Atzo arratsaldeko sutea toki askotatik ikus zitekeen.
Gau osoa lanean eman ondoren, 07:00ak aldera itzali dute Pukasen surf taulak egiten dituen Olatu enpresako sutea. Suteak erabat kiskalita utzi zuen Ugaldetxo industrialdeko Olatu lantegia.
Sei suhiltzaile ospitaleratu behar izan zituzten, eta horietako batek ospitalean jarraitzen du ordu hauetan (astearte eguerdia). Eurez gain, enpresako langile bat ere artatu behar izan zuten, kea arnastuta.
17:00ak inguruan hasi zen sutea. Donostia, Bidasoa, Zarautz eta Legazpiko 35 suhiltzaile hurbildu ziren bertara, itzaltze lanetara. Keak eta egiten zuen sargoriak suhiltzaileei eragin zien.
Suteak ondoko fabrikak hustutzea ekarri zuen, badaezpadako neurri bezala. Gainera, Oiartzungo Udalak inguruko bizilagunei leihoak ixteko gomendatu zien, kea etxeetan sar ez zedin. GI-2132 errepidea ere itxi behar izan zuten.