea. Orduan ez nuen pentsatuta Euskal Herrira etortzea, ez ikastera eta are gutxiago bizitzera. Irlandan izan zen, han bizi nintzela. Garai hartan Galiziako telebistan lan egiten nuen, eta eszedentzia bat eskatu nuen nire ingelesa hobetzeko. Urtebetez Irlandara joan nintzen, eta han Corkeko unibertsitatean beste galiziar bat ezagutu nuen, unibertsitatean galegoa erakusten zuena. Isaac Xubin zen. Xubin galiziar filologoa da. Amona euskalduna zuen, eta horrek bultzatuta euskara ikastea erabaki zuen. Bera izan zen nire lehen euskara irakaslea, Irlandan. Euskarari buruzko nire lehen apunteak galegoz ditut, galegoz eta euskaraz.
Euskal Herrira zertara etorri zinen, euskara hobetzera edo bestelako ikasketak egitera?
Ikus-entzunezkoen espezializazioa egitera etorri nintzen, eta lehen bi urteetan Donostian eta Andoainen egon nintzen ikasten eta bizitzen. Baina Euskal Herriko nire lagunak Bilbon bizi dira, eta astebururo joaten nintzen hara. Azkenean hara joan nintzen bizitzera, eta momentuz han jarraitzen dut, Bilbon.
Askoren iritziaren kontra, esan duzu euskara ikastea ez dela zaila.
Ez, niretzako behintzat ez. Nik beti adibide berdina jartzen dut. Eraikin bat egin nahi baduzu, etxea altxatzeko zutabe zehatz batzuk behar dituzu. Zubi bat eraikitzeko beste zutabe desberdin batzuk. Gaztelania latinetik dator eta zutabeak nahiko argi daude, baina euskara ez dator latinetik eta zutabe ezberdinak ditu. Aldatu zutabeak eta zerotik hasi. Niretzako ez da zaila. Desberdina da, eta garestia.
Garestia?
Bai. Hona etorri nintzenean ez nuen lanik. Euskaltegiko matrikulak ia 500 euro balio zuen. Horrez gain barnetegia, eta gainera jan eta bizi behar… Azkeneko urtean, Andoaingo Udalean egon zen aldaketa, eta diru laguntza jaso nuen. Eskerrak.
Laguntzak, beraz, beharrezkok direla uste duzu?
Bai, noski. Herri bat benetan ezagutzeko bere hizkuntza ezagutu behar duzu, derrigorrez, bestela %50 galtzen duzu eta turista moduan zabiltza. Hori argi eta garbi dut, bai hemen, bai Finlandian, Katalunian eta Galizian. Hizkuntza gabe herriaren arima ez duzu ikusten. Hizkuntza herriaren nortasuna da.