Musikaz Blai jaialdiaren barruan hamaika ekitaldi ari dira egiten egunotan Trintxerpen; Gaur eta bihar jarduera asko izango dira, tartean, Haurren 62. Dantza Solte Txapelketa.
Jaiak ez dira oraindik hasi, baina gezurra dirudi. Trintxerpen giro paregabea dago Musikaz Blai jaialdia hasi zenez geroztik. Serafin Esnaola plazako oholtzan, ia-ia egunero izan da ekitaldirik lehengo maiatzaren 25tik, eta musika noiznahi entzun daiteke Euskadi etorbidearen inguruetan.
Musika eskolako ikasleen kontzertuak, antzezlanak, haurrentzako jolasak… Urtero legez, barrutiko kultur eta gizarte eragile askoren ekarpenarekin osatu dute egitaraua, eta emaitzan, zalantzarik ez da, igarri egiten da.
Aurreko asteburuan festa jendetsua eta koloretsua izan zen. Larunbatean hamarnaka txistulari elkartu ziren Trintxerpen, jaialdiaren barruan urtero antolatzen duten alardera etorrita.
Igandean, berriz, Iñude eta Artzainek girotu zituzten bazterrak. Trintxerpen bigarren urtez irten da konpartsa, eta primeran pasatu zuten dantzatzera animatu zirenek zein ikustera bildu zirenek.
Ondoren, konpartsako kide guztiak herri bazkarian elkartu eta indarrak berreskuratuta, arratsaldeko erromerian dena eman zuten.
Musikaz Blai jaialdia, ordea, ez da oraindik bukatu. Gaurko eta biharko egitarau oparoa iragarri dute antolatzaileek. Haurrentzako jolasak, buruhandiak, kontzertu koralak eta instrumentalak, eta, biribiltzeko,Gipuzkoako Dantza Solteko Haurren 62. Txapelketa.
Gaur
- 17:30. Buruhandiak.
- 18:00. Haurrentzako jolasak Bovedak antolatuta, Gudarien Enparantzan.
- 18:30. Ondartxo, Trintxerzahar eta Trintxerpeko Erretiratuen Elkarteko abesbatzen emanaldiak, Serafin Esnaola plazan.
- 20:00. Pasaia Musikal eskolako gaita jotzaileak Serafin Esnaolan
- 20:30. Illunbe Akordeoi Orkestra Serafin Esnaolan.
Bihar
- 12:00. Arraiketai txaranga.
- 12:30. Kantu jira.
- 13:00. Itsas Mendiko txistulariak.
- 18:30. Gipuzkoako Dantza Solteko Haurren 62. txapelketa, Serafin Esnaola plazan.
- 19:45. Musika eskolako abesbatzen emanaldiak
- .21:30. DJa, Trintxer tabernak antolatuta.