Haur, nerabe eta gazteekin parte hartze prozesua abiatu du Errenteriako Udalak.
Itziar Ostolaza eta Eñaut Gracia, planaren aurkezpenean.
Biharko Errenteria-Orereta haur, nerabe eta gazteekin batera eraiki nahi du Errenteriako Udalak, eta horretarako aipatu kolektiboei hitza eman nahi diela erabaki du. Marea Gora izenarekin parte hartze prozesua abiatu berri dutela iragarri dute gaur Gazteria zinegotzi Itziar Ostolazak eta Informazio gizartea eta parte hartze saileko zinegotzi Eñaut Graciak.
Azaldu dutenez, Urtxintxa, Hiru Damatxo eta Hiritik at elkarteekin ari dira prozesua aurrera eramaten. Orain dela hilabete bat inguru hasi dira lanean, aktibo dauden kolektiboei planaren berri emanez. Urtarriletik aurrera, berriz, “modu irekiagoan hasiko dira lanean, kalera begira”, Ostolazak azaldu duenez. Prozesuari ekainean amaiera ematea aurreikusi dute.
Lehen fase batean diagnostikoa osatuko dute, beharrak, kezkak eta nahiak identifikatzeko. Ondoren, teoria eta jarduera eta ekitaldi praktikoak uztartzea da asmoa, diagnostikoan atzemandakoei erantzun praktikoak emanez.
Hiru azpi talde
Egitasmoan 0-30 adin tarteari erreparatu diote. Adin tartea oso zabala denez, hiru azpitalde osatu dituztela zehaztu dute: haurrena, 0-12 urte artekoa, nerabeena 13-18 urte artean, eta gazteena, 18-30 artekoekin.
Horrez gain, adin tarte bakoitzeko “gai izarrak” definitu dituztela argitu du Ostolazak, eta gaiak ez dituztela ausaz hautatu azaldu du. Udalak 2025. urtera begira landutako Plan Estrategikoan atzemandako beharretatik abiatu direla zehaztu du, baita gazteria departamendutan egindako hausnarketetatik ere.
Honela, haurtzaroari begira Haurren Hiria lantzen ari direla jakinarazi dute, ” hiria jolastoki bihurtzeko ideiarekin). Nerabeen azpitaldean, berriz, sorkuntza dute gai zentrala, “identitateari lotutako sorkuntza”, azaldu dutenez, eta gazteekin, berriz, emantzipazioa, jakin badakitelako etxebizitza eta lana direla herriko gazteen artean kezka nagusienetakoa.
Webgune propioa
Marea Gora Planaren bitartez gazteria zentralitatean jarri nahi dutela azaldu du Eñaut Graciak, eta horretarako ezinbestekotzat jo gazteen parte hartzea marko kontzeptualaren definizioa. Parte hartze hori bermatze aldera,
euskarri digital berri bat sortu du udalak, beraientzako propio pentsatutako azpi domeinu bat.
Graciak azaldu duenez, espazio digital honetan adin tarte bakoitzak bere atal propioa izango du. Marea Gora proiektuarekin zerikusia duten albisteak jaso dituzte batez ere, baina baita gazteen interesekoak izan daitezkeen gaiak eta agenda ere.