Oarsoaldean, ahoz ahoko tradizioak belaunaldiz belaunaldi mantendu dituen kanta eta bertsoak berreskuratu eta ‘Hau leku aittorra’ liburuan bildu ditu Mendizabalek.
Agustin Mendizabalek ‘Hau leku aittorra’ liburuan kantu eta bertso zaharrak bildu ditu.Oarsoaldeko bertso eta kanta zaharrak berreskuratu ditu Agustin Mendizabalek (Oiartzun, 1967). Batez ere Oiartzun eta Errenteria-Oreretan bildu ditu gehienak, baina baita Pasai Donibanen eta Lezon ere. Oiartzungo Udalak argitaratzen duen Astalasmutrika bilduman argitaratu du Hau leku aittorra liburua, eta horretarako, 29 urte eman ditu ahoz ahoko transmisioa jasotzeko testigantzak biltzen eta grabazioak egiten, 130 pertsona ingururekin.
Oarsoaldeko bertso eta kanta zaharrak berreskuratu ditu Agustin Mendizabalek (Oiartzun, 1967). Batez ere Oiartzun eta Errenteria-Oreretan bildu ditu gehienak, baina baita Pasai Donibanen eta Lezon ere. Oiartzungo Udalak argitaratzen duen Astalasmutrika bilduman argitaratu du Hau leku aittorra liburua, eta horretarako, 29 urte eman ditu ahoz ahoko transmisioa jasotzeko testigantzak biltzen eta grabazioak egiten, 130 pertsona ingururekin.
Oarsoaldean, garai batean kantari aritzeko ohitura galdu dela argi du Mendizabalek: «Oso gutxi dira abesten aritzen direnak. Garai batean modu naturalean egiten zen».
Oarsoaldeko bertso eta kanta zaharrak berreskuratu dituzu. Nola hasi zinen lan horretan?
Kontu luzea da. Txikitatik izan dut interesa kanten munduaren gainean, baina ez nion zuzenean heltzen gaiari. 1989an Juan Mari Lekuonak hitzaldia egin zuen Oiartzunen. Bertara joan eta liluratua atera nintzen, eta hitzaldiaren ondoren, berarekin kanta batzuei buruz hitz egiteko aukera izan nuen. Interesatua ikusi ninduen, eta esan zidan oraindik zer jasoa bazegoela, ez zegoela dena bilduta. Harrituta gelditu nintzen.
Izen batzuk eman zizkidan, tartean, Errenteriako Eusebio Zabala Bainketa Goikoa baserrikoa; Anttonio Lekuona Oiartzungo Aranburu baserrikoa; Joxe Migel Escudero Oiartzungo Haize Gain baserrikoa; Rufino Arbelaitz zena, Oiartzungo Olalde baserrikoa; eta Robustiano Urkia, iturrioztarra. Urkiarekin ez nintzen izan azkenean, adinean aurrera zihoalako. Beste hirurekin bai, grabazioa egin nien, eta kanta batzuk bilduta transkripzioak egin nituen. Izeba-osabei ere egin nizkien.
Heldu zen momentu bat grabazio gehiago egiteari zentzu handia ez niola ikusten, eta bildutakoa Juan Mari Beltrani ematea erabaki nuen. Herri Musikaren Txokoa hasi berri xamarra zen. Bildutako hori galtzea ez nuen nahi, eta berari emateko asmoz joan nintzen. Beltranek segitzera animatu ninduen, poliki joateko aholkatu zidan, baina jarraitzeko, eta elkarrekin grabaketa mordoa egin genituen, batez ere 2004-2005 tartean.
Bultzadatxo horiek izan nituen eta animatu nintzen biltzera kanta eta bertsoak, baina liburua kontuan hartu gabe, ez zen nire helburua, nik jaso egin nahi nuen ondare hori, nik neuk ikasteko ere. Azken etapan, Xabi Susperregik galdetu zidan Astalamustrika Oiartzungo Udalaren bildumarako kanten liburua nik egingo ote nuen, eta baietz erantzun nion. Bildumaz arduratzen da Susperregi.
Hau leku aittorra izenburua jarri diozu liburuari. Zergatik?
Boni Urkizu zenak, Oiartzungo bikarioa, Susperregi baserriko Maria Zabala zena senide zuen. Zabalak esaten omen zuen, alorra emankorra zenean, ‘hau leku aittorra’. Beregana joan nintzen behin, oso kanta berezia ezagutzen zuelako, eta aipatu zidan aittorra hitza. Gustatu egin zitzaidan, gordeta nuen eta liburuari izenburua jarri behar nionean oroitu egin nintzen harekin. Patziku Perurena laguna dut, berari aipatu nion erruz dakielako gauza hauetaz, eta esan zidan bere etxean aitak hitz hori asko erabiltzen zuela, eta aurrera egin nuen.
Zaila izan da bilketa?
Nire interesen araberakoa izan da. Zaila ez, polita izan da niretzat. Egin dut nahi dudalako, interesatzen zitzaidalako, eta bertso eta kanta asko zekizkien pertsona bat zegoela jakin bezain pronto, ahaleginak egin ditut horrengana joateko. Lan handia izan da, batez ere azken urteetakoa. Gauza pila gelditu zitzaidan amaierarako, eta egituratu behar izan dut.
Gaika sailkatu dituzu bildutako kanta eta bertsoak?
Modu intuitiboan sailkatu dut liburua, hitzei eta bertsoak zionari erreparatuta sailkatu dut, baina baita funtzioari erreparatuta ere. Lehenengo kapituluan gorazarreak sartu ditut, bertsolarien artekoak; adiskidetasuna; jan-edana; maitasuna eta bikote harremanak —beti ez direlako gauza bera—; haurrentzakoak… hemezortzi atal. Aldaerak ere jaso ditut, jendeak benetan nola kantatzen duen biltzen saiatu naiz eta aldaerak ere jarri ditut, letretan aldaera asko dago, eta hitz ezberdinak. Eragiozu kantaren hamar aldaera aurkitu ditut, eta denak jaso ditut. Horrekin batera, testuingurua ere jaso dut: kanta bakoitza zertarako erabiltzen zen, non, zergatik abesten zen… askotan, horrek, kantak berak baino garrantzi handiagoa hartzen du.
Zenbat kanta eta bertso bildu dituzu azkenean?
Egia esan ez dut zenbatu, aldaerak esan moduan sartu ditudalako ere. Partiturak, 250etik gora bildu ditut.
Pasa den larunbatean egin zenuten aurkezpen abestua, zer moduz joan zen ekitaldia?
Oso ongi joan zen, jendea oso pozik gelditu zen, eta ni neu ere. Jendea oso gustura zegoen.Kantatu zutenek ere, bakoitzak ezagutzen zituenak kantatu zituen. Ez nuen nahi ez korurik ez bertsolaririk izatea, nahi nuen eserita abestea: etxean ikasitako kantak ziren eta horrela abesten ziren, giro hori eraman nahi nuen aurkezpenera.
Ahoz ahoko transmisioa bildu duzu. Zergatik da garrantzitsua horiek biltzea?
Bildutako kantetako batzuk mugan daude, Hogei oiartzuar kanta, adibidez. Doinua kataluniarra da, eta doinu horri Manuel Lekuonak euskarazko letra jarri eta korurako kanta sortu zuen. Orain 80 urte dituztenek umetan abesten zuten. Kantu hori nolabait transmititu egin da; gelditu da pertsona batzuen ahozkotasunean, beraiek ikasi dute ahoz aho. Orduan, hori zer da? Ahoz ahoko transmisioa, ala ez? Nahiko gertukoa da, partitura du argi eta garbi… halako besteren bat badago, baina berez, ahoz ahoko tradiziokoak dira bildu ditudanak.
Ahozkotasuna garrantzitsua da, hizkuntzari bizitasuna ematen diolako, pentsatzeko beste modu bat da, biziagoa, bere ezaugarriak dituena, oso interesgarria. Uste dut ez dela ahozkotasuna galdu behar. Izan dugun, eta gaur egun oraindik dugun aberastasuna erakusten du, eta ahozkotasunaren bidez gauza asko transmititzen dira: bizitzeko modua, ideiak, aurrekoen bizimodua eta pentsaera oso ondo islatzen dute. Bertsoak ez dira gaur egungo jendartearenak, eta erakusten du nolakoak ginen. Dauzkagun ideiak hankaz gora jartzen ditu, eta mitifikatuak genituen hainbat ere. Hori guztia interesgarria da, zer garen eta nondik gatozen erakusten dute.
Ahoz ahoko transmisioa aberatsa izan da Oarsoaldean?
Bai, oso aberatsa izan da, zalantzarik gabe.
Gaur egun galduta al dago ahoz ahokoa?
Gaur egun oraindik ere badago, baina ezin da lehen zegoenarekin alderatu. Aurkezpenean kantuan aritu zirenek aiton-amonengandik ikasi zituzten, eta beste batzuk gurasoengandik. Horiek agian ez dute jarraitu. Ez dago erabat etena, baina asko aldatu da. Haria ez da eten oraindik, halere.
Astalamustrika Oiartzungo Udalaren bilduma da. Zer suposatzen du?
Ahozkotasunean izan den eta dagoen ondarea azalaraztea, eta erakustea zein aberastasun dagoen garrantzitsua da. Arlo askotan egin dute gainera, atsotitzak direla, igarkizunak, kondaira zaharrak, kantak… polita eta beharrezkoa dela uste dut halako lana.
Agustin Mendizabalek ‘Hau leku aittorra’ liburuan kantu eta bertso zaharrak bildu ditu.
Astalamustrika hitza bera, nahikoa berezia da.
Xabi Susperregik esan didanez Oiartzungo ipuin batean azaltzen da. Sorginek altxorra jasotzen zuten kobazuloa zabaltzeko erabiltzen omen zuten.
Jaso duzun bereziena?
Gauza asko daude interesgarriak bildu ditudanen artean. Aukeratu beharko banitu, bi balada zatirekin geldituko nintzateke. Balada oso antzinakoa da, ipuin kantatua da, besterik ez zegoenean. Bi funtzio betetzen zituen, entretenimendua sortzea, baita berriak ematea ere. Izan zitekeen egia edo gezurra, baina jendea irrikan izaten zen kontatzeko zutena entzuteko, bati edo besteari gertatutakoak jakiteko. Zahar zaleak gara, eta baladen transmisioa etentzat ematen zen. Jasotako hauek, beraz, bi mirari izan dira, eta gainera, etorri egin zaizkigu. Boni Urkizu zenak ikasi zuen amarengandik horietako bat. Urkizu hil zen, baina aurkitu nuen bere izeba bat eta batek zein besteak emandakoekin lortu nuen osatzea. Frantziako anderea da balada hori, bizkaieraren eremuan oso zabaldua. Nafarroan hiru aldaera ditu, baina hemen inguruan ez zegoen, eta hau aldaera berria da.
Oiartzungo Elizaldeko Lizar kale baserriko tradizioa da beste balada, Brodatzen ari nintzen baladaren beste aldaera bat. Lau ahapaldi baino ezin izan ditugu lortu. Doinuak ere bereziak dira, ez dira batere ohikoak.
130 lekukotasun jaso dituzu liburua egiteko.
Kontuan hartuta zeharkako informazioa eman didatenak. 130etik gora, beraz. Gehienak nik jaso ditut, baina beste batzuk pasa egin dizkidate. Horietako asko Patziku Perurenak, Pello Añorgak, Luis Iparragirrek, Arantxa Mugikak eta Xabier Iguaranek pasa dizkidate. Jende gehiagok ere pasatu dizkit, baina hemen denak aipatzea ezinezkoa nuke. Liburuan denen izenak bilduta daude.
Andoni Odriozola oiartzuarrak egin ditu ilustrazioak.
Bai, liburua oso polita gelditu da. Asko sartu da kanta bakoitzean eta oso marrazki biziak egin ditu.
Euskal Herrian abestu egiten zen garai batean, ez agian duela hainbeste denbora, ohitura zegoen horretarako. Gaur egun hori etenda dago?
Bai hala da, etenda dago. Ipar Euskal Herrian askoz ere gehiago egiten da, baina haiekin hitz egiten baduzu, esango dizute asko galdu dela. Nik uste dut ohitura handiagoa dagoela han hemen baino. Eragin handia dugu irratiarena eta telebistarena. Niri amona batek esan zidan behin, ‘irratiak, honek, honek hondatu du dena’. Kantatzen da, baino askoz ere naturaltasun gutxiagorekin. Lehen bat hasten zen, bestea batzen zitzaion, eta gero gehiago… Orain kantatzen hasten zara eta denak begira gelditzen zaizkizu: ‘ze ondo kantatzen duen’ esango dute.
Gauza ez da ongi edo gaizki egitea, kantatzea baizik, eta naturaltasun hori galdu egin da. Niri eguneroko hori interesatzen zait, familia barruan gelditzen diren horiek, eta asko jaitsi da, galdu ez dakit, baina asko jaitsi bai.
Horren harira, jendea animatu nahi dut ingurukoetatik kanta eta bertso zaharrak berreskuratzera. Jasotzera eta erabiltzera, hori delako bizirik mantentzeko bidea, eta ondare hau ez delako agortzen.
Liburua erosteko
- Non. Urrats liburu dendan eros daiteke Hau leku aittorra! (Oiartzungo Mendiburu kaleko 12 zenbakian dago).
- Prezioa. 12 euro.