Astelehen arratseko Gau Beltza ekitaldiaren arrakasta ikusita, aurrerantzean jaiarekin jarraitzeko asmoa agertu dute antolatzaileek.
Herriko Plazan, Gau Beltza bitartean.
Ohitura zaharrak berreskuratu, eta “haurrei gaur egun duten aisia eredu arrotz eta kontsumistari alternatiba berri bat” eskaini asmoz, Domu Santu Egunaren bezperan Gau Beltza egin zuten San Pedron. San Pedroko Jai Batzordeak, Proisa Kulturgunearen eskutik eta Patata Tropikala Antzerki Laborategiaren laguntzarekin antolatu zuten ekitaldia.
Lehenik eta behin mozorroak, soinu tresnak eta Eguzkilore tailerra egin zuten pilotalekuan. Ondoren, eguzkiloreak zintzilikatuz eta zarata eginez arima ilunak uxatu zituzten herritik, jarraian, suaren inguruan, gaztain erreak jateko denek elkarrekin plazan. Emanaldia ere izan zen bertan.
Haurrak bakarrik ez. Gazteak eta helduak ere bildu ziren goxo-goxo suaren ondora. Gustura ibili ziren denak. Horregatik, astelehen arratsean lehen aldiz egin zuten ekitaldiarekin jarraitzeko asmoa azaldu dute antolatzaileek.