Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, hainbat ekintza antolatu dituzte Lezon.
Planes para mañana filma aukeratu du Gaxuxak zine forumerako.
Azaroaren 25ari begira, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, hainbat ekintza antolatu dituzte Lezon, zine foruma, autodefentsa feminista ikastaroa,
selfie kanpaina, eta antzerkia hain zuzen ere. Horietako bi ekintza Gaxuxa Emakume elkarteak antolatu ditu udalaren laguntzarekin. Hilaren 18an, ostirala,
Planes para mañana zine foruma antolatu du Gezala auditorioan 18:00etan hasita. Loredi Salegik gidatuko du eta doakoa izango da. Emanaldiaren hasieran gainera, Osakidetzak eta Osasun Sailak Lezoko hainbat herritarrekin joan den otsailean grabatutako sentsibilizaziorako bideoa emango dute.
Hilaren 26rako ( Larunbata), berriz, antzerkia antolatu du Gaxuxak. Emakume Ausartak antzerki taldeak,
Las hijas de Eva lana taularatuko du, Gezalan azken hori ere 19:00etan. Sarrerak egun berean eskuratu ahalko dira.
Autodefentsa feministan sakontzeko ikastaroa antolatu du, bestalde, egun berean (hilaren 26an) udalak. Goizetik eguerdira bitartean egingo du ikastaroa, 09:00etatik 14:00etara. Doakoa izango da, baina interesdunek gizarte zerbitzuetan eman beharko dute izena.
Puntu lila erraldoia
Lezo Institutuko gazteek ere bat egin dute egunarekin eta ekintzak antolatu dituzte. Puntu lila erraldoia sortuko dute, mural gisa Bekoerrota Kiroldegian: “Lezo indarkeria matxistarik gabeko gunearen filosofia zabaltzeko asmoz egingo dute”. Mural hori erabilita, gainera,
selfie bidezko kanpaina abiatuko dute kiroldegian. Mezua, sare sozialetan partekatuko diren argazkien bidez zabaltzea da gazteen proposamena, eta horretarako, #Az25Lezon traola baliatzeko eskatu dute.
Beldur Barik programa lantzen ari dira bestalde ikastetxeetan urrutik hona, eta horren ondotik, Kuadrillategin parte hartzen duten Lezoko hainbat gaztek programaren barruan martxan jarritako bideo lehiaketan parte hartuko dute. Lezoko gazteek, mikromatxismoak irudikatu nahi izan dituzte lehiaketara aurkeztutako lanarekin.
Plenoak ere landuko du Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna, eta horretarako, hilaren 24ko osoko bilkurak adierazpen instituzionala aztertuko du.