Oarsoarrak saria abenduaren 2an jasoko du Ibargurenek, Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxean 19:00etan egingo den ekitaldi irekian.
Karlos Ibarguren.
Oarsoarrak Euskararen Sariak badu jabea: Karlos Ibarguren sendagile eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen lehendakaria. Oarsoaldeko euskalgintzako ordezkariek osatutako epaimahaiak erabaki du Ibargurenek egindako lana aitortzea, osasungoa eta medikuntza alorra euskalduntzeko egin duen lanagatik.
2016ko Oarsoarrak Euskararen Saria abenduaren 2an jasoko du Ibargurenek. Izan ere, 19:00etan hasita, ekitaldi irekia egingo da saria emateko. Baina ekitaldi horretan sari-ematea baino askoz ere gauza gehiago egongo direla iragarri dute antolatzaileek. Errenteria-Oreretako Xenpelar Etxeak jasoko du urtero Euskararen Egunaren inguruan antolatzen den ekitaldia.
2010z geroztik Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak ematen du Oarsoarrak Euskararen Saria. Epaimahaiko kideak honako eragileak dira: Oarsoaldekolau udalak, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea (Errenteria-Orereta), Prest! euskara taldea (Donibane), Oarsoaldeko AEK euskaltegiak, Oarso Bidasoko Hitza, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea (Oiartzun) eta Errenteriako Udal Euskaltegia.
Soslaia
Karlos Ibarguren Olalde errenteriarra da sortzez baina Oiartzunen bizi da aspaldion. Emergentziak Osakidetzako medikua da, medikuntza intentsiboan espezialista eta medikuntzan doktore.
Euskaraz egindako tesi onenaren Koldo Mitxelena saria eskuratu zuen, eta Felix Zubiarekin batera
Elektrokardiografia klinikoa liburuaren egilea da. Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) sortzaileetakoa izateaz gain, egun, haren lehendakaria da. OEE osasun alorreko ikasketetan erabiltzeko euskarazko materialen sorkuntzan aritzen da, halaber, Osakidetzak herritarrei zerbitzua euskaraz eman diezaien iniziatiba ugari bultzatu ditu azken urteetan. Udako Euskal Unibertsitateko bazkide eta Gipuzkoako eta Euskal Herriko bertsolari txapelketetako epaile ere bada.