Emakumeen Birak azken etapa egingo du Errenteria-Oreretan. Pozez hartu du berria Santestebanek. Istripua izan zuen orain hilabete txirrindulariak, baina lasterketan izango da.
Ane Santesteban hasi da entrenatzen eta lasterketetan hasteko prest da istripua izan eta hilabetera.
Emakumeen Birak Errenteria-Oreretan egingo du azken etapa maiatzaren 21ean. Pozez hartu du berria Ane Santesteban txirrindulariak (Errenteria-Orereta, 1990), eta emakumeen txirrindularitzari zein herriari ikusgarritasuna emango diola zalantzarik ez du. Hilabete da txirrindulariak entrenatzen ari zela istripua izan zuela, eta eten baten ostean bizikleta gainean da berriz ere. Istripuak berak erakutsi dio auto gidari askok ez dituztela txirrindulariak errespetatzen, eta eskaera zehatza egin die: «Auto bati ez dio ezer suposatzen distantzia hori errespetatzeak, baina guretzako asko da, bizitza dago jokoan».
Emakumeen Birak azken etapa izango du Errenteria-Oreretan. Zer suposatzen du horrek zuretzako?
Egia esan, joan den urtean esan zidatenean Emakumeen Biraren etapa bat hemen egingo zela, Errenterian, poz handia eragin zidan, motibazio handia suposatzen du. Emakumeen bira beti izan da nire lasterketarik gogokoena, eta garrantzitsuena eta politena ere iruditzen zait. Emakumeen Birak etapa bat herrian egiteak asko suposatzen du niretzat.
Gainera azken etapa egingo du, hasi eta amaitu bertan?
Hori da, azken etapa da. ETB1en emango dute etapa osoa eta horrek herriarentzat eta niretzat asko suposatzen du.
Maiatzaren 17an hasi eta 21ean amaituko da. Azken egun horretan izango da Errenteria-Oreretan. Parte hartzeko moduan ikusten duzu zure burua?
Bai, bai, parte hartzeko moduan izango naiz, ez dakit nire maila onena emango dudan, ziurrenik ez, baina parte hartuko dut.
Zeren bila joango zara, zein helburu duzu Birarako?
Ihesaldian sartzea niretzako politena izango litzateke. Herritik ihesaldian pasatzea sekulakoa izango litzateke, baina oraintxe hasi naiz entrenatzen, eta pixkanaka-pixkanaka joan behar dut.
Hilabete pasatu da istripua izan zenuenetik. Ez dakizue zer gertatu zen, ez dago ezer argirik. Auto gidariek errespetuz jokatzen al dute txirrindulariekin?
Begira, hilabete honetan, agian gertatu zitzaidanagatik edo, tentsio handia izan dut bizikleta gainean, eta ohartu naiz askok ez dutela errespetatzen. Gaur bertan [asteartean egin zion Hitzak elkarrizketa] taxi gidari bat 10 zentimetroko tartea utzita pasatu zait ondotik. Errespetu gutxi dago gurekiko.
Sareetan zintzilikatu berri duzu zure argazki bat, lehenengo hiru orduko entrenamendua egin duzula bizikleta gainean istripuaren ondotik. Auto gidariei txirrindulariekiko 1,5 metroko tartea uzteko eskatzen dion kartela zenuen esku artean.
Azkenean auto bati ez dio ezer suposatzen distantzia hori mantentzeak txirrindulari bat aurreratzeko garaian, baina guretzako asko da, bizitza dago jokoan. Garrantzitsua da tarte hori errespetatzea.
Zer ondorio izan ditu zugan istripuak?
Hasiera batean oso gaizki pasatu nuen. Pentsatu nuen ez zela ezer, bakarrik buruko mina, baina buruari hanketara mezua bidaltzea ahaztu egin zitzaion, eta lehenengo egunetan bizikletan atera eta bazirudien lehenengo aldia zela, eta hori niretzako oso oso gogorra izan zen. Gero arrabolan hasi nintzen ordu bat egiten, lehenengo hanka batekin, gero bestearekin, eta hobeto hasi nintzenean, lasaitu egin nintzen.
Errepidera atera nintzenean, berriz, oso gaizki sentitu nintzen, urduri eta beldur handiarekin. Gainera, ikusmen apur bat galdu egin dut, hasi naiz berreskuratzen, baina hasiera batean dena oso lauso ikusten nuen. Horri beldurra gaineratuta, hasieran oso gaizki pasa nuen. Hernanira autoan joaten nintzen eta handik ibiltzen nintzen trafiko gutxiago izaten delako. Orain hasi naiz Errenterian entrenatzen. Lan handia egin dut gimnasioan, baita bizikletan ere, eta jada prest naiz.
Familiari, lagunei eta herriari berari eskerrak eman nahi dizkiet eman didaten babesagatik.
Zein da zure entrenamendu normal bat?
Normalean hiru ordu inguruko entrenamendua egiten dut. Orio aldera joaten naiz, Garate igo, jaitsi, Zarautz…
Lasaiago ibiltzen zara bertan?
Bai, han ere trafikoa badago, baina zonalde honetan trafiko gehiago dago. Orain Hondarribia aldera ezin da joan, ilarak daude eta ezin da pasa bizikletarekin.
Maila handiko txirrindulariak bilduko zarete Emakumeen Biran. Zein egoeratan dago txirrindularitza, nola ikusten duzu zuk?
Pixka bat hobetu bada ere, emakumeen txirrindularitzan urrats asko dago oraindik egiteko. Urruti gaude oraindik.
Bide luzea ikusten duzu oraindik egiteko. Zein dira hori eragiten duten faktoreak?
Azkenean, nire ustez lasterketak telebistan ez emateak asko egiten du. Jende askok esaten dit gure lasterketak bat Internet bidez ikusi duenean mutilena baino interesgarriagoa dela, politagoa ikusteko, baina ez daude bitartekoak jarraipena egiteko. Nire gurasoek askotan nahi dute jarraitu lasterketa, eta ez dute aurkitzen informaziorik inon, nirekin hitz egin arte ez dute jakiterik zer egin dudan edo zer gertatu zaidan. Informazioa lortu nahi duen batek ez badu lortzen, pentsa besteek.
Errenteria-Oreretako etaparen zailena zer izango da?
Aztertu dut ibilbidea zein izango den, eta jakin bezain pronto Jaizkibel igo genuen, pentsa. Segur aski Jaizkibelen erabakiko da lasterketa, hor apurtuko da.
Zurea hori da ezta, igotzea? Non aurkitzen zara erosoen?
Bai, hala da. Maldan gora ibiltzen naiz gusturago. Txikitatik txirrindulari arina naiz, 49 kilo pisatzen ditut eta goraka nahiko ondo ibiltzen naiz.
Zailena hori izango da, beraz.
Bai, Jaizkibel igotzeko zati hori izango da lasterketaren zailena. Zailena eta baita politena ere.
Zure agendan hurrengo lasterketak zeintzuk izango dira?
Taldearekin aste honetan bertan hitz egin dut eta esan diet nahi dutenean lasterketa batera joan naitekeela. Prest nago. Ziurrenik Emakumeen Bira izango da lehenengoa.
Zein entrenamendu egiten ari zara birari begira?
Indarra landu behar dut batez ere orain. Indarra galdu dut, azkenean ezer egin gabe muskulua galtzen delako. Ohean egon naiz, mugitu ere ez nintzen egiten, eta orain Fanderiako kiroldegian ari naiz lan handia egiten, pisuak altxatzen, baita bizikletan ere, indarra landu behar dudalako. Normalean hiru eta bost ordu artean aritzen naiz entrenatzen.
Emakumeen Biraren harira ekintza ugari antolatu ditu udalak hilabete honetan zein hurrengoan. Herritarren artean txirrindularitza sustatu eta balioan jartzeko urratsa garrantzitsua da?
Niretzako izugarrizko ezustea izan da, ez nuelako espero hainbesteko lana egingo zutenik. Oraintxe bertan, honantz [Hitzaren erredakziora], nentorrela ikusi dut Ayestaran bitxitegian jarrita dituztela, erakusleihoan, nire hiru maillot, piñoiak, bielak… eta sekulako ilusioa egin dit. Izugarria da.
Punta-puntako txirrindulariak arituko zarete Biran. Faboritoak?
Beti punta puntan izaten diren Anna Van der Breggen, Megan Guarnier, Katarzyna Niewiadoma… beti dira berdinak aurrean ibiltzen direnak, eta horiek izango dute nire ustez aukera gehien irabazteko.
Eta zure burua non kokatzen duzu?
Ez dut uste aurrenekoekin batera ibiliko naizenik, baina nire %100a emango dut, ziur.
Rion izan zinen eta bertan ere dena eman zenuen. Txirrindulari olinpikoa zara.
Bai, hala da, eta horrek maila bat ematen dizu, baina orain ez nago nire mailarik onenean, lehen esan dudan moduan urte nahikoa zaila izan dudalako gauza bat eta bestearen artean. Istripua izan dut, baina urte guztia oro har nahiko konplikatua izan da: izan nuen birus bat eta ospitalean izan nintzen, berriro hasi behar, gero istripua… Horietako bakoitzak eten bat suposatzen du. Horrek guztiak prestaketarekin atzeratuta egotea ekarri du eta nire maila orain ez dago onenean, ondorioz.
Italiako Ale Cipollini taldean jarraitzen duzu. Nola sentitzen zara bertan?
Oso-oso gustura sentitzen naiz taldean.
Euskal Herrian ez dago txirrindulari talderik?
Bakarrik Bizkaia-Durango eta Lointek taldeak daude. Orain lau bat urte erabaki nuen banuela garaia kanpora ateratzeko, eta egia esan, oso gustura nago Ale Cipollinin. Hirugarren urtea dut talde horretan. Kanpoan beste kultura bat dago, beste mentalitate bat, eta niri gustatzen zait, gainera, hizkuntzak ikastea eta burua zabaltzea.
Babesa eta herria aipatu dituzu. Iazko Madalen festen barruan udalak omenaldia egin zizun, eta Rioko Olinpiar Jokoei begira zure lana aitortu eta animatu zintuen herritar mordoak. Nola bizi dira halakoak?
Izugarria izan zen. Ez nuen espero halakorik eta are gutxiago nire lagunak bertara azaltzea. Deika aritu ziren eta galdezka ea herrian nenbilen, eta nik pentsatzen nuen jaiak izanik parrandan ateratzeko zirela deiak, eta erantzuten nien ‘ez, ez, kanpoan nago’ [barre artean]. Gero ohartu nintzen ez zela parrandarako, omenaldirako baizik. Ilusio handia egin zidan, oso polita izan zen.
Emakumeen Biraren etaparen harira, hamaika ekintza
Emakumeen Biraren programa aurkeztu dute.
Emakumeen Biraren XXX. ekitaldiak azken etapa Errenteria-Oreretan egingo duela eta, hamaika ekitaldi antolatu ditu udalak maiatzaren 21era bitartean. Bira kirola, berdintasuna, iraunkortasuna eta osasuna lantzeko aitzaki ezin hobeak direla esan zuen Jon Txasko Kirol zinegotziak lasterketa horren azken etaparen zein antolatutako ekintzen aurkezpena egiteko agerraldian.
Irteera eta helmuga Nafarroa etorbidean, Agirre Lehendakariaren plazaren parean izango ditu etapak. 11:00etan hasi eta 13:45 inguruan bukatuko da etapa. Errenteriatik, gainera, bitan pasatuko da lasterketa: 11:30ean eta 12:15ean.
Une honetan, udalak erakusketa du zabalik, herriko kirol elkarte zein eragileekin elkarlanean antolatutako ekintzen artean. Horrela, Galtzarabordako kiroldegi sarreran Emakumeen Biraren aurreko ekitaldietako argazkiak zein herriko txirrindularitza elkarteenak bildu dituzte. Herriko merkatarien arteko lehiaketa ere antolatu dute, eta hainbat saltokietako erakusleihoetan txirrindularitzarekin lotutakoak ikus daitezke.
Bizikletan erosteak, saria
Saltokietara bizikletan joaten diren erosleek gainera saria izango dute. Alde Zaharreko merkatariak biltzen dituen Kaletartean elkarteak zozketa egingo du erosketak egitera bizikletan joaten direnen artean. Saria, bizikleta kasko bat. Haurrentzako triatloia, txirrindularitza materiala birziklatzeko tailerra, Gold Sprint proba, hitzaldia, eta txirrindularitzarekin lotutako film emanaldia antolatu dituzte.
Emakumeen Birari begira ezin ahaztu, gainera, herria girotzeko Zumardi inguruko
faroletan zintzilikatu dituzten koloretako bizikletak, edota Laguntasuna Auzo Elkartea-Txirrindularitzak, Errenteriako LHZk eta Kromosoma tailerrak egingo dituzten egurrezko sei bizikletak. Biraren berri emateko hiru errotulu sortuko dituzte, gainera, eta Alaberga, Gabierrota eta Beraungo biribilguneetan kokatuko dituzte.
Joan-etorriak bizikletan
Maiatzaren 15etik 21era bitartean joan-etorriak bizikletaz egitea sustatuko du udalak. «Lanera, ikastetxera, Eskola Kirolera bizikletaz joatera animatuko ditugu herritarrak», esan dute. Etaparen bezperan, ibilaldi neurtua egingo dute Errenteriako auzoetan 10:00etatik 12:00etara, Gurpilartea elkartearen eskutik. Egun berean, Laguntasuna Auzo Elkartea-Txirrindularitzak antolatuta, Kimu eta Haur kategorietako Errenteriako IV. Saria egingo dute Nafarroa etorbidean, 16:30etik 17:30era.
Maiatzaren 21ean bertan, behin lasterketa hasita, OTXE Oarsoaldea Txirrindularitza Kirol Taldeak lasterketak egingo ditu txikienei begira (2- 6 urte arteko haurrentzat) moto txikiekin eta pedalik gabeko bizikletekin.