Lezoko Gobernu Taldeak 2017rako aurrekontu proiektua aurkeztu du, eta tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, eta inbertsioen atalean azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzea izango direla lehentasun nagusiak nabarmendu du.
Lezoko gobernu taldeak 2017rako aurrekontu proiektua aurkeztu du: tokiko ekonomia eta enplegua sustatzea, eta inbertsioen atalean azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzea izango direla lehentasun nagusiak nabarmendu du. 8.400.000 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urtean, iaz baino %5 gehiago, eta horietatik 785.000 euro inbertsioetarako bideratuko ditu proposamenaren arabera.
Gizarte zerbitzu, programa eta laguntzetara bideratutako diru zatia mantenduko du gobernu taldeak, “beharrezkoa balitz, horiek handitzeko konpromisoarekin”, azaldu dute, eta tokiko ekonomia eta enplegua sustatzeko helburuarekin merkataritza kanpainetara, enplegu planera edota enpresa garapenera bideratutako diru zatia handitzea proposatu du.
Inbertsioei dagokienean, herriko irisgarritasuna, horizontala zein bertikala eta azpiegiturak hobetu nahi ditu. Horretarako arkitektura oztopoak kentzea eta oinezkoen ibilbideak hobetzea proposatu du. Bekoerrota kiroldegitik Altzate igerilekuetara joateko bidea erraztu nahi du, eta horren harira, oinezkoentzat pasabidea eraikiko du Altamirako tuneletik pasatu behar ez izateko. Zebra bideak erliebean nabarmentzea ere aurreikusi du proposamenean, eta Lezotik Donibanerako bidegorria egitea ere bildu du.
Igogailu publikoak
Irisgarritasun bertikalari dagokionez, berriz, bost igogailu publiko egitea aurreikusi du. Kiroldegiaren ondoan egin nahi du lehenengoa eta Altamirara eta igerilekuetara joango den oinezkoentzako bide berriarekin lotzeko beste pasabide bat eraikiko da. Altamira auzoan kokatu nahi du bigarren igogailua, Altzate igerilekuetako aparkalekuko sarreratik Altamira goiko guneraino. Ijurkon beste igogailu bat jartzea proposatu du, “bizilagunei etxebizitzetarako sarbidea errazteko”. Azken biak Lezo Institutuan eta musika eskolan aurreikusi ditu.
Aurreko guztiekin batera, argiztapen publikoa hobetzea, ur eta saneamendua hobetzea, kiroldegiko fatxada eta barrualdea konpontzea, musika eskolako fatxadan eta sarbideetan hobekuntzak egitea, eta azkenik, Lezo Herri Eskolan hobekuntzak egitea proposatu du gobernu taldeak. Azken kasu horretan, fatxada eta sabai-leihoa berritzeko lanak burutuko ditu, batetik, eta jolastokian estalpea eraikiko du, bestetik, “eguraldi txarra egiten duenean haurrek non jolastu izan dezaten”. Horretaz gain, ikastetxearen eraikinak eta jolastokia isolatzeko ateak jarriko dituzte, eskola orduz kanpo herritarrek eta kultur zein kirol taldeek instalazioak erabiltzeko aukera izan dezaten.
Proposamena oposizioari helarazita, jasotako proposamenak aztertzen ari dela esan du gobernu taldeak, “aurrekontu proiektuan txertatzeko. izan ere, oposizioaren ekarpenekin aurrekontu proiektua osatu eta hobetzea da gure helburua”.