LAB: "Altxor publikoari egiten zaion lapurreta berri baten aurrean gaude"
Zamaketarien lanuzteekin bat egin du sindikatu abertzaleak eta euskal portuen kudeaketa transferitzea premiazkotzat jo du.
Jose Angel Izquierdo (Enpresa batzordeko burua): “Zamaketarien lan erregistro bat eratzea eskatzen dugu”
LABeko ordezkari sindikala ez ezik, Pasaiako zamaketarien enpresa batzordeko buru ere bada Jose Angel Izquierdo ‘Trosko’. Lan gatazkaren nondik norakoak azaldu ditu. Pasaiako zamaketariek bat egin duzue datorren asterako deituta dauden lanuzteekin. Zergatik? PPren gobernuak lege dekretu bat aurrera ateratzeko asmoa du, etzi, ostiralean. Lege dekretu horren bidez bertan behera geratuko da gaur arte zamalanetarako dagoen lan eredua. Portuko Langileen Kudeaketa Erakundeak desagertuko dira eta hiru urteko epean 6000 zamaketariren kaleratzea aurreikusi dute. Horietatik zenbat Pasaian? Hemen 150 lagun ingururi eragingo digu. Gaur egun, Pasaian 92 zamaketari finko gaude, eta 80 ebentual inguru. Finean sektorearen erabateko liberalizazioa dakar dekretuak, ezta? Madrilek, Europako auzitegiaren epai batean oinarrituta dio, Espainiako estatuak gaur egun legez kontra ari dela sektorean. Bruselak dio zamalanetan diharduten enpresei ez zaiela zertan behartu Portuko Langileen Kudeaketa Erakundeko kide izaten -enpresa pribatuak dira-, ez eta bertako langileak kontratatzeko agindu. Madrilek, aitzakia hori baliatuta, Bruselak dioenetik askoz harago doan erreforma bat egin nahi du. Enpresentzako erabateko askatasuna lortu nahi du, eta bide batez, langile gehienen kaleratzea. Kalte ordainak ere kalkulatuak dituzte. 350 milioi euro, diru publikoarekin ordaindu nahi dituztenak. Egoera honen aurrean zeintzuk dira zuen eskari zehatzak? Langileok onartzen dugu bete behar den ebazpen bat badagoela, baina irtenbidea ez da zertan izan behar Madrilgo gobernuak planteatu duena. Zamaketariaren lanbidea legez arautzeko aukera badago, eta horretarako eskatzen duguna da, zamaketarien erregistro bat eratzea, Espainiako Estatu osoko portuetarako baliagarria, portuetan gure funtzioak betetzen jarraitu ahal izateko, eta jende berriari aukera emateko, baina beti ere baldintza profesionaletan, soldata duinekin, eta dagozkion berme guztiekin.Madrilek, aitzakia hori baliatuta, Bruselak dioenetik askoz harago doan erreforma bat egin nahi du.Publikoki salatu duzuenez, negoziazio bat ere izan da tartean, nahiz “Madrilek ezikusiarena egin”. Espainiako Estatuan urteak dituzte negoziatzen patronalak eta sektoreko sindikatu nagusiak, gehien bat koordinadoraren bitartez -Espainiako estatu osoan zamaketarien %75aren ordezkaritza duelako-. Negoziazio horietan adostu nahi den akordioa aurrera aterako balitz, Europako ebazpena beteko litzateke, baina gaur egun lanean ari garen zamaketariak subrogatuak izango ginateke, beti ere orain ditugun lan baldintzei eutsiz. Hemen, Pasaian, nola izango dira mobilizazioak? Hiru egunetan egingo ditugu lanuzteak, astelehenean, asteazken eta ostegunean, aldizkako lanuzteak eginez, beti ere ordu bakoitietan. Horrez gain, mobilizazioak egingo ditugu. Horiek lotzen gabiltza oraindik, eta lotu ahala deialdiak zabalduko ditugu. Edonola ere, lehenbizikoa, datorren astelehenean izango da, 11:00etatik 12:00etara, Portu Agintaritzaren aurrean.