Martxoaren 19ko herri galdeketa babestea adostu dute EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Aho batez onartu dute otsaileko plenoan.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasuna argazki batekin irudikatu zuten.
Oiartzungo otsaileko plenoak ezohiko argazkia utzi zuen atzo, oposizioak eta udal gobernu taldeak elkarrekin ateratakoa. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen, martxoaren 19ko “ariketa demokratiko herritarra” babesteko.
Horrela, euskal herritarrei euren etorkizuna erabakitzea dagokiela aldarrikatu zuten. Gainera, eskubide hori “aldarrikatzetik gauzatzera” egin behar dela adierazi zuen mozioak. Azkenik, martxoaren 19ko galdeketari babesa eman zioten.
EAJk, Rafael Bergaretxeren bitartez, zehaztapen bat egin nahi izan zuen. Esan zuenez, esan zieten adierazpen instituzional bezala joango zela, “baina mozioa jaso dugu”. Alderdiaren barruan babestu ala ez eztabaidatu zuten, eta alde egitea deliberatu.
Hori bai, jeltzaleek, alderdia sortu zenetik, euskal herritarroi dagozkien gaiak erabakitzeko eskubidea “aldarrikatu eta erakutsi” dutela adierazi zuten. 1979ko estatutua onartu zenean “EAJk eta haren jarraitzaileek erabakia onartu eta errespetatu” zutela gogorarazi zuen Bergaretxek. “Bide horretan, urrats asko eman dira, eta emaitza on asko izan ditu”, gaineratu zuen.
Horrela, 2017an, Eusko Legebiltzarrean estatus berri bat eztabaidatzeko ponentzia dagoela azaldu zuen: “Ez dadila geratu 1979an Gernikako Estatutua onartu zenean bezala, herritarrek onartu eta berretsitako proiekturik oztopatu”. ETAk eraso egin ziola eta “betikoek —Estatuko ordezkariek eta besteek—” proiektu horri uko egin ziola nabarmendu zuten.
Jexux Leonet alkateak erantzun zion “harrituta” utzi ziola adierazpenak. Hala ere, elkarlanean jarraitzeko gonbita luzatu zien. “Gure Esku Dagok protagonismoa behar du, eta gu elkarrekin ari gara lanketa egiten hor”, zehaztu zuen. Horrela, aurrera begiratzeko eskatu zien.
Azkenean, aho batez onartu zuten mozioa, eta Gure Esku Dagoko Aitzol Perez de San Romanek eskerrak eman zizkien.
Martxoak 8
Egun gutxi batzuk falta dira Emakumeen Nazioarteko Egunerako. Horren harira, EH Bilduk bigarren mozio bat aurkeztu zuen.
Horrela, emakumeen eskubideak “inoiz baino krisi latzagoan kokatuta” daudela iritzi du koalizioak, eta urte hauetan esparru publikoan egin diren murrizketek bereziki eragin diela emakumeei. Lanpostu publikoetan ere hainbat “muga zorrotz” daudela salatu dute: “Ordezkapenak ez dira betetzen ari, hainbat lanpostu amortizatzen ari dira, 35 lanorduko asteak ez dira berreskuratzen ari, emakume askok lan egiten duen sektorean, administrazio publikoan, lanaldiko baldintzen berdintasuna urratu eta emakume langileen bizkar erortzen dira bereziki murrizketa hauek guztiak”.
Esparru pribatuko egoera ere gaitzetsi zuten: “Aldi baterako lanaldiak, lansari eskasak, egun gutxi batzuetarako kontratu sistema prekarioak, bereziki emakumeei zuzenduak izan dira”. Ildo horretan, berdintasunak aurrera egiten ez badu, atzera egiten duela salatu zuen EH Bilduk. Horrela, koalizioak erakundeei hainbat konpromiso sei eskatu dizkie: gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez egitea; berdintasun partidak igotzea; organoetako ordezkariak parekideak izatea; datuak ateratzean, sexu bereizketa egitea, egoerak hobeto ikustarazteko; emakumeen parte hartzea sustatzea eta genero indarkeriari aurre egitea.
EAJ abstenitu egin zen, eskakizunekin ados egon arren. Ulertu zuten Eusko Jaurlaritzari kritika egiten ziola. Leonetek jeltzaleei erantzun zien eskakizunak “erakunde guztientzat” direla.
Hondakinen tarifak
Desadostasun nabarmenena Gipuzkoako Hondakinen Konsortzioak aurtengo tarifen puntuan iritsi zen. Udalak auzi errekurtsoa jarriko die tarifa horiei, 2015etik %90eko igoera egon delako, eta “udalaren interesen kontrakoa” delako.
EAJko Yon Goikoetxeak errekurtso hori babestuko ez dutela jakinarazi zuen. “Uste dugu tarifen igoeraren atzean dagoela hondakinak tratatzeko azpiegitura berriak egitea, eta gu beti egon gara haien alde”, zehaztu zuen.
EH Bilduren ustez ere tarifen igoerak Zubietako errauste plantarekin du zerikusia, Eneritz Arbelaitz alkateordearen arabera: “Oiartzuarrok hondakinen birziklapenean egiten dugun esfortzua zigortu nahi dute, eta gure ahalegina errespetatu beharko lukete”.Bestalde, Oiartzunek bat egin du aldundiak sortu duen herritarren partaidetzarako espaziora, aho batez. Hori bai, parte hartzea sustatzeko aurrekontuetan partiden hutsunea nabaritu dute EH Bilduk.