Edukiontzi sistema atzo abiatu zuen Lezoko Udalak Altamira auzoan.
Martiarena eta Dominguez Macaya gaur egindako agerraldian.
Hondakinak biltzeko edukiontzi sistema atzo abiatu zuen Lezoko Udalak Altamira auzoan atez ateko sistemarako zintzilikarioak kenduta. Esperientzia pilotua da Altamirakoa, eta ondoren, urtearen bigarren hiruhilekoan herri osora zabalduko du edukiontzi bidezko bilketa sistema. Horren berri emateko agerraldia egin dute gaur San Markos Mankomunitatearen egoitzan (Donostia) Jaime Dominguez Macaya mankomunitateko presidenteak eta Jesus Maria Martiarena alkateak.
Hondakinen bilketa berria ezartzeko lehen fasea, “Altamirako proba pilotua”, martxan dela esan du Martiarenak: “Auzo horretan edukiontzi bidez hasi dira bizilagunak hondakinak biltzen”. Organikoa biltzeko giltza beharko dute bizilagunek, “hondakin guztiak egunero eta nahi duten ordutegian ateratzeko aukera izango dute bizilagunek”, gaineratu du.
Herri osoan sistema berria ezartzen denean hondakin organikoaren edukiontziak txipdunak izango direla jakinarazi du Martiarenak gaurko agerraldian.
“Herritarrek denbora daramate sistema aldaketa aldarrikatzen. Atez ateko sistema bosgarren edukiontziarekin ordezkatzeko nahia azaldu dute, eta hori argi gelditu zen azken udal hauteskundeetan”, esan du Martiarenak eta gaineratu, sistema berria “erosoagoa, garbiagoa eta ekonomikoki bideragarriagoa” dela. Horren harira, Lezoko Udalak 268.000 euro aurreztuko dituela urtean esan du Martiarenak. Ez da hor gelditu, sistema berriarekin egungo sistema hobetzea bilatzen dutela erantsi du: “Herritarrei egunerokotasunean erraztasunak emateko eta hondakin bilketa sistema herritarren behar eta ohituretara egokitzeko. Orain ez bezala, herritarrek nahi duten ordu eta egunean atera ahal izango dituzte hondakinak. Erosotasun horrek, ziur gaude, gaikako bilketa tasak hobetzen lagunduko duela”.
Sentsibilizazio kanpainak
Informazio zein sentsibilizazio kanpainak martxan jartzeko asmoa erakutsi du bestalde, “tasak hobetzen laguntzeko”. Atez ateko bilketa sistemarekin lezoarrek %85a birziklatu dute, hura ezarri aurretik %28koa zen birziklatze tasa udalerrian.
Dominguez Macayak Lezon edukiontzien bidezko zerbitzua ezartzea San Markos Mankomunitatearentzat “erronka polita” izango dela esan du, “mankomunitatea arduratuko baita Lezoko hondakinen bilketa osoaz: “Pozez hartu dugu Lezok hartutako erabakia eta bidelagun izango gaitu ekindako bide horretan.