Bi hitzaldi eta tailer bat antolatu ditu SOS Arrazakeriak lan eta sexu esplotazioaz hausnartzeko.
Gerar Carrere eta Tina Diaz Sos Arrazakeriako kideak.
Lan eta sexu esplotaziorako salerosketaren gainean hausnartu eta eztabaidatzeko jardunaldiak antolatu ditu SOS?Arrazakeriak. Elkarteak udalarekin elkarlanean duen sentsibilizazio programaren barruan antolatu ditu, eta helburua, “kontzientziak astintzea” eta “sentsibilizatzea” dela esan dute Gerar Carrere eta Tina Diazek: “Pentsatzen duguna baino ohikoagoa den errealitatea zabaldu nahi dugu”.
Horren harira, bi hitzaldi antolatu dituzte. Hilaren 16an egingo dute lehena, eta sexu esplotaziorako salerosketaz mintzatuko da Amaia de las Heras. Arratsa elkarteko sexu langileak laguntzeko Aukera programako langilea da de las Heras. Datorren ostiralean (hilak 18) izango da bigarren hitzaldia. Lan esplotaziorako salerosketaz mintzatuko da Tania Garcia Sedano Comillaseko Unibertsitateko irakaslea. Bi hitzaldiak Xenpelar Etxean izango dira 19:00etan.
Hilaren 19an, berriz, salerosketari buruzko eztabaida eta hausnarketa egiteko tailerra egingo dute 10:00etatik 13:30era, eta aurreko bi hizlariekin batera, ESK sindikatuko Isabel Castro, Garazi Lopez Etxezarreta Berdintasun zinegotzia, eta Maria Angeles Fernandez Pikara magazineko kazetariak hartuko dute parte.
Esplotaziorako pertsonen salerosketa atzematen oso zaila dela esan dute biek, “izkutuko jarduna izan ohi da, legediak ez du definitzen argi salerosketa zer den eta esplotazioa eta salerosketaren arteko muga ez delako batere argia”. Gakoa, atzematea dela nabarmendu dute, “egoera hori uste duguna baina gehiago ematen delako”. Etxeko langileek, abeltzaintzan ari direnek, eta hostalaritzan lan egiten dutenek pairatzen dituztela halako egoerak gaineratu dute: “Kanpotik etorritako pertsonak izaten dira eta kasu skotan dokumentazioa kendu egiten diete eta mehatsuak jasaten dituzte”.