Donibanen bilera irekia antolatu du udalak biharko, 18:00etan, udaletxean.
Aztikerrek dinamizatuko du parte hartze prozesua.
Pasaian herritarrek erabakiko dute udal aurrekontuaren 400.000 euro zertan inbertitu. Helburu horrekin parte hartze prozesu bat abiatu berri du udalak, eta bihar prozesu horren barruko lehen bilera egingo dute, Donibanen.
Bilera, erabat irekia, 18:00etan izango da, udaletxean. Lehen batzar honetan herritarren proposamenak jasoko ditu udalak, eta aurrerago bilera gehiago egingo dituzte lehentasunak adostu eta azken fasean erabakiak hartzeko. Guztira,
lau fasetan garatuko da parte hartze prozesua.
Bilerak, edonola ere, lau barrutietan egingo dituzte. Datorren astean Antxon eta San Pedron egingo dituzte proposamenak biltzeko bilerak, eta bi aste barru Trintxerpen.
Bileretara joateko aukerarik ez izatekotan, ekarpenak
Internetez ere egin daitezke, edota etxeetara banatu duten esku orria bete, eta Herritarren Arreta Zerbitzuaren (HAZ) bulegoetan, udaletxean, alkateordetzetan, kiroldegietan, kultur aretoetan eta gaztelekuetan horretarako propio jarri dituzten postontzietan bota.
Bilerak:
- Antxo: hilak 13, 18:00etan, ikastolan.
- San Pedro: hilak 15, 18:00etan, udal aretoan.
- Trintxerpe: hilak 19, 18:00etan, alkateordetzan.