Inauteriei begira, Oarsoirriak Musikala egingo dute estrenekoz hilaren 25ean. Hori prestatzeko entseguak, hilaren 15 eta 22an izango dira 17:00etatik aurrera Merkatuzarren.
Txupinazo koloretsua antolatu zuen Oarsoirriak taldeak madalenetan
Inauteriei begira,
Oarsoirriak Musikala egingo dute estrenekoz hilaren 25ean. Batukada eta txarangadaren ostean dator ekintza berria, eta gogoz ari dira prestatzen guztia. Bat egin nahi duten gurasoek bi zita dituzte entseguetarako: hilaren 12 eta 19. Bi egun horietan 17:00etan elkartuko dira Merkatuzarren, eta Vanesa Castaño eta Jon Maia dantza irakasleak izango dituzte gidari
Euskararen Txantxangorria kantari egindako koreografia ikasteko.
Errenterian azken urteetan gai komun bat aukeratzen da parte hartze prozesu bidez inauterietan herria girotzeko. Aurten musikalak aukeratu dituzte eta ideia horrekin bat egite aldera pentsatu zutela Musikala antolatzea azaldu du Nora Barroso Oarsoirriak iniziatibako kideak, “bat egin nahi genuen herriaren girotze horretan, parte izan. Taldeko kide diren familia batzuk hala proposatu zuten, eta onartuta, lanean hasi ginen”. Oarsoirriaken haurrek protagonismo berezia dute, “haurren nahiak, gogoak, proposamenak jasotzen ditugu”, eta horiek entzunda hasten dira lanean familiak aisialdi eredu parte hartzailea, herrikoia, eta euskara erdigunean duena sustatzeko.
Musikala prestatzen hasi dira. Une honetan hamar familia, 40 bat kide guztira ari dira dena lotzen. Ideia hori zabaldu eta parte hartzea herriko familia guztiengana eraman nahi dute, “ez dugu helbururik jarri, eta antolatutako ekintza batzuetan familia gehiagok hartzen dute parte eta beste batzuetan gutxiagok. Halere, ateak zabalik ditugu parte hartu nahi duten guztiak azal daitezen”.
Hainbat koreografia
Hilaren 25ean koreografia nagusi bat izango dute, baina horrekin batera familiek multzoka antolatutako beste koreografiak ere egingo dituzte ibilbidean zehar, “haurrek aukeratutakoak, beraien tempusak errespetatzen dituztenak, dantzatzeko errazak izango dira–esan du Barrosok– trakets, erdi ipurdi, edo ongi… helburua kaleak kolorez betetzea da, ongi pasatzea egiten dugun horretan, bai haurrek eta bai familiek”. Koreografia nagusia sareetan zabaltzen hasi dira egin duten bideoaren bidez.
12:00etan abiatuko dira Merkatuzarreko plazatik, eta Foru Plaza (geldialdia), Biteri, Xabier Olaskoaga Plaza (geldialdia), Morrongileta, Koldo Mitxelena plaza (geldialdia), Maria Lezo, Madalena kalea eta Herriko plaza (geldialdia) zeharkatuko dute Zumardian (geldialdia) amaitzeko. Familiei mozorrotuta azaltzeko deia egin diete, “nahi dutena aukera dezakete, hemen ez da araurik, kolorea jartzea eta ongi pasatzea da helburua”, esan du Barrosok.
Ibilbidea amaituta berriz, bat egingo dute Merkatuzarren Inauterietako Batzordeak antolatu duen bazkariarekin. 14:00etan izango da hori eta dagoeneko txartelak salgai daude.
Barrosok parte hartzera deitu ditu familiak, “haurrek plaza har dezaten”. Baina ez soilik inauterietako musikalean, baita antolatzen diren beste ekintzetan ere, “azkenean beste aisialdi eredu bat da, haurrak, bere nahiak eta beren ideiak erdigunean jartzen dituena, parte hartzaile eta herrikoia, eta izugarria da ikustea nola gozatzen duten beraiek, eta nola gozatzen dugun guk, helduek, familiek”. Ekarpenak jasotzeko gogoz daude Oarsoirriak osatzen duten familiek gainera, eta horretarako bidea
posta elektronikora mezua bidaltzea da.
Momentuz hurrengo zita egin dute. Hilaren 25ean izango da herriko txikienetatik handienetara gorputza elkarrekin astintzeko.