Gizarte babesaren aldeko apustua mantendukodu gobernu taldeak, eta 2017ko aurrekontu proiektuan miloi bat euroko diru zatia aurreikusi du alor horretarako.
Collar, Mendoza eta Txasko gaurko agerraldian.
60 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du gaur Errenteriako Gobernu Taldeak 2017 urterako. Julen Mendoza alkateak, Jon Txasko Ogasun zinegotziak eta Ion Collar kultura zinegotziak aurkeztu dute proiektua. Horiek egiteko oinarriak bi izan direla esan du Mendozak, “plan estrategikoa batetik, eta auzo batzarrak bestetik”. Horrenbestez, datorren urterako aurrekontuak plan estrategikoan bildutako proiektu estrategikoei erantzungo die, eta baita ere auzoetan bildutako eskaerei, “azken horiek egunerokoan eragiten dutenak dira”. Auzo batzarren garrantzia nabarmendu du horren harira alkateak, “oso elementu garrantzitsua dira guretzako, bertan jasotzen direlako gure herriarentzat oso beharrezkoak diren elementu batzuk, eta guretzat, oso argigarriak dira diagnostiko bat egiteko aukera ematen digutelako”.
Enplegua sortzea, kulturaren aldeko apustua, energia, hondakinen bilketa eta auzoen garbiketa, HAZ Herritarren Arretarako Zerbitzua, eta irisgarritasuna dira aurrekontuak sustatuko dituen arloetako batzuk, eta Beraungo Liburutegiaren proiektua, Emakumeen Etxea eta Alabergako igogailua Mendozak nabarmendu dituenak. Azken horrek, suposatuko du datorren urteko inbertsiorik handiena, miloi bat euro zehazki, “irisgarritasuna oso garrantzitsua delako guretzako”. Datozen urteetan gainera, Errenteria-Oreretan beste bi igogailu egin nahi ditu gobernu taldeak, “bata Galtzarabordan eta bestea Beraunen. Agintaldia amaitu aurretik nahi ditugu martxan”.
Gizarte babesaren aldeko apustua
Gizarte babesa mantendu nahi duela udalak argi utzi du Mendozak agerraldian, eta gizarte larrialdiko laguntzetarako 1.066.000 euroko diru zatia aurreikusi dute. EH Bilduk Errenteriako alkatetza eskuratu zuenean 100.000 diru zatia zegoela arlo horretarako nabarmendu du alkateak, “orain miloi bat euroz ari gara hitz egiten. Horrek gizarte laguntzen aldeko gure konpromisoa erakusten du”.
Irisgarritasunaren atalean, eta Alabergako igogailuarekin batera, inbertsiorik handiena izango dena, Alabergako bidegorria zabaltzeko diru zatia aurreikusi dute: 153.000 euro.
Kultura sustatzea da gobernu taldearen eta plan estrategikoak biltzen duen beste ildoetako bat, eta horren harira, apustu egin du aurrekontu proiektuan. Besteak beste, Beraungo Kultura-Etxea egiteko 544.000 euroko diru zatia aurreikusi du; Atlantikaldiaren aldeko apustua mantenduko du; ikastetxeetan hobekuntzak egiteko 240.000 euro aurreikusi ditu; eta Fanderiako errotan errekaren interpretazio zentro bat egiteko 90.000 euro.
Onbide eremua berrurbanizatuko dute bestalde. Bertan eraikiko dute Emakumeen Etxea, eta irisgarritasuna zein orubearen baldintzak hobetu nahi ditu udalak. Gazteei begirako alokairu proiektua ere badu gobernu taldeak, eta horretarako, Urbia plazan duen etxebizitza blokea konpontzeko 200.000 euro zehaztu ditu aurrekontuan.
Iraunkortasuna da beste ildo garrantzitsua beraientzat, eta besteak beste, inbertsioak aurreikusten ditu aurrekontuak sare elektrikoa berritzeko, mendi eta erreketan biodibertsitatea lehengoratzeko, eta energia eraginkortasuna hobetzeko, besteak beste.
Udalak aurten izan dituen 51 milioi euroak baina 9 miloi gehiago izango ditu esku artean askotariko proiektuak sustatzeko udalerrian, eta krisiaren testuinguruak sarreren atala mugatzea ekarri duela nabarmendu du Mendozak. Iaz bezala, aurten ere zuhurtzia izan dute irizpidea, beraz: “Aldundiari 382.000 euro itzuli behar dizkiogu foru funtsetik diru bilketa jaitsi egin delako, eta urtean zehar larrialdiko beharrak erantzuteko 190.000 euroan handitu behar izan dute horretara bideratutako diru zatia. Sarrerak kalkulatzeko garaian, 2015eko likidazioa hartu dute oinarri eta sarrera aurreikuspen horri 200.000 euro kendu dizkio gobernu taldeak “zuhurtziagatik”, behin betiko datuak izan arte.
Oposizioko alderdiek esku artean dute aurrekontu proiektua Mendozaren esanetan, “akordioetara heltzea da gure helburua, adostasunera, baina ikusiko dugu zein proposamen egiten dituzten”. Proiektuari argi berdea, hilaren 20an emango dio udalbatzarrak.