Leire Aranburuk estreinakoz erakutsi du bere lana. Lezon, gainera. Ikasketa bukaerako proiekturako aurkeztutako lanak dira, guztiak Bic boligrafoekin egina.
Leire Aranburu ‘El pan de cada día’ lanaren ondoan.
Boligrafoak, XX. mendearen lehen erdialdearen bukaeran, idazlumekin idazten zutenentzako aurrerapen handia izan zen. Laszlo Biro kazetari hungariarraren asmakizunak tinta alferrik gastatzea aurreztu zuen, baita paperak garbiago mantentzea ere. Alde ederra eguneroko lanean edo eskolan erabili behar izan zutenentzat.
II. Mundu Gerran, Marcel Bichek, Edouard Buchardekin batera, Birok asmatutako boligrafo bat ikusi zuten Frantzian, eta euren enpresa sortu zuten. 1950ean hasi zen Bic Cristal boligrafo mitikoa komertzializatzen. Mundu zabalera hedatu zen boligrafoa. 2005 urtean saldu zuten 100.000.000.000. [ehun mila milioigarren] bolaluma.
Hain sinplea dirudien boligrafoaren diseinu industrialagatik, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoak —MOMAk— bere erakusketa iraunkorrean sartua du Bic Cristal. Arte pieza ez ezik, artea sortzeko tresna ere bada plastiko, metal eta tintaz osatutakoa. Eta horretan ari da Leire Aranburu (Lezo, 1992)
.
Lehenengo erakusketa
Estreinakoz ikus daitezke Aranbururen lanak. Zehazki, datorren igandera arte egongo da irekita erakusketa, Lezoko Kultura Aretoan (Donibane kalea, 2), goizez eta arratsaldez. “Lehenengo aldiz egin dut erakusketa bat”, esan du Aranburuk, “eta gainera, herrian izateak, asko pozten nau”. Pasa den igandeko inaugurazio ekitaldiak asetu baino gehiago egin zuen artista lezoarra, “uste baino jende gehiago” agertu baitzen bertara.
Unibertsitate ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean egin ditu, eta Mexikon eman zuen azkeneko ikasturtea.
El pan de cada día proiektuarekin —Mexikoko narkotrafiko kartelek erabilitako esaldia da— graduatu zen EHUn, bi urte lanean aritu ondoren.
Ipar Amerikako herrialdean egindako egonaldiaren eragina nabarmena da erakusten ari den lanetako hiruetan. “Asko nabaritzen da Mexikoko estiloa dutela. Konturatu gabe atera zaidan zerbait da”, esan du.
Monarkiaren gaia jorratu du
Triángulo Real lanean, sare sozialak
La Red-en eta indarkeria
Mientras tanto izenekoan. Gainontzeko lanak Euskal Herrian egindakoak dira.
Batetik bestera, estetikoki, aldea sumatzen da. Izan ere, Mexikotik bueltan, “
bajoia” sentitu zuen. “Hemen egindakoak ezberdinak dira, sentsibleagoak”, zehaztu du. Horietako batean haur bat panpinek inguratuta agertzen da, burua erdi estalita duela: “Gizarteak diskriminatuei buruzkoa da: ‘hau lortu behar duzu’ eta abar esango dizute. Ezingo duzu, hainbat egoerengatik”. Marrazkikoa Chiapasko neska bat da. “Bere ama kale saltzailea zen, eta bera ondoan zegoen. Argazkia atera nion, eta oinarri bezala erabili nuen. Haurraren ondoan beste haur gehiago zeuden, jostailu askorekin. Nik panpinak marraztu ditut, haurra inguratuz, ezintasun hori irudikatzeko”.
Zortzi ordutik gora
Ikusgai dagoen koadroetatik atentzio gehien ematen duena Kultur Aretoan sartu eta eskuinean dagoena da. 1,9 metro zabal eta 1,5 luze neurtzen du, eta proiektuari izena ematen dion lan horrek. Zazpi hilabete pasatu zituen bukatzeko —2015eko abuztuaren 23an bukatu zuen, koadroan ikus daitekeenez—. Zortzi eta hamabi orduren artean sartu zituen ia egunero.
Horrentzako bakarrik egin zituen bozetoak: “Bozetoak egin nituen, eta ordenagailuarekin hainbat fotomuntaketa prestatu nituen. Gero gauza batzuk aldatu nituen”.
Gainontzeko lanentzako ez zuen bozetorik egin. “Momentuan sentitzen nuena islatzen nuen. Eta, behin hasita, sentsazioak aldatuz gero, bukatu egin behar nuen bai ala bai”, aitortu du Aranburuk. Hilabete bat eta biren artean, gutxi gora behera, pasatu ditu irudiak osatzeko.
Erreferentziei dagokienez, John Heartfield alemaniarra da horietako bat. Fotomuntaketak egiten zituen. “Dadaismo mugimendukoa zen, eta artea dena jokoa zela esaten zuten. Nazien kartelak hartzen zituen, eta moldatu egiten zituen beraien kontra egiteko”, azaldu du.
Beste tendentzia edo mugimenduengandik ere edan du, hala nola, surrealismo eta hiperrealismotik. Mexikoko Manuel Solis eta Mk Kabrito artistak ere aipatu ditu, baita ere Bic-arekin aritzen den Juan Francisco Casas espainiarra ere.
Lanez gain, bozetoak, apunteak eta bestelakoak aurki daitezke. Eta, nola ez,
El pan de cada día proiektua osatzen duten artelan guztiak egiteko erabilitako 23 boligrafoak. Kalkulatzen denez, boligrafo bakoitzak 3,2 kilometro idatz ditzake marra zuzenean. Beraz, 73,6 kilometro metro koadro gutxi batzuetan kondentsatuta daude. Baina onena, bertara joan eta gozatzea da.