Lezo Erregional Ohorezko Mailakoa izan daiteke. Allerruk futboleko maila horretara igotzeko kanporaketa jokatuko du, larunbatean hasita, Urolaren kontra.
Allerrukoak, larunbatean, bigarren postua lortu zutelako pozik.
Ez du ustelkeriarekin inolako harremanik. Alderantziz. Elkarte baten, futbol talde eredugarri baten lanarekin du zerikusia larunbateko
Lezo operazioa-k. Allerruren gizonen talde nagusiak Zumarragako Urola jasoko du Plazetan (17:00etan da partida), Erregional Ohorezko Mailara igotzeko kanporaketako joaneko partidan.
Lezo operazioa-ren funtsa da Plazeta zalez betetzea, eta kiroltasunez zuri-berdeak animatzea.
Allerru bigarren izan zen Erregional Preferenteko bere multzoan, Urolak bere multzoan egin bezala. Azken partida larunbatean jokatu zuten lezoarrek, eta etxeko lanak ondo egin zituzten: 7-0 irabazi zioten Behobiari partidak iraun zuen 80 minutuetan, izan ere, Behobiako sei jokalari arrazoi ezberdinengatik kanporatuak izan zirelako irundarrak bostekin gelditu, eta partida une horretan eten zen. Trintxerpek ere irabazi zuen. Bigarren postua pasaitarrekin zuten jokoan Allerrukoek; lezoarren garaipenak (eta aurreko jardunaldiko emaitzek, nahiz urte osokoek batez ere) ahalbidetu dute Alerruk gora jauzia egiteko aukera izatea.
Urola. Talde ona da. Bere multzoan erraz asko izan da bigarren, lasai ibili dira azken jardunaldietan, estuasunik gabe. Sasoi honetan badago aurrekari bat: denboraldia hasi baino lehen, prestaketako partida jokatu zuten Zumarragan Urolak eta Allerruk. 2-1 irabazi zuten goierritarrek.
Atzo Gipuzkoako Futbol Federazioan egindako zozketaren emaitza izan zen lehen partida Lezon jokatu, eta bigarrena Zumarragan izatea (ordua zehaztu gabe).
Lezo operazioa da lehen urratsa.