Enpresaren zuzendaritza nagusiarekin negoziazio prozesua abiatuko dute Carrefour saltokiko langileek bihar bertan. 12, 13, eta 15erako greba zuten deitua.
Apirilean hiru greba egun egin zituzten Carrefourreko langileek.
Biharko (ostirala 12), etzirako eta hilaren 15erako deituta zituzten greba egunak bertan behera utzi dituzte Oiartzungo Carrefourreko langileek. Erabaki horren arrazoia da enpresako giza baliabideen eta lan harremanen arduradun orokorrak (Madrilgoa) bertako langileen lan baldintzak hobetzeko prestutasuna azaldu duela.
Langileen arabera, “Oiartzungo lantoki txikiko langileek Carrefourreko zuzendaritza zentrala mugiarazteko” ahalmena izan dute. Hala, enpresaren negoziaketarako jarrera “berria” dela adierazi dute. Bihar bertan ekingo diete negoziazio saioei langileek eta zuzendaritzak.