Albaolako ontziek iragarritako ordurako ekarri dute badia erdira bozka eta hautetsontzia. Han, eskualdeko bost traineruak zituzten zain, arraunak, gora, Gure Esku Dago-ren eskua irudikatuz, eta orduan atertu du, bozka San Pedro aldera iristearekin bat.
San Pedroko ontziralekutik eskuz esku eta etenik gabe egin du bidea bozkak, eskualdeko aurpegi ezagunek lekukoa hartuta. Jendetza izan da bide osoan, Trintxerpen hasi, Eskalerillas, Buenavista, Antxo, Kaputxinoak, eta Alaberga auzotik Errenteriako Gamon Zumardirako bidea hartzeraino. Bidean, herritarrek aldarrika eta kantari hartu dute bozkaren lekukotza. Ia azkeneraino eutsi dio ateri, azken metrotan euria gogotik egin badu ere.