Itsas Topaleku bihurtuko du Errenteria-Orereta Atlantikaldiaren laugarren ekitaldiak irailaren 21etik 24ra bitartean. Alpha Blondy Boli kostako reggae taldea eta Madrileko Amparanoia taldea izango dira kartel buru aurtengo Atlantikaldian, eta Kukai Dantzak ere izango du lekua.
Collar, Mendoza eta Landa Atlantikaldiaren gaurko aurkezpenean.
Itsas Topaleku bihurtuko du Errenteria-Orereta
Atlantikaldiaren laugarren ekitaldiak irailaren 21etik 24ra bitartean. Gaur aurkeztu dute kultur topagune eta musika jaialdiaren laugarren aldia Julen Mendoza alkateak, Jon Collar Kultura zinegotziak eta Laura Landa Atlantikaldiaren zuzendari eta Kultura teknikariak, eta dagoeneko bertan parte hartuko duten artisten aurrerapen bat eskaini dute: “
Alpha Blondy Boli kostako reggae taldea, eta Madrileko
Amparanoia taldea izango ditugu kartel buru aurtengo Atlantikaldian”. Amparanoiak
El coro de mi gente azken diskoa aurkeztuko du. Hirugarren taldea ere jakinarazi dute, Kukai Dantza. Hamabost urte beteko ditu aurten, eta hori dela eta herritarrei emanaldi berezia eskaini nahi zietela errenteriarrek azaldu du Landak.
Adiskideak ikuskizuna taularatuko du Kukai Dantzak, eta berekin batera izango ditu, besteak beste, Iñaki Salbador eta Oreka Tx. Kukairi erreferentzia berezia egin diote agerraldian, eta gogora ekarri, duela gutxi hiru Max Sari irabazi dituela.
Musika emanaldi gehiago ekarriko ditu Atlantikaldiaren ekitaldi berriak, baina momentuz ezin dutela ezer gehiago aurreratu esan du Landak, “itxi ahala webgunean eta sare sozialetan zabaltzen joango gara”.
Kultur lehorreratze erraldoi bat irudikatuko duela Atlantikaldiaren laugarren aldiak esan du Mendozak, “munduko txoko ezberdinetako musikak, hizkuntzak, gastronomia, jolasak eta bestelako jarduerak ekarriko ditu”. Hortik,
Itsas Topaleku goiburua. Lehenengo bi ekitaldietan Errenteriaren itsas izaera barneratzea lortu zuela jaialdiak esan du, hirugarrenean Atlantikotik harago mundura zabaldu zela, eta aurtengoak bide hori urratzen jarraituko duela, “Itsas topaleku bilakatzeko”. Bi zutabe nagusi dituela Atlantikaldiak erantsi du alkateak, “Kultur topaketak dira eta herriko eragileak dira protagonistak, baina musika jaialdia ere bada, eta bertan ikusteko aukera izango dugun emanaldiak bakarrak izango dira, ez dira beste inon emango”.
Jaialdiaren izaera parte hartzailea nabarmendu du bestalde, Collarrek: “Jaialdia herritarrek eta herritarrentzat egina da., eta kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza erraztea du helburu, eragile ezberdinen arteko elkarrizketa eta elkarlana sustatzen du, gure artean eta kultura ezberdinen artean”. Horren harira, Errenteria-Oreretan 80 kolektibitate elkarrekin bizi direla nabarmendu du. Eragileak aipatu ditu ondore, “horien inplikazioa beharrezkoa da jaialdia aurrera ateratzeko”, eta Atlantikaldiak, kultura modu zabalean ulertzen duela nabarmendu du, aniztasuna eta oreka sustatuz.
Kultur programazio zabala
70 ekintza izango dira Atlantikaldiak irauten duen lau egunetan, eta egitarau hori osatzeko herritarren proposamenak jaso ditu udalak: “Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta aurreko ekitaldietan baezala, aurten ere, herritarren proposamenekin osatuko du udalak kultur programazioa”. Eskerrak eman dizkie Collarri ekarpenak egin dituzten eragile eta herritarrei, “aurten ere proposamen zaparrada ederra jaso dugu”. Diziplina aniztasunari ere erreparatu dio: Musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, azokak eta kaleko artea izango dira, besteak beste, osatutako egitarau biribilaren barruan.
Mendozak, Collarrek eta Landak herritar guztiak gonbidatu dituzte Atlantikaldiarekin gozatzera, eta jakinarazi dute aurrerapen bat ere izango dela. Izan ere, uztailaren 13an, ostegunarekin kontzertua antolatu dute Iztieta auzoan, ibaiaren inguruan. DJ Makali eta Denis Barzaga perkusionista kubatarra izango dira bertan 19:00etatik aurrera. Mendozak argi esan du, “Atlantikaldia urte osora zabaldu nahi dugu, eta hau lehen urratsa izango da”.