Batzarrean erabaki dute, gehiengo osoz, mobilizazioekin bat egitea.
Atzo egin zuten batzarrean erabaki zuten Espainiako estatu osoko portuetan deituta dauden
zortzi lanuzteekin bat egitea. Enpresa batzordeak jakinarazi duenez, “kasik aho batez” hartutako erabaki izan da Pasaiakoa.
Madrilen onartu duten dekretua aztertuta beren lanpostuak eta lan baldintzak mehatxatuta ikusten dituzte zamaketariek: “Dekretuak ez du bermatzen langileen subrogazioa eta ABLEen (aldi baterako laneko enpresa) itzalak, nahiz zamalanetako enpresa berberak izan, sektorearen prekarietatea besterik ezin du ekarri”, adierazi dute.
Horregatik erabaki dute lanuzteetara batzea. Hilaren 24, 26, 29 eta 31n eta ekainaren 2, 5, 7 eta 9an egingo dituzte lanuzteak, ordu bakoitietan.
Gaineratu dutenez, lanuzteekin batera bestelako mobilizazioak egingo dituzte. Atzo egin zuten lehen manifestazioa, portuan bertan, Sageparen (zamaketarien kontratazioaz arduratzen den elkartea) egoitzaren aurrean.