Arramendirentzat etorkizun komuna eraiki nahi du udalak

Gracia eta Lemos Arramendiko parte hartzea aurkezten gaur agerraldian.

Gracia eta Lemos Arramendiko parte hartzea aurkezten gaur agerraldian.

“Arramendi parke bat baino gehiago da”. Argi esan dute Eñaut Gracia Parte Hartze  zinegotziak eta Bernar Lemos Hirigintza zinegotziak, Arramendi parkea diseinatzeko udalak abiatu duen parte hartze prozesuaren aurkezpenean. Parkeak izan behar dituen ezaugarriak, herritar, ordezkari, erabiltzaile eta eragileekin batera zehaztu nahi ditu, gainera, “ikuspuntu global batetik begirada guztiak integratuta”.

Legegintzaldi planean Arramendi birdefinitu eta eta erabilera hobetzeko konpromisoa hartu zuela udalak ekarri du gogora Lemosek: “Herriarentzat berebiziko garrantzia duen gunea izanik, tokiko gobernuak herritarrak inplikatu nahi izan ditu parte hartze prozesu honetan”. Horrekin batera, auzo batzarretan, Arramendiren gaia behin baino gehiagotan aipatu dela nabarmendu du, “batez ere, Agustinak, Gaztaño eta Pontika auzokoetan”.

Eremu librea da Arramendi, eta kaskotik 500 metrora dago. 161.191 metro koadroko azalera du, Gaztaño, Pontika eta Agustinak auzoekin ditu mugak, eta hegoaldean GI-20 errepidearekin du muga.

Hiru lerro nagusi hartu dituela udalak helburua betetzeko azaldu du Graciak: “Epe laburreko akzio plana, epe ertain eta luzerako garapena zein bisioa partekatzea; herri garapen estrategian prozesu demokratikoak inplementatzea; eta paisaia, natura eta eraiki gabeko espazioen inguruko hausnarketa sustatzea”.

Deliberazio Gunearen fasea

Lehenengo bi faseak egin dituzte. Lan talde teknikoak datu bilketa egin du, eta bigarren fasean elkarrizketak izan dituzte zenbait udal teknikarirekin eta hainbat eragilerekin. Hirugarren fasea abiatuko orain udalak, Deliberazio Gunearen fasean. Horren barruan,  lau egunetan zehar Arramendiren gaineko formazio eta lan saioak egingo dituzte. Informazio gehiago eta izena emateko Herri Bizia web orrira jo behar dute interesdunek.

Saio horiek amaituta, prozesua ixteko, itzulketa egingo dute: “Parte hartu duten eragile eta pertsonei txosten bat emango zaie”.

Erabaki esparruak eta aukerak zehazten dituzten araudiak eta printzipioak kontuan hartu dituztela gaineratu du Garciak, “Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, Arramendi 36 sektorearen Plan Berezia, eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailarekin adostutako 2008ko lankidetza hitzarmena”.

Saioak

  • Hilak 19, ostirala. 18:00-20:00 Aurkezpena, formakuntza zein dibulgazio jardunaldia.
  • Hilak 20, larunbata.  10:00-13:00 Gerturaketa, taldekako mahaiak.
  • Ekainak,9  ostirala. 18:00-20:00 Diagnosi tailerrak.
  • Ekainak 10, larunbata. 10:00-13:00 Hausnarketa mahaiak eta akordioen zerrenda.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend