Hondarribiko Nabigatzaileen Elkarteak La Victoire estropada antolatu du bigarrenez, Lafayetteren 1777. urteko bidaia gogoan; belaontziak Pasaiatik irtengo dira, Bordelera bidean.
Iazko estropadaren irudia, belaontziak porturatzeko unean; iaz kontrako norabidean egin zuten zeharkaldia, Port Medocetik irten eta Pasaian helmugaratuta.
Izatez lasterketa bat da, baina antolatzaileek zeharkaldi gisa aurkeztea nahiago dute, «ahalik eta jende gehienak parte har dezan». Lehengo apirilaren 26an aurkeztu zuten Pasaiako udaletxean La Victoire belaontzien estropada. Bigarrenez antolatu dute, Lafayettek Pasaiako portutik abiatuta Amerikako independentziaren aldeko gerran lagundu asmoz egin zuen lehen bidaia ezagutarazi nahian.
Aurkezpenean Pasaiako alkate Izaskun Gomez eta udal bereko Kultura zinegotzi Miriam Canoz gain, Albaolako presidente Xabier Agote eta Hondarribiko Nabigatzaileen Elkarteko Jose Luis Artola izan ziren. Ondoan izan zuten Jose Javier Pi Chevrot arkitektoa, Lafayetteren balentrien gainekoak azaltzeko.
Antolatzaileek iragarri zutenez estropada ekainaren 9an izango da. Eguerdi aldera abiatuko dira belaontziak Pasaiatik (30 inguru espero dituzte), eta hurrengo egunean porturatuko dira Girondaren estuarioan dagoen Port Medoc-en, arratsaldez, gaua, ilargi betea lagun, belaontzian igarota.
Pasaiako historia zabaldu
Aurkezpenean Izaskun Gomez alkateak nabarmendu zuenez, «Lafayettek Pasaiarekin duen harremana nabarmendu nahi du estropadak, markes frantsesak 1777. urteko martxoan Bordeletik Pasaiara egindako bidaia gogora ekarriz». Horregatik, Pasaiako historiari erreparatu izanagatik, eskerrak eman zizkien alkate pasaitarrak antolatzaileei.
«Lafayettek bidaia hura
La Victoire belaontzian egin zuen», azaldu zuen Gomezek, eta «frantses heroiak» belaontziaren izena Elkanoren omenez hautatu zuela gogorarazi zuen, hala zuelako izena getariarrak munduari bira emateko erabili zuen ontziak.
Hain zuzen ere, ontzi horren maketa, Jesus Mari Peronak egina, oparitu diote estropadaren antolatzaileek Pasaiako Udalari.
Bidaia ezezagunena
Lafayettek Pasaiatik abiatuta egin zuen bidaia «munduko historiarentzat erabakigarria» izan zela azaldu zuen estropadaren aurkezpenean Jose Javier Pi Chevrotek. Lafayetteren lehen bidaia izan zen AEBetara, eta bigarren bidaiaz askoz gehiago hitz egin izan den arren, Pasaiatik egin zuen bidaia askoz garrantzitsuagoa izan zela ohartarazi zuen, garai hartan AEBetako mugimendu matxinoa gainbeheran zegoelako.
Gauzak oker zeudenez, inguruko guztiek AEBetara ez joatea gomendatu zioten Lafayetteri. Baina markesak, artean oso gaztea zela (19 urte besterik ez zituen) bidaia antolatu zuen, «abentura klandestinoan», Frantziako Luis XVI erregearen borondatearen kontra. «Itsasontzi zahar bat erosi, eta ezkutuan atera zuen Frantziatik», kontatu zuen Pi Chevrotek.
«Lehen bidaia hori, Washingtonen morala altxatzeko funtsezkoa izan zen, eta ondorioz, Amerikako independentziaren aldeko borrokarako erabakigarria», nabarmendu zuen historiaren zaleak. Zehaztu zuenez, Lafayetteren bidaiak «batere laguntzarik gabe», 54 egun iraun zuen, Pasaiatik irten eta Hego Carolinara iritsi arte.
«Bidaia hau abentura amerikarraren hasiera izan zen», baieztatu zuen Pi Chevrotek, eta horrekin bat etorri zen Albaoako presidente Xabier Agote, «lehen bidaia hura bigarrena baino garrantzitsuagoa izan zen», baietsi zuen, «Lafayettek eta George Washingtonek orduan ezagutu zutelako elkar, eta orduan planifikatu zutelako bigarren bidaia, jada operatiboagoa izan zena».
Gertu, eta segurua
«Frantziatik gertu» zegoelako eta, aldi berean, «oso portu segurua» zelako hautatu zuen Lafayettek Pasaia. «Oso portu garrantzitsua zen, eta bitarteko garrantzitsuak zeuden», azaldu zuen Pi Chervotek.
Horrez gain, bidaiaren helburua Washingtonen gudarosteari armak eramatea zenez, segurtasunak bazuen garrantzia. «5.000 fusil eraman zituzten, eta Pasaian ontziratu zituzten, Gipuzkoa XVIII. mendean probintzia armagile garrantzitsua zela baliatuta».
«Kontuan hartu behar da Pasaia oso leku egokia zela ezkutaketarako. Fama zuen halako gauzak egin ahal izatekoa, ingelesak kostaldea zaintzen ari ziren bitartean», gaineratu zuen Pi Chevrotek.
Espiritu abenturazale berberarekin, baino asmo askoz ere baketsuagoekin itsasoratuko dira, beraz, datorren ekainaren 9an belaontziak. Albaolak emango die irteera, San Pedroko Torrean, kultur faktoriaren ontziolan orain dela bi urte eraiki zuten XVIII. mendeko
Lafayette ontzitik.
Bezperan elkartuko dira parte hartzaileak, ekainaren 8an, Pasai Donibanen, eta Albaola bisitatu ondoren, Bizkaia plazako ontziralekuetan afalduko dute marmitakoa, aire librean, eta musikak girotuta.
Belaontzi ikusgarriak eta oso azkarrak
Multi50 ARKEMA – Skipper : Lalou Roucayrol – Team Arkema Lalou Multi – Mai 2015
Estropadan parte hartzeko asmoz, ekainaren 7an, asteazkena, elitezko hiru belaontzi porturatuko dira Pasaian. Antolatzaileek iragarri dutenez, trimaranak dira, 15×15 metrokoak. Belaontzi ikusgarriak dira, eta oso-oso azkarrak. Bretainiatik irtengo dira eta egun berean porturatuko dira Donibanen. Irudikoa
Arquema itsasontzi transatlantikoa da, eta Lalou Roucayrol lemazainak izen handiko estropadak irabaziak ditu, Quebec-Saint Malo estropada kasu.
Jose Luis Artola (antolatzailea): «Nabigatzea maite dugu eta bi estropada antolatzen ditugu urtero»
Jose Luis Artola, Hondarribiko Nabigatzaileak elkarteko kidea.
Donostia 2016 kultur hiriburutzaren testuinguruan antolatu zenuten estropada iaz lehenbizikoz, eta aurten errepikatzea erabaki. Nolatan?
Donostia 2016k antolatutako lehiaketa batera aurkeztu genuen proiektua eta hautatua izan zen. Heroi frantsesak borrokatu zituen balore horien defentsan, Lafayettek egindako bide bera errepikatzea izan zen gure proposamena, belaontzietan, Bordeletik gertu dagoen Port Medocetik Pasaiara.
Iaz 20 belaontzik parte hartu zuten, eta dena primeran irten zen. Ederra izan zen. Estropada Bordeleko Port Medoceko Circle Nautique du Verdon elkartearekin elkarlanean antolatu genuen, eta beraiek iaz erabaki zuten aurten errepikatu behar genuela estropada, baina kontrako norabidean, Pasaiatik irten eta han porturatuta, Port Medocen.
Port Medocen bukatuko da aurten, beraz, estropada, iazko irteera puntuan.
Bai. Han Cordouan farola dago, funtzionamenduan dagoen Frantziako farolarik zaharrena, eta han bukatuko da gure zeharkaldia, pic-nic batekin. Gu ostiralean abiatuko gara Pasaiatik, eta bezperan afari bat egingo dugu Donibanen, Izkiro elkartearen laguntzaz. Aire librean afalduko dugu, musikak girotuta. Marmitakoa afalduko dugu, Lafayettek izan zuen irteera puntu berean, egungo udaletxearen ondoan dauden ontziralekuen inguruan.
Zeharkaldia bera nolakoa izango da?
Pasaiako bokaletik irtengo gara, 11:00ak eta 12:00ak bitartean, eta irteera ikusgarria izango da. Bilbotik, Hondarribitik, Hendaiatik, Mutrikutik… etorriko dira belaontziak, eta pasaitarrak animatu nahi ditugu ere parte hartzera. Oraingoz 30 bat belaontzi espero ditugu, baina hobe 50 balira.
Gauean ilargi betea izango dugu, eta hodei asko egon ezean, lagungarria izango zaigu. Normalean, ipar mendebaldeko haizea izango dugu, eta arrimatuta joan beharko dugu zeharkaldi osoan. Gau ederra izango da.
Landetako itsasertz guztia zeharkatuko dugu, eta aipatzekoa da, zonaldean izurde asko daudela eta ohikoa dela horiek ikusteko aukera izatea.
Gau osoa nabigatzen eman eta gero, aurreikuspena da larunbata arratsaldean iristea Girondara. 14:00etatik aurrera porturatuko ginateke, marea alde dugula. Bi irteera daude, iparrekoa eta hegoaldekoa, eta gu hegoaldetik porturatuko gara.
Aurkezpenean deialdia zabaldu zenuten, eta parte hartzera animatu. Oraindik izena eman ez duenak nora jo behar du?
Posta elektronikoz idatzi behar da, guk izen-emate orria helarazteko. Inskripzioak 60 euro balio du.
Belaontzirik ez duenak badu parte hartzeko aukerarik?
Bai, bilatuko genioke tokia. Norbaitek zeharkaldia egin nahiko balu, idatz dezala, parte hartzaileen artean badira bidaiariak eraman ohi dituzten pare bat belaontzi. Plan ederra da, beraz, norbaitek zeharkaldia egin nahi badu idatz dezala eta ia ziurra da tokia bilatuko diogula. Ziur ez zaiola damutuko. Plan ederra da.
Hondarribiko Nabigatzaileak Elkarteak antolatzen du estropada eta zu elkarteko kidea zara. Nolako elkartea du zuena?
Elkarte kulturala gara, irabazi asmorik gabekoa. Ez gara klub nautiko bat eta ez dugu izan nahi. Nabigatzea maite dugu eta bi estropada antolatzen ditugu urtero, orain aurkeztu berri dugun hau, La Victoire, eta irailean urtero izaten den beste bat: Gipuzkoako Belaontzien Estropada. Iraileko lehen larunbatean izaten da beti eta zazpi alditan jarraian antolatu dugu jada. Donostia-Mutriku-Hondarribia ibilbidea egiten dugu, bakarka eta binaka.