Sabin Etxabeguren (behean, eskubian), iaz, Donibanen, batel ligan Hibaikak irabazitako banderak ospatzen.
Neguko zita berezienetako du etzi arraun munduak. Oriok antolatuta, XXIII. Oriako Jaitsiera lehiatuko da, 16:00etatik aurrera. 78 traineru eta 1072 arraunlari elkartuko dira lehian, eta horietako askoren gogoan, zalantzarik ez, Sabin Etxabeguren egongo da. Hibaikako zuzendaritzako kidea astearte goizaldean zendu zen, gaixotasun luze baten ondorioz.
Samina eragin du arraun munduan Etxabegurenen heriotzak. Bere alaba Hibaikan lehian hasi zenean hasi zen bera ere arraun elkartearekin harremanetan, Hibaikako arraunlari eta zuzendaritzako kide Aitor San Josek ondo gogoan duenez, «beti laguntzeko prest». Ordutik, “txofer lanak, traineruak garraiatu, arraunlari gazteenen begirale, sukaldari… behar zenerako han izaten zen beti Sabin». Hibaikako zuzendaritzako kide ere izan zen Etxabeguren bere gaixotasunak baimendu zion artean.
Omenaldi eta aitortzak
Familia eta lagunek lehengo asteartean egin zioten lehen agurra, Zentolenen, eta datozen egunotan arraun munduak agurtuko du. Orioko traineruen jaitsieran, Hibaikako arraunlariak krespoi beltzaz lehiatuko dira. Bestelako keinuren bat egingo zaiola ere ia ziurra da, nahiz estropadaren antolakuntzaren zailtasunengatik ezin daitekeen zehaztu zer eta nola.
Hilaren 18an etxetik gertuago egingo zaio omenaldia, Gipuzkoako Ligako batel estropadan, Donibanen. Aurreratzean Sabinen izena eramango duen batela orduan uretaratuko du Hibaikak.
Zure aldarte eta umorea
hartu ezkero aintzako
Zure ondoan barre-algarik
ez zen sekula faltako
guretzat lagunmina
izan zara jakina
beraz bi hitz zuretzako
eman diguzun guztiagatik
Sabino eskerrik asko!