Zaporeak elkartearekin Grezian aritu da lanean Mikel Arotzena, Chiosen, errefuxiatuei laguntzen. Handik bueltan elkartasuna eten ez dadin lanean buru belarri jarraitzen du, orain Errenteriatik
Zaporeak elkartearekin boluntario lanak egin ditu Arozenak, Greziako Chios irlan dauden errefuxiatuei laguntzeko.
Grezian egon zara, Chiosen, Zaporeak elkartearekin lanean. Nolako esperientzia izan da?
Ni ekainean egon nintzen han, eta ez zitzaidan lanerako oso garai polita egokitu. Ramadan garaia zen, eta denak musulmanak ez diren arren, egon badira. Horregatik musulmanen ohituretara egokitu ginen eta afaria ematen genien. Egun guztian ez jatea zaila da, gainera, faxisten manifestazio bat tokatu zitzaigun eta gure ohiko bidea aldatu beharra. Tokatu zitzaigun kanpalekua su hartzea… inprobisatu beharra dago momentu oro.
Irla bat da Chios, eta erosketak egiteko merkatua oso eskasa da, generoa lortzeko zailtasun handiak daude…
Ezagutzen ez duenarentzat. Zer da Zaporeak? Zer lan egiten du eta zein helbururekin?
Ni elkartearekin harremanetan jarri nintzenean, Greziako arazoan lanean zebiltzan, errefuxiatuekin. Beraien hasierako asmoa Gobernuz Kanpoko Elkarteetako langileei jaten ematea zen, baina Greziara iritsi eta beste behar bat ikusi zuten. Horrela, hotzikaraz iristen ziren errefuxiatu guztiei zerbait beroa eskaintzean hasi ziren. Garai hartan jende asko iristen ari zen Chios irlara, egunero, eta askotan bustita. Hortik sortu zen sukalde bat eta egitura bat antolatzeko beharra.
Martxoa aldera, Turkiarekin adostu egiten da muga ixtea eta Chios pasabide bat izateari uzten dio, asentamentu bat izateko. Mugak itxita jendea salda batekin ezin da mantendu. Orduan hasi ziren menuak ematen.
Sei hilabeterako proiektua egin zuten hasieran, ikusten delako estatuak ez daudela antolatuak, eta ez dutela behar den arintasuna tamainako bolumena duen arazoari erantzuteko.
Sei hilabete pasatu dira jada.
Lehenbiziko sei hilabete horiek pasatu ziren, eta beharra oraindik ere bazela ikusi zuten. Jendea argaltzen, errazioak hobetu beharra… eta horretarako diru beharra.
Greziako gobernuak konpromisoa hartu du urtarriletik aurrera Zaporeak egiten ari den lana bere gain hartzeko. Ikusteko dago gaitasuna izango duen edo ez. Hasiera batean, lekukoa irailean hartu behar zuten, baina hori ere ez da bete, beraz…
«Nahiz eta muga asko itxi, errefuxiatuek etortzeko bidea topatuko dute»
«Zenbat eta gu aurrelana hobeto eta gehiago egin errezago biziko gara gero ere»
Proiektuari jendeak hemendik emandako diruarekin eusten zaio gehien bat, eta horregatik da garrantzitsua erantzutea eta antolatzen diren jardueratan parte hartzea.
Kanpalekuan zein zen, zehazki, zure egitekoa?
Nire lana izen zen biltegia kudeatzea. Janaria prestatu, plateretan jarri eta zerbitzatu denon artean egiten genuen. Goizetik hasita egun osoa ematen duzu lanean. Lehenbizi sukaldariei lagundu produktuekin; mozten, zuritzen… ondoren denon artean plateretan jarri eta gero talde bat geratzen zen garbitzen eta beste bat banatzera joaten zen.
Banaketa familiaz-famili egiten da, eta hori da, niretzako, emozionalki zailena. Oso berezia da, ez duzulako pentsatzen nori laguntzen diozun. Bere muturreko egoerari erantzuten diozu, eta hori baino ez duzu pentsatzen.
Zu nolatan hasi zinen kolaboratzen Zaporeak elkartearekin?
Ni lagun talde batekin elkartzen naiz astero Txintxarri elkartean, trukean jolastera, eta beti hitz egiten dugu halako gai sozial eta politikoez. Intxaurrondoko elkarte bateko kideek aurrera eramaten zuten proiektuaren berri izen genuenean, guk ere, elkarte bateko kide gisa, gure burua hor islatuta ikusi genuen. Elkartea, sukaldea… lotura hori. Gure taldeko kide baten bidez beraiekin harremanetan jarri ginen, eta hortik aurrera elkarlana.
Han ikusi eta bizi izan duzunaren arabera, zure ustez, errefuxiatuen gaian zeintzuk dira lehentasunak?
Jendeak kontzientziatu behar du hango egoerarekin. Problematika urrun geratzen zaigu, baina hor dago. Horregatik, egin dezakegun lanik onena sentsibilizazio lana da, bozgorailuarena egin, eta hori da orain egiten ari garena. Gaiak gaurkotasuna galdu du, baina, errefuxiatuak egunero iristen dira. Asteazkenean bertan [lehengo astekoa] Chiosera beste 100 iritsi ziren. Horregatik, jendeari gaia gogorarazi, eta hitz egiteko aitzakia jarri nahi izan diogu hitzaldia eta bazkaria antolatuta.
Hauteskundeak pasatu berri dira eta inork ez du gaiaz hitz egiten, programetan ez da gaia aipatzen, baina Europan, gatazka edo krisi hau handia da. Mugak itxi dituzte herrialde askok, eta pertsonen zirkulazio askea deritzan hori, oraintxe bertan ezbaian dago.
Chiosera itzuliko zara?
Abenduan berriz ere joateko izena eman dut, baina joango naizen edo ez, beharren araberakoa izango da, egoera oso aldakorra delako.
Errenteria-Oreretan errefuxiatuen aldeko mugimendua gorpuzten ari da pixkanaka. Nola baloratzen duzu mugimendu honen bilakaera?
Nahiz eta muga asko itxi, errefuxiatuek etortzeko bidea topatuko dute, oso gaizki daudelako. Gurekin bizitzera etortzekoak dira. Zenbat eta gu aurrelana hobeto eta gehiago egin, errazago biziko gara gero ere, beraiei ulertzen, beraiek gu ulertzen, gorrotorik gabeko integrazio batean, ghettorik gabe… hori beharrezkoa izango da oso urte gutxitan.
Hitzaldia eta paella jatea, Zaporeak elkartearen alde
Zaporeak elkartearentzat astebeteko menua osatzeko adina diru biltzeko asmoz hitzaldia eta herri bazkaria antolatu ditu Errenteria-Oreretako errefuxiatuen aldeko mugimenduak.
Datorren ostegunean, hilak 13, Reina Aretoan, hitzaldia izango da, 19:30ean. Zaporeak elkarteko kideak izango dira solasaldian, beren proiektuaren nondik norakoak azaltzeko eta errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri emateko. Hitzaldia bideoarekin lagunduko dute. Horrez gain, eta Zaporeak elkartekoei sarrera emateko, Mikelazulo elkarteak udan Lanpedusara antolatutako espedizioko hainbat kidek hartuko dute hitza.
Azkenik, larunbatean, hilak 15, herri bazkaria izango da Koldo Mitxelena plazan. Paella jate solidarioa izango da. Helduen txartelak 20 euro balio du eta 10 euro haurrenak. Ondoko tokietan eros daitezke bazkarirako txartelak: Eder Gozotegia, Amatxi Kafetegi eta Sindikato, Reina eta Xera tabernetan.
Bazkarira joaterik ez, baina ekarpena egin nahi dutenentzat bi aukera: aurrez aipatutako tokitan O Ilararako txartela erostea, edota ondorengo kontu korronte zenbakian dirua ingresatu: 2095 5064 80 9116347453.