Gaur izenpetu dituzte konpromisoak, udaletxean.
Donibanen sinatu dute gaur goizean lankidetza hitzarmena, udaletxean..
Azkenean iritsi da San Pedron askok irrikaz espero zuten eguna. Ez da prozesuaren bukaera, baina bai aurrera urrats garrantzitsua, eta hala aitortu dute gaur goizean, pozik, Arizabalon hitzarmena sinatzeko ekitaldian bildu diren hiru aldeek.
Proisako kide Igor Carballo ez ezik, udal ordezkariak izan dira bertan, –Izaskun Gomez alkatea eta Miriam Cano kultura zinegotzia–, eta baita kultura diputatu Denis Itxaso ere. Hirurek eskertu diote elkarri egindako ahalegina, eta hirurek nabarmendu dute Proisa mugimenduak San Pedroko kultur mugimenduari urte askoan egindako ekarpen aberats eta desinteresatua.
Azaldu dutenez, gaur izenpetu duten lankidetza hitzarmenaren bitartez, hiru aldeek prozesuan izango dituzten betebehar eta eskubideak jaso dituzte. Zentzu horretan, udalak, besteak beste, San Pedron ekipamendu berria eraiki ahal izateko arau subsidiarioen aldaketari aurre egin beharko dio. Hala adostu zuten, lehengo ostiraleko plenoan, aho batez.
Bien bitartean, Proisak proiektua definitzeko lanean jarraituko du. Proisako Kide Igor Carballok esan duenez, orain dela urtebete hasi ziren parte hartze prozesu baten bidez proiektua definitzen. Zehaztu duenez, lantalde txikietan aritu dira lanean, eta espazio beharrak eta edukiaren gaineko guztiak nahiko aurreratuta dituztela jakinarazi du.
Orain, baina, kudeaketa ereduaren gaineko lanketa ari dira egiten. Gune autogestionatua izango dela erabakita dago, eta horretan, aldundiaren erabateko babesa izango dutela adierazi du gaur kultur diputatu Denis Itxasok. Baina eredua, bideragarri izango den eredu bat, zehaztea falta da. Iraila edo urrirako proiektua idatzi eta entregatua egotea aurreikusi dute Proisako kideek.
Kudeaketa eredua definitzeko, aldundiaren laguntza jasotzen ari da Proisa eta beste kultur gune batzuk bisitatzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Epe motzean, Biharrian/Berreibar proiektura ezagutzera joango dira Eibarrera, eta horiez gain, Azpeitiako San Agustin kulturgunera eta Gernikako Astrara bisitak aurreikusiak dituzte.