Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Orereta Ikastolak, Biriatu, Hendaia eta Ziburuko ikastolekin elkarlanean antolatutako ekintzen berri eman du.
Azkune, Aranburu, Morianes, Irasuegi eta Lete.
Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Orereta Ikastolak, Biriatu, Hendaia eta Ziburuko ikastolekin elkarlanean antolatutako ekintzen berri eman zuten atzo Orereta Ikastolako guraso den Mikel Azkunek, Xanti Morianes lehendakariak, eta Ainara Aranburu, Alaitz Lete eta Ainara Irasuegi irakasleek. Ikastolen munduarentzat eta euskaldunentzat urteko egunik garrantzitsuenetako bat dela abenduaren 3a esan zuen Aranburuk, “ez da kasualitatea beraz, egun hori, elkarrekin ospatzeko aukeratu izana”.
Antolatutako ekintzek bi helburu dituztela esan zuen atzo egindako agerraldian Morianesek: “Batetik elkartasuna adierazi nahi diegu beste hiru ikastolei. Hitzarmena dugu sinatua beraiekin eta larunbatean, madalenetan jartzen dugun txosnan bildutako dirua, 6.000 euro guztira, lau ikastolen artean banatuko dugu”. Hori posible egiteko Errenteria-Oreretako jaietan 100 boluntario aritu zirela lanean esan zuen lehendakariak. Bigarren helburua, euskara plazara atera eta harekiko konpromisoa herrian zabaltzea dela gaineratu zuen.
Euskal Herrian zubiak eraikitzen hasiak direla baina Europara begira ere jarri dela Orereta ikastola azaldu zuen, bestalde, Aranburuk. Horren harira, larunbatean antolatu dituen ekintzen barruan Belfastekin zuzeneko konexioa egingo dute ikastolakoek: “Irlandako gaeliko eskolekin nahiko genuke zubia eraiki eta lehenengo urratsa egingo dugu Belfasten dugun ikasle ohi baten bidez, Irati Oleagaren bidez. Bertan da lanean”. Une honetan gaelikoarekin zerikusia duten hainbat ekintza egiten ari direla Belfasten gaineratu zuen Aranburuk, “larunbat honetan ospatuko dute Gaelikoaren Eguna. Euskararen Eguna eta Gaelikoaren Eguna zubia izango dugu beraz”. Interesgarria eta aberasgarria izango den zalantzarik ez duela esan zuen Aranburuk eta zubi horiek sendotzen joateko asmoa azaldu zuen etorkizunean.
Zubiak Eraikiz, larunbateko egitaraua (abenduak 3)
- 12:00etan: udalak harrera egingo die Euskal Herriko euskalgintzako hainbat eragileri.
- 13:00etan: Zubiak Eraikiz ekitaldia Agirre Lehendakariaren plazan.
- 13:30ean: Belfastekin zuzeneko konexioa Agirre Lehendakariaren plazan.
- 17:00etan: Eguzkilore antzezlana Merkatuzarren, 2 eta 12 urte arteko haurrei begira.