Oiartzungo Bertso Eskolak bi talde aurkeztu ditu Herriartekora, eta Oreretako Xenpelar batekin ari da. Bi eskolak indartzeko balioko du txapelketak.
Bertsozale elkarteak antolatu du Gipuzkoako Herriartekoa, nolabait, 1999an egin zen antzerako saiakera batean oinarrituta. Elkartearen webgunean txapelketaren inguruko denetariko informazioa aurki daiteke: parte hartzen ari diren taldeak, bertsolari guztiak, proben agenda, helburuak.
Webgunea bisitatzen duena bat-batean ohartzen da txapelketa desberdina dela. Oiartzungo Bertso Eskolako irakasle Ander Lizarralderen ustez, izaera desberdina du, eta arrakasta hortik datorkio: «Taldekakoa izatea da ezberdintasuna, baina horrez gain, ariketa ezberdinak, arinagoak eta eramangarriagoak izaten dira. Modu honetan, beste txapelketa serioago batzuetara aurkeztuko ez litzatekeen jendea aurkezten da eta horrek bizitasuna ematen dio giroari eta txapelketari».
Oiartzuarrek bi talde aurkeztu dituzte (Lexoti eta Martzelina), eta gazteei aukera eman nahi izan diete: «Oso jende ezberdina apuntatu gara, baina batez ere, gazteak aritu dira kantuan. Gure helburu garrantzitsuena gazte hauek kantatzen jartzea zen, guk eduki genituen aukerak beraiek ere eduki zitzatela».
Baina bertsolariez gain, txapelketak beste elementuak ere jartzea eskatzen dio talde bakoitzari, eta horrek tokiko eskolak indartzen dituela uste du bertsolari oiartzuarrak: «Herriko dinamika martxan jartzen dugu eta bertso eskoletan, bakoitza bere aldetik gabiltzanon kohesioa bilatzen dugu».
Lexoti taldekoak, aurreko astean Makutxo tabernan egin zuten bertso saioan
Oreretan, talde bakarra
Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k Oreretako Xenpelar Eskolaren ardura du eta, lehen aldiz aritu da taldekako lehiaketa batean: «Banaka lehiatzera ohitu gara gure belaunaldian, baina aurrekoek presente izan dute 1999ko herriarteko txapelketa. Arima haren bila edo, gogo hartan irten gara». Bere ustez, taldeka aritzeak eta txapelketaren egiturak berak erraztasunak jartzen dizkio bestelako lehietara animatuko ez litzatekeenari: «Taldeka lehiatzea da nabarmenena, taldean biltzea puntuak. Txapelketan lehiatu egiten zara, eta horretarako tartea nabarmena da, ariketetatik formatuetara. Kasu honetan, lehiatzen jarraitzen dugu, epaileak hor egoten jarraitzen dute, baina kamuflatuagoa da».
Nolanahi ere, asteburuak pasa ahala, lehia ere agertuko dela uste du Oiartzabalek, «azalduko zaizkio lehia aldaerak, eta azkenean txapeldunak txapeldunak izango dira».
Herriartekoan ari diren 38 taldeetako ordezkariak, aurkezpenean
Tokian tokiko bertsolaritzaren hauspoa izateko
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak lehen aldiz antolatu du aurten Gipuzkoako Herriartekoa. Elkarteak antolatu, baina elkarlanean, bertso mugimenduan parte hartzen duten kideekin auzolanean.
Tokian tokiko bertsolaritza hauspotzea da iniziatibaren helburua, bertsolaritza bere osotasunean hartuta, bertsolariez harago. Izan ere, izena eman duten herrietako gai jartzaileak, bertsolariak, epaileak eta antolatzaileak izaten ari dira protagonista, bai oholtza gainean eta baita oholtzatik kanpo ere. Txapelketa osoan hartuko dute parte, hasieratik bukaera arte. Bertsozale elkarteak adierazi duenez, «taldeka parte hartzeak iniziatibaren ardatza gozamena izatea bultzatzen du lehia eta jolasa uztartuz».
38 taldek hartuko dute parte guztira, eta talde bakoitzak gutxienez sei partaide izango ditu. Guztiek etxean eta kanpoan abestuko dute, beraz, guztiak izango dira antolatzaile eta bisitari. Eta antolatzaile direnean, antolakuntzako ardura guztiak bere gain hartuko dituzte, bisitariari afaltzen ematetik hasi eta ekitaldia dokumentatzeraino.
Oarsoaldeko bertso eskolak
Oiartzungo Bertso Eskola
- Taldeak. Zazpi dira Oiartzungo Bertso Eskolan elkartzen diren taldeak, lau umeenak, gazteen bat, eta beste bi helduenak.
- Egoitzak. Haurren taldeak Haurtzaro Ikastolan eta Elizalde Ikastetxean elkartzen dira, gazteena udalaren lokaletan, eta helduen taldeak Gurutzeko elkartean eta Mendibilgo emakumeen lokalean.
- Txapelketan. Herriartekoan bi talde aurkeztu dituzte oiartzuarrek, zazpi bertsolari eta, denera, 11 pertsona, gai-jartzaile eta epaile barne. Gipuzkoako azken txapelketan, banaka, bost izan ziren oiartzuarrak, eta horietatik lau aritu ziren Euskal Herrikoan.
Oreretako Xenpelar Bertso Eskola
- Taldeak. Momentuz hamabost ikasle dituzte Oreretako Xenpelar Bertso Eskolan, baina bigarren deialdi bat egin dute, taldea handitzeko.
- Egoitzak. Ostiraletan Errenteriako Lau Haizetara elkartearen egoitzan biltzen dira; gainontzeko egunetan Zamalbideko Auzo Elkartean.
- Txapelketan. Herriartekoan bertso eskolako 10-12 lagun aritzen dira. Banakako txapelketan, bestela, azken urteetan bik eman dute izena.