Oiartzun ibaiaren ezkerraldeko kolektorearen zatia berritzeko lanak udalarentzat "afera garrantzitsua" izan direla beti erantsi du udalak.
Obrak eragina izango du herrian udalaren iritziz, hainbat gabezia konpondu eta uraren kalitatea hobetuko du.
Kolektore berria eraikiko dutela Iztietan jakinarazi zuten atzo Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak, eta Maije Zelaia Añarbeko Uren Mankomunitateko presidenteak. Obra hori garrantzitsua dela Errenteriaren etorkizunerako esan du gaur Errenteriako Udalak, eta horrenbestez “ados” dagoela aldundia eta Añarbeko Uren Mankomunitateak sinatutako akordioarekin.
Oiartzun ibaiaren ezkerraldeko kolektorearen zatia berritzeko lanak udalarentzat “afera garrantzitsua” izan direla beti erantsi du udalak, “Añarbeko Urak Mankomunitateko zuzendaritza organoetan udalak dituen ordezkariak, Jose Cruz Legorburuk eta Bernar Lemosek, agintaldi hasieran azaldu zioten mankomunitateari gai horren gaineko kezka”.
Obra horrek herrian eragina izango duen zalantzarik ez du udalak: “Saneamendu sareko hainbat gabezia konponduko ditu, eta Oiartzun ibaiaren uren kalitatea hobetuko du. Jarraipena emango die ibaiaren ibilguan nahiz inguruetan burutzen ari diren eta iraganeko egoera asko hobetu duten esku hartzeei”. Urrats honen ondoren, beste hainbat egin behar direla erantsi du udalak, eta horren harira nabarmendu du mankomunitateak RENFEren trenbidearen aldameneko bokaleko eraikina birgaitzeko erabakia hartua duela, eta Oiartzun ibaiaren eskuineko ertzean kolektorea hobetzeko proiektua prestatzeko prozesua ere abian jarri duela.