Oarsoarrak Saria jasoko du Oiartzunen bizi den Karlos Ibarguren medikuak (Errenteria-Orereta, 1965). Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen presidente da.
Ibargurenek gaur jasoko du Oarsoarrak Saria.
Oarsoarrak Saria jasoko duzu gaur. Horrelako aitortza batek zer suposatzen du zuretzat?
Lehenengo, sorpresa. Euskararen gaiarekin lanean ari zarenean, ez zara hain kontziente horrelako sari bat etor litekeenik. Poz handia ematen du, eta indarra ematen dizu aurrera egiteko.
Arratsaldean izango da sari banaketa. Zerbait prestatu duzu?
Bai. Esan didate ez dudala oso luze jardun behar. Baten batek gainditu omen zuen marra… Nondik jo pentsatuta daukat.
Zein bokazio etorri zitzaizun lehenago, euskaltzaletasuna edo mediku izatearena?
Lehenengo gauza, uste dut, medikuntza. Hemezortzi urterekin hasi nintzen medikuntza ikasten, eta lehenagotik neukan oso argi mediku izan nahi nuela.
Garai haiek nahiko biziak izan ziren, eta baduzu euskararen kezka. Ikastolan ikasi dut, eta orduan beti euskaraz, familian beti euskaraz… Ez nintzen oso kontziente euskaltzale nintzenik. Baina gero, unibertsitatean, erdaraz ikasten hasi nintzen. Urte haietan ez zenuen kuestionatzen euskaraz ikas zitekeenik.
Hasieran Gasteizen ikasi nuen, eta ez zegoen mugimendu handirik. Ondoren, Donostiara etorri nintzen, Ikasle Abertzaleak martxan jarri zen garaian, eta orduan bai, sartu, delegatu, klaustrora joan, euskaraz hitz egiten hasi, ez zegoen itzultzailerik, lehenengo saltsak… Garai hartan, euskaraz idatzitako material gutxi zegoen, euskara ez zen medikuntzako hizkuntza bat. Hasi ginen gauzak itzultzen, liburuak ateratzen eta garai hartan ere sortu zen Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea [OEE, 1990ean]. Hasi nintzen saltsan sartzen, kontzientzia hartzen eta gaur egun arte.
2013an Koldo Mitxelena Saria jaso zenuen zure tesiagatik. Eboluzio bat horrek adierazten du: zerotik hasi eta tesia euskaraz aurkezteraino.
Dudarik gabe. Hasten zara medikuntza erdaraz ikasten, eta konturatzen zara gauza asko ez dakizkizula esaten, ez dira existitzen ere. Hala da. Medikuntzan euskaraz jarduten hasten zara, eta gainontzeko medikuek ere ez dakite nola esan gauzak. Termino medikuak erdarara pasatzen dituzu: ‘Daukat gaixo bat daukala un edema de pulmón’, edo ‘Gaixo bat daukat
con infarto de miocardio eta egin diot
un shock cardiogénico’… Ez da oso normala!
Tesiarekin, berdin. Ez nuen behar berezirik doktoretza egiteko, baina tesiak gutxi zeudela ikusita, egiteko hautua hartu nuen. Euskarazko tesi bat gehiago egoteko egin nuen. Egin dudan gaia [Helduen ospitalez kanpoko bihotz-biriketako geldialdien analisia] interesatzen zitzaidan, eta gainera ez zegoen askorik hemen inguruan.
Javier Agirre OEEko kidea eta Huheziko itzulpen lanetan ibiltzen denak asko lagundu ninduen euskarazko termino teknikoekin. Geldialdi arloan termino asko oso berriak ziren, eta sortu behar ziren. Eta Koldo Mitxelena Sariarekin… errematea!
Orain dela hiru urteko elkarrizketa batean, esan zenuen Osakidetzaren lehenengo Euskara Planak hutsuneak zituela. Orain, bigarrenaren ekuadorrean dago Osakidetza. Zuzendu al dira hutsune horiek?
Norbaitek pentsa dezake gure erkidegoan zortea dugula euskara plan bat edukitzeagatik. Nolabait ere, errealitatea da. Nafarroari begiratzen badiozu, hiru eremutan banatuta daude, eta ez daukate euskara planik. Eta hemen guk ditugun eskubideak han ez dauzkate. Eta Ipar Euskal Herrian euskara ez da ofiziala.
Egia da gaur egungo Osakidetza ez dela ni sartu nintzenekoa. Mende laurdenean gauzak aldatu dira. Lehenengo planean, ebaluazioak markatzen zituen hutsune oso nabarmenak. Bigarrenaren erdialdean, antzeko edo berdin jarraitzen dugu.
Zein kasutan?
Bigarren planak jasotzen zuen oso garrantzitsua den gauza bat: euskaraz lan egiteko eskubidea. Aitortzen zuen euskara ez dela asistentzia hizkuntza hutsa, lan egitekoa ere badela.
Garrantzitsua den arren, berdin jarraitzen dugu. Orain zuzendaritza lanetan nabil, eta zuzendaritzan badago jendea euskaraz ez dakiena, eta ezin dira bilerak euskaraz egin, edo dokumentuak euskara hutsean idatzi. Gaixoak ikustera joaten banaiz, historial klinikoan ezin dut euskaraz idatzi, atzetik datorren medikuak euskaraz ez badaki ez duelako ulertuko, eta arazo bat sor diezaioke gaixoari. Azkenean, euskaraz asistentzia emateko gai ez den erakunde batek, zailtasun ikaragarriak ditu.
Hori gehitu diezaiokegu plaza askotan ez dagoela mediku elebidunik. Gainera, hizkuntza eskakizuna duten askok ez dute gaitasunik, edo asko kostatzen zaie. Gauza bat da jakitea, eta bestea, erabilera.
Euskara plan honek, aurrekoak bezala, daukan hutsunerik potoloena da lidergo falta. Eredu izan behar duena, langileen gainean egongo dena, animatu behar duena, eta ez du egiten. Kasu batzuetan ez dira elebidunak, eta diren askotan, ez dute indarrik egiten eta ez dute etsenplurik ematen. Osakidetzan, momentu honetan, zuzendari nagusia eta pertsonal burua elebidunak dira, eta maila horretan dauden kargu asko ez dira. Oraindik jarraitzen dugu ikusten beraiek bidalitako eskutitz mordoa erdara hutsean. Badirudi mezu hau bidaltzen ari zarela: ‘Euskara Plana badago, baina paper hutsa da’.
Orduan, onartutako Euskara Plana ez da betetzen ari, eta onartutakoak ere hutsuneak ditu. Gu, plana ateratzera zihoanean, OEEkoak, Osasun Sailera joan ginen eta esan genien gure iritziz zer gauza gehiago izan beharko lituzke eta nola osatu beharko litzateke. Ez zituzten jaso, zulo ikaragarria dago, eta hala ere, onartutakoa ez da betetzen ari.
Ez dauka zentzurik pertsona elebakarrak bakarrik kontratatzen jarraitzea. Iturri hori itxi egin beharko da. Negoziatu dezakegu epea, baina ezin dugu pertsona elebakarrak sartzen utzi, gero euskalduntzeko eta abar. Ez dugu guk bakarrik esaten: ebaluazioa egin zutenek esaten zuten hau konpondu egin behar dela.
Zaila da ere, medikuntza ikasten dutenek ez dutelako dena euskaraz ikasten.
Arazo beraren beste alde bat da. Udara honetan, UEMAk salatu du udalerri askotara mediku elebakarrak joaten direla ordezkapenak egitera. Esaten dute ez daudela pediatra euskaldunak, edo mediku elebidunak. Badakigu, hori horrela da. 30 urte daramagu horrela. Agian ez da zuen ardura, baina azkeneko lau urte hauetan zer egin duzue?
Unibertsitatea berdin dago. Gaur egun dauzkagu ikasle pila bat, unibertsitatera sartzeko notarik ez dutenak, eta kanpoan ikasten ari dira. Ez da logikoa.
Badago jendea euskaraz ikasi nahi duena, eta modu bakarra EHUn egitea da. Unibertsitatea sartu zen, bere garaian, barruti bakarrean. Andaluziarrari, berdin kontatzen dio notak han edo hemen. Salamancako Unibertsitateak udara honetan ohar bat atera du esanez extremadurarrekin nazkatuta daudela, extremadurarrez beteta dagoelako eta Salamancakoek bertakoek ezin dutelako bertan ikasi. Extremadurakoek, Andaluziakoek eta Kanarietakoek nota altuagoak dituzte, eta fakultateak kopatzen dituzte, tokia kenduz eta euskaraz ikasteko aukera kenduz. Ez dugu guk esaten, beraiek esaten dute.
Tranpa da hori. Unibertsitateak bere arau bat aldatu zuen, eta kanpoan ikasten daudenei bigarren urtean bueltatzeko trabak jartzen dizkie. Eta gainera, euskal adarraren aukera dutenek, ezin dituzte ikasgai guztiak euskaraz egin. Eta horrela 30 urte daramatzagu. Horrela jarraitzen badugu, sekula ez da mediku euskaldunik egongo, ez da pediatra euskaldunik egongo.
Horrekin guztiarekin, bigarren Euskara Planean gaude. Nire ustez, gehiago aldatu da Osakidetza gizartea aldatu delako, euskal hiztun gehiagorekin, eta euskara planek eragin nahiko mugatua izan dute.
Batzuek mediku euskalduna versus mediku profesionala kontrajartzen dute. Horrek mintzen du?
Bai. Denok uler dezakegu osasun publikoko langile batek bere lan egiteko eskubidea eta beste argudio batzuk jar ditzakeela mahai gainean. Zuk profesional on bat daukazu, elebakarra, eta beste bat elebiduna, baina elebidunak aukera gehiago ematen dizkizu elebakarrak baino. Eztabaida hori gainditua dagoela uste dut, eta denek —Osakidetzak barne— onartzen dute asistentzian kalitate eta segurtasun klinikoan arazoak sortzen dituena elebakarra dela.
Norbaitek euskaraz zerbait idazten badu, segurtasun klinikoan ez du eraginik izango. Baina mediku elebakar batek arriskua du alde horretatik, esaten diotena edo beste mediku batek idatzi duena ez ulertzeko. Hori gaindituta dago. Elebidun izateak, kalitatea, segurtasun medikua eta beste balio batzuek eransten dizkio. Ikusi behar dena da elebakar horiena nola konpondu behar dugun, zein epetan, zein inbertsiorekin eta abar.
Osakidetzan urte pila bat daraman pertsona bati ezin diozu esan ‘Aizu, elebakar zara eta ez duzu lanik egingo’. Hori ulertzen dugu, eta konpontzeko medioak jarri behar dira. Gaixoak nahi duen hizkuntzan jaso behar du arreta; ez du ezeren errurik.
OEEko presidentea zara, eta euskararekin lotutako gauzak klabe positiboan egiten dituzue: hitzaldiak, materiala atera…
Batzuetan tentazioak eramaten zaitu salaketara, eta gaizki dauden gauzak azaltzera. Gaizki dauden gauzak salatzen jarraituko dugu, baina aldi berean, prest gaude euskararen aldeko edozein gauzetan elkarrekin joateko. Normalean ez dugu erantzun positiborik jasotzen, baina jaso dugunean, eskua luzatzen dugu.
Eta ez duena balio da esatea hau eta bestea euskaraz egin behar dela, eta gero ezer ere ez egitea. Horregatik ateratzen dugu materiala, saria, trebatzen gara… Gaur egun, unibertsitatetik euskaraz ikasita ateratzen diren askorekin medikuntzari buruz hitz egitean, konturatzen naiz errazago aritzen naizela ni. Hori prozesu bat izan da, saiakera bat: trebatu, idatzi… Hori egin behar da. Trebatzea lantzen dugu urtero egiten ditugun biltzarretan, ateratzen dugun materialarekin… Saiatzen gara horretan, bestela norbaitek aurpegira diezaguke medikuntzan ezin dela euskaraz aritu.
Agote Saria ere ematen duzue bi urtean behin.
Unibertsitaterako izan daitekeen materialaren sorrera saritzen saiatzen gara. Tranpa bat daukate: saria eman bai, baina lana egin behar duzu [kar-kar]. Horretarako LKS eta Mondragon Healthek finantzatzen dute saria.
Ostiralean [gaur] Euskararen Eguna ospatuko duzue OEEn, osasungintzarekin lotutako gaiak jorratuz. Euskarak horrelako jarduerak behar ditu prestigioa lortzeko? Alegia, ‘folklorismotik’ at gauzak egin daitezkeela erakutsi behar du?
Errepikatzen dugunean euskarak 365 egun dituela, zalantzak sortzen dizkizu ea folklorismoan erortzen den egun hori eta abar. Beste alde batetik, badu hausnarketa puntu bat. Elebakar zein elebidunei markatzen die egun horrek, zerbait gehiago egiteko. Zerbait bultzatzen du. Argi dago horrekin bakarrik ez dela egiten, baina zoritxarrez egiten jarraitu beharko dugu.
Euskaltzale izateaz gain, bertsozale ere bazara. Bertsoran eta epaile lanetan aritzen zara…
Oso bertsozalea naiz! Plaza gutxitan aritu naiz. Esfortzu bat suposatzen du eta lantzen ez duzunean, galdu egiten duzu gaitasuna. Badut sentsazioa, orain dela urte batzuk hobeto kantatzen nuela… Plaza puntual batzuk baditut urtean. Adibidez, OEEk antolatzen du, urtero, beste bertsolari sanitario batzuekin, bertso saio kliniko bat. Gaixotasun bat, gorputzaren atal bat edo dena delakoa aukeratzen dugu, eta entzuleek asmatu behar dute zeri buruz ari garen. Eta asmatzen dutenek aurrera egiten dute. Unibertsitateko ikasle asko etortzen zaizkigu, eta euskararen zera hori bultzatzen dugu euren artean. Askotan euskara ulertzen ez duen ikasleren bat etorri izan zaigu, kredituak ematen dituelako. Hori ez da serioa! [kar-kar]. Horrelako plazak bizpahiru urtean egiten ditugu, eta barre egiten dugu.
Eta epaile izatearena, duela urte batzuk sartu nintzen, eta oso giro polita egoten da txapelketetan. Beti gabiltza epaiketa kontu horrekin, ea bertsoak epaitu daitezkeen ala ez. Baina tira, txapelketek epaileak eskatzen dituzten bitartean, hortxe jarraituko dugu. Oso gustura.