Oier Guillan: "Eraginkorragoa da gauza terribleenak umorearekin lantzea"
Oier Guillanek iaz ‘Mr. Señora’ liburua argitaratu zuen Oiartzunen bizi den sortzaileak, eta laster estreinatuko dute ‘Miss Karaoke’ antzezlana.
«‘Mr. Señora’-n badago deseraikitzeari buruzko diskurtsoa, literatura aldetik»Galderak egiten dituzuela, baina erantzunik ez duzula ematen esan duzu. Oso gustukoa dut gogoeta hori, teatroari buruz hitz egiterakoan. Erantzunak ematen dituen teatroak, nire kasuan behintzat, murru bat sortzen du eta beste aldean kokatzen nau berehala. Arantxa Iturbek esan zidan gure antzezlanak galderaz josita zeudela, titulutik hasita. Erabili eta barneratu egiten dituzu. Galderena zaharra da, teatroari dagokionez, eta ez dugu ezer ere asmatu. Hori ere berriro erabiltzen hasi naiz. Gaizka Sarasola lagunari entzun diot teatroak beti galderak formulatzen dituela. Noski, galderak ez dira objektiboak, eta badute irekidura bat: galdera bat formulatzeko garaian, izan dezake ironia, umorea edo zirto pixka bat, eta kontziente gara. Umorea erabiltzen duzu liburuan. Zergatik? Tresna oso garrantzitsua da gure lan guztietan. Umorearen bitartez hitz egin daiteke gauza politikoenari, gauza serioenari buruz ere. Askotan eraginkorragoa da gauza terribleenak umorearen bitartez lantzea, beste modu batean baino. Askotan jendea gai horietan beste modu batean sartzen da, eta gertukoagoa egiten zaie, gai serioei buruz hitz egiteari utzi gabe. Eta umore hori absurdoena baldin bada, harik eta erradikalagoa izaten da. Nolabaiteko desdramatizatze horrek geruza kentzen die gai serioei? Ez dakit desdramatizatzea den, pentsatu beharko nuke zein hitz erabili. Badirudi desdramatizatu hitza erabiltzen baduzu seriotasuna kentzen diozula, eta ez da hori. Agian humanizatu egiten du, seriotasunik galdu gabe. Editoreak filtroa egin zuen, baina ez dituzue denak taularatu. Batzuk taularatu ditugu, errezitaldi dramatizatu moduan. Baten bat taularatu zen bere garaian, gerora. Testu hori bera beste formatu batzuetan taularatu zen: bertso saio batekin uztartuta, errezitaldi moduan…
«Galderak ez dira objektiboak; egon daiteke umore edo ironia formulatzean»Antzezlan batekin hasten garenean, ez dugu modu itxian idazten. Segur aski, liburu honetan dauden testuak taularatuko banitu, ez nituzke modu berean taularatuko. Normalean modu honetara idazten ditudan testuak dira benetan taularatzeko astirik izan ez dudan ideiak gordetzeko modu bat. Polita da hori. Nik hasiera batean idatzitako testu batzuk gero taldeak aldatu ditu, eta idazketa kolektibo bat egiten da. Nik horretan sinisten dut, literaturatik eratorritako testuetan baino. Kasu honetan, kontraesana dirudien arren —baina kontraesanak ikaragarri maite ditugu—, literatur forma gehiago hartu du, baina esango dugu denbora kontuengatik egindako deskarteak direla. Errezitaldi horietan inguruko jendeak hartu du parte: Miren Alcala,Urtzi Urkizu… Bi ahots lana zaharrena da, duela hamar urte egin nuen. Gure kolektiboa nahiko likidoa da, eta ahots asko gabiltza kolektiboaren bueltan. Unean suertatzen denaren arabera, agenda disposizioaren arabera, batzuk edo beste batzuk dira. Mr. Señora da azkena. Nahiz eta bakarrizketa moduan dagoen planteatuta, lau aktorek egiten dugu. Aktoreek eurek ere idatzi dituzte testuak, eta obran txertatu. Ainara Gurrutxagak idatzi du hitzaurrea, Mikelazuloko bidaideak. Editorea eta biok egon ginen pentsatzen nori eskaini hitzaurrea idaztea. Aukera bat izan zitekeen aditu bati eskaintzea, zer edo zer literarioa egitea. Intuizioz —asko fidatzen naiz intuizioaz— Ainarari aipatu nion, urte askotako ibilbidea konpartitzen baitugu. Urte asko daramagu elkarrekin lanean eta kolaboratzen, nahiz eta ez izan zentzu hertsi batean idazlea; berak egiten ditu DejaBuko testu gehienak, eta orain Arrastoak argitaratu dute. Pertsona aproposa da, oso ongi ezagutzen nauelako eta antzerkia ikusteko modu bat partekatzen dugulako maila askotan. Bihotzetik gehiago, alegia. Bai, nahiz eta gai oso potoloak planteatzen dituen hitzaurre horretan, eta gaur egun bizi ditugun kontraesan eta gatazka asko. Alde batetik, hunkigarria izan zen, baina bestetik autolotsa eman zidan, hainbat erreferentzia erabiltzen dituelako eta pixkat handiak geratzen zaizkidalako. Ilustrazioak, berriz, Idoia Beratarbidek egin ditu. Metrokoadrokako kidea da. Ilustratzaile izateaz gain, Metrokoadrokako jantzi guztiak egin ditu, oholtza eta kanpoko estetika guztia, kartelak eta abar egin ditu. Horregatik, liburua ilustratzerakoan, Metrokoadrokaren estetika nahi nuen. Bestalde, gorputzak presenteago egitea zen ideia. Bera erretratuetan edo gorputzetan oinarritzen da gehiago, ez hainbeste abstrakzioan, eta oso aproposa zen gorputzak ekartzeko. Antzezlan bakoitzak bere ilustrazioa du, berariaz sortutakoa. Liburu-objektu bezala ere eman dio plus bat.
«Euskal Herrian ez dago dramaturgia berriei buruzko kontzientziarik»Apirilaren 5ean Miss Karaoke estreinatuko duzue. Dramaturgia Berriak bekarekin egin duzu. Nola joan zen prozesua? Donostia 2016k sortutako deialdi bat izan zen. Teatro barruko jendeak bultzatu zuen, baita gidatu ere. Ez gara horrelakoen zaleak, baina Dramaturgia berriak izena ikusita, berehala eztabaidatu genuen, eta jende askok aurkeztera animatu gintuen. Dramaturgia berriekiko kezka handia daukagu, Euskal Herrian ez dagoelako kontzientzia handirik dramaturgia berriei dagokienean. Are gutxiago euskaraz. Uste genuen hara eraman behar genuela gure ahotsa, gure kontzientzia pertsonaletik. Aldarrikatzen dugu beti dramaturgia berriak euskaraz lantzen dituzten taldeen presentzia, eta haien lana ikustea. Euskal teatroa uste duguna baino askoz anitzagoa da, eta kontzientzia hori zabaldu nahi dugu. Miss Karaoke Mr. Señoraren arreba-edo al da? Jende askok egin dit galdera hori [kar-kar]. Berez ez da, baina oso guai geratzen denez gauza hauek esatea, trilogia bat egingo dut, nahiz eta ez nuen inolako asmorik… Auskalo. Miss Karaoke-k badu Mr. Señora-ren eragin bat, garai berean sortzen ari bainintzen liburua. Ez zen kontzientzia batekin egindako zerbait. Kezka neukan antzeko izena izango zuelako, baina nire buruari esan nion ‘Hori izan behar du!’. Egia da antzerki labur asko idatzi ditudala beste handiago baten tranpolin bezala. Mr.Señora eta Hautudeterminazioa-ko ideia batzuk, ez guztietan, daude Miss Karaoke-ren oinarrian. Deseraikitzearena badago, eta batez ere atxikitzen zaio identitatearen gaiari. Abiatzen da aitonaren figura mitikotik eta azpian dagoen gizon eredu hori deseraikitzera doa. Prozesuan gauza askori buruz hitz egin dugu: binarismoari buruz, aitonaren figura eta norberaren aitonei buruz… Gero antzezlanean oihartzun bat besterik ez da geratuko, prozesu baten sustraietan geratzen diren gauzak dira asko. Baina egon da airean. Identitatearen gaia hor dago: zerk definitzen gaitu, zer definitzen duen norbera eta horri buruz hitz egiteko gorputzaren definizioetara eta hizkuntz hautuetara jotzen dugu.
«Arte eszenikoetan eta ideologikoki oso garrantzitsua izan da Mikelazulo»Pez Limbo taldearekin aritu zarete elkarlanean. Dramaturgia berrien lehiaketa hori atera zenean, planteatu zen antzoki bakoitzak erabakiko zuela nor taularatu, eta erabaki zen antzoki bakoitzaren bueltako jendeak egitea: Arriagakoek Bizkaikoak, Viktoria Eugeniakoek gipuzkoarrak… Gurea Gasteizko Principal Antzokiak erosi zuen, behin aurreneko fasea pasatuta. Haiek dira ekoizle bakarrak, nahiz eta besteekin kolaboratzen duten. Kontua zen Gasteizko jendea inplikatzea. Gu, Gipuzkoako taldea izanda, bazegoen kezka bat hori kudeatzeko. Taularatzeko bagenuen asmoa, horretarako sartu baikinen deialdian. Bazeuden kasuak, non idazleak aurkeztu ziren, inolako konpainiarik izan gabe. Gure kasuan bazegoen. Euskal Herrian lanean gabiltzanok, ia denak elkar ezagutzen dugu. Adibidez, Pez Limbokoak Eztenara ekarri genituen, Gasteizko antzerki giroa —oso bizia dago egun— ongi ezagutzen dugu… Aktore taldeko hiru kide Gasteizkoak dira, bakoitza kolektibo batekoa; bestea bizkaitarra da. Guztien ibilbidea jarraitzen genuen, eta elkarlana planteatu zenean, bilatzen ari ginen gure planteamenduekin eta kodeekin feeling bat eduki zezakeen jendea. Denak dabiltza dramaturgia berrien testuinguru batean. Araban egon zarete prestatzen, Garaion Sorgingunea izena duen etxean. Zer da zehazki? Zoritxarrez, Hego Euskal Herrian nahiko atzetik gabiltza hainbat gauzatan. Asko gustatzen zaigu Europari buruz hitz egitea —ez naiz bereziki Europazalea—, baina hortik zehar badaude kultura eta, batez ere, arte eszenikoak lantzeko modu batzuk hemen ematen ez direnak. Garaion ez da arteari begirakoa bakarrik: generoari loturikoak egiten dituzte, nekazaritzari buruzkoak… Ozaeta-Barrundian dago. Espazioak eskaintzen aritu dira, egonaldiak egiteko. Horrelako toki batek kontzentratzeko, lan egiteko eta abarrerako aukera ematen dizu. Horren ondoren, egonaldiak Gasteizen egiten ari gara. Federico Garcia Lorca antzokian egon gara hamabost egun, eta beste hilabete bat egongo gara gero. Estrenaldia izan arte Hegoalde antzokian egongo gara. Mikelazulori estu lotuta zaude. 22 urte beteko ditu ekainean. Hor sortu zen habitat hori, behintzat arte eszenikoetan, mantentzen da. Oso garrantzitsua da habitat hori, baliabide ekonomiko urriak ditugunez, askotan jotzen dugulako sare horretara, elkarlanean aritzeko eta hutsuneak daudenean betetzeko. Tranpolina izan da? Arte eszenikoei buruz ari gara, baina ideologikoki ere oso garrantzitsua izan da. Arrazakeriaren aurkako borrokan edo feminismoan, adibidez, sakontzeko era bat izan da, eta jende asko ezagutu dugu. Gure formazio bitala izan da, eta sarean lanean —besteak beste— ikasi dugu. Egon irekia besteak entzuteko, kalean zer gertatzen ari den ikusi kontraesan guztiekin, eta zure ideiekin guztiz bat egiten ez dutenekin ere egin duzu lana bertan. Gure filosofia markatu du Mikelazulok.