Lezo eta Donibane arteko bidegorriaren proiektuari eta Altamirako biribilguneko pasabideari eutsiko diotela baieztatu eta diputazioaren konpromisoa eskertu du.
Jose Angel Sanchez (PSE-EE)
Europako DUSI diru laguntzak galdu izanagatik kexu agertu da Lezoko PSE-EEren zinegotzi Jose Angel Sanchez. Oarsoaldearen proiektuak diru laguntza merezi zuela iritzi dio zinegotzi sozialistak, eta bide batez, Espainiako Ogasunak egin duen laguntzen banaketa deitoratu du, 20.000 biztanletik beherako udalerriak deialditik kanpo utzi dituelako.
Ezusteko honen aurrean diputazioak biziberritzearekin agertu duen konpromisoa eskertu du Sanchezek, “Lezoko eta Donibane arteko bidegorriaren proiektuari zein Altamirako biribilguneko pasabidearen egitasmoari” eutsiko diotela baietsita.
Irisgarritasun Bertikalaren Plana
PSE-EEren iritziz, edonola ere, guztiak ez dira albiste txarrak. Lezoko Irisgarritasun Bertikalaren Plana onartu delako poza agertu du Sanchezek. Zinegotzi sozialistaren ustez, aipatu planak Altamira auzoak pairatzen duen irisgarritasun arazoari irtenbidea emango dio. Azkenik, udaleko Hirigintza departamentuak bilera dei dezala eskatu du, “Altamirako bizilagunei proiektuaren nondik norakoak azaltzeko”.