Datorren urteko maiatzean Pasaian antolatuko duten Itsas Festibalarekin bat egingo du belaontzi ikusgarriaren porturatzeak.
Hermione 2018 espedizioa aurkeztu dute asteburuan Rochefort (Frantzia) herrian eta han izan dira Pasaiako udaleko eta Gipuzkoako aldundiko hainbat kide, Hermion Elkartearekin hitzarmen bat sinatzen, Lafayettek Amerikarako espedizioan erabili zuen itsasontziaren erreplikak Pasaian porturatu eta bertan eskala egin dezan.
Hitzarmena sinatzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzado, Pasaiako alkate Izaskun Gomez, Pasaiako Kultura zinegotzi Miriam Cano eta Albaola elkarteko presidente Xabier Agote.
Hermione itsasontzia La Fayettek 1780an Amerikara egindako bidaian erabilitako itsasontzi historikoaren erreplika da. Fragata berri bat da, ordukoaren erreplika zehatza, eta bela zabalera handikoa: 66 metroko luzera, 11,24 metroko zabalera eta 46,90 metroko aire kalatua.
Itsasontziaren armadorea Hermione La Fayette elkartea da. Belaontziak 2015. urtean egin zuen lehenbizikoz zeharkaldi bat. La Fayettek 1780an egindako bide beretik egin zuten lehen bidaia hura.
Hermioneko bigarren bidaia datorren urteko udaberrirako aurreikusi dute eta Frantziar mediterraneoko eta Europar Atlantikoko kaiak jomugatzat ditu. Otsailean abiatuko da espedizioa, Rochefort herritik, eta lau hilabetez luzatuko da zeharkaldia. Tartean egongo da Pasaiako eskala, maiatzean badian antolatuko duten
Itsas Festibalaren barruan.
Antolatzaileen arabera, Hermione Pasaiako kaiaren bokaletik porturatzeak “esanahi historiko handia” izango du,
Pasaiatik abiatu zelako Lafayette lehen aldiz Amerikara, 1777 urtean“.
Bost egun iraungo du Pasaiako Itsas Festibalak, maiatzak 17an hasi eta 21 bitartean. Festibala bitartean, ontzi tradizionalen topaketa izango da eta paraleloan, ekitaldi gastronomiko eta kulturalak.