‘Timecode’ izan da, Ikuskaren arabera, filmik onena
Larunbatean bukatu zen
XVIII. Ikuska, sari banaketarekin.
Timecode (Juanjo Gimenez
) filmak irabazi du Film Labur Onenari Saria, eta epaimahaiaren sari berezia, berriz,
El adios (Clara Roquet) lanarentzat izan da, biak Bartzelonan ekoitzitakoak.
Zuzendari Onenari Saria, aldiz, Crhistina Kabisch eta Stefan Plepp zuzendari alemaniarrentzat izan da,
Va Benque filmarengatik, eta, ikusleen saria, bestalde,
17 años juntos (Javier Fesser) film madrildarrarentzat.
Euskaltegietako ikasleek hala erabakita, azkenik, Mintzagun Saria Kepa Sojoren
Hileta lanarentzat izan da aurten.
Aurtengo epaimahaian ondokoek parte hartu dute: Euskal Filmotekako kide Nere Pagola, Pablo Malo eta Jose Mari Goenaga zine zuzendariak, eta Kike Santiago Ikuskako zuzendarikidea.
Sari banaketa
Larunbateko
sari banaketan, Ikuskak saritutako bost lanetatik hiruk ordezkaritza izan zuten, eta beste biek, ikus-entzunezko mezuek bidez eskertu zuten saria.
Kepa Sojok kultura zinegotzi Miriam Canoren eskutik jaso zuen
Hileta lanagatik Mintzagun Saria, baita Khristine Kabischek ere,
Va Benque lanaren zuzendaria, Alemaniatik propio sari bila etorrita. Lan Onenaren Saria Izaskun Gomez alkateak eman zion
Timecode filmaren produktore Daniel Villanuevari.
Erakusleiho lehiaketa
Film laburren erakustaldiarekin batera, urtero erakusleiho lehiaketa izaten da Pasaian, eta aurten sariak, Trintxerpeko Villanueva liburu-dendarentzat eta Antxoko Elosegi saneamendu dendarentzat izan dira. Establezimenduetako arduradunek larunbatean jaso zuten saria, Laurak Bat ostalari eta merkatari elkartearen eskutik.
Lehiaketaren antolatzaile Trintxer Kultural elkarteak jakinarazi duenez, aurten 500 lagun inguru pasatu dira Ikuskak antolatutako 10 zine emanaldietatik. Horrez gain, Mintzagun Saria hautatzeko emanaldian 200 ikusle bildu zirela goraipatu dute Ikuskako antolatzaileek.
Aurtengo sari banaketak Luisma Laboa kazetariak gidatu du, zuzeneko musikaren laguntzarekin.