Pasaiako Udala buruhandiak berritzen ari da, herriko sortzaile
Zigor Gartziaren laguntzaz; gaur arratsaldean, Donibanerako sortutako buruhandia irtengo da lehenbizikoz kalera, sanjoanetan.
Zigor Gartzia, bateleraren buruhandiari azken ukituak ematen.
Sanjuandarra da, eta Olatz du izena. Sortu, ordea, San Pedro eta Donostia artean sortu dute. Lanbidez batelera, sortzetik idatzia du patua: badiaren alderik alde ibiltzea. Hori bai, itsas garraioan edo zamalanetan baino, festa giroan arituko da, dantzari eta lasterka, haur ausartenak ere uxatzen.
Pasaiako Udala buruhandiak berritzen ari da. Blas de Lezoren buruhandia izan zen berrietan lehena, San Pedron eta sanpedrotarrek sortua. Orain, baina, sanjuandarren txanda da.
Batelera batek ordezkatuko ditu sanjuandarrak buruhandien konpartsan, gaurtik aurrera. Izan ere, sanjoanak hasiko dira gaur arratsean Donibanen, eta orduan izango du Olatz batelerak debuta.
Zigor Gartziak sortu du batelera, udalaren enkarguz, eta berak eramango du gaur, 18:30ean, Meipitik plazara, proba gisa, nola heldu eta eraman daitekeen ikusi, eta ondoren buruhandiarekin ariko direnei erabileraren gaineko azalpenak emateko. Izan ere, buruhandia ez da txikia, Gartziak zehaztu duenez: «Donostiakoak hartu ditugu eredu. Batelerak metro bat pasatxo du, eta hamabost kilo inguru».
Hasiera batean buruhandia nerabeentzako tailer batean egiteko asmoa zuen (hala egin zuten Blas de Lezo San Pedron), baina eskaintzak, Donibanen, ez zituen nahikoa haur erakarri, eta azkenean Gartziak berak sortu du buruhandia. Hilabetetako prozesua izan da, eta festak hasteko bezperatan, azken ukituak ematen dihardu, San Pedron, Borja Arratibelek utzitako sotoan. Han lanean ari zela azaldu ditu Gartziak sortze prozesuaren gainekoak. «Lehenik, buztinez egiten dut, tina bat balitz bezala, hutsa barrutik, egiturarik gabe», azaldu du. Ondoren, sortzen du moldea, bateleraren kasuan, hiru piezakoa: «Aurpegia aurretik, kokotea atzetik, eta txanoa, hiru pieza, eskaiolazkoak».
Igeltsuzko moldeak prestatuta buztina kendu, eta barrutik geratzen den tartea poliesterrarekin betetzen du. «Poliesterra Ondartxon egin dut, Jaizkibel dragaren ondoko etxola batean». Izan ere, Proisa eraitsi zutenetik, handik hona dabiltza artista sanpedrotarrak. Gartziak Donostiako Txominen du tailerra, soto batean, beste bi lagunekin konpartituta. Berandu baino lehen, baina, San Pedron atondu nahi du bere tailerra.
Trintxerpen, arrantzalea
Sortzen hurrena, Trintxerpeko buruhandia izango da. Dena ongi bidean, litekeena da aurtengo karmenetan kaleratzea. «Sole Handian ibilitako arrantzale bat izango da, bakailaoan aritu zirenetakoa, Trintxerpeko Urrezko Miliaren garaikoa», eta batelerarekin alderatuta oso bestelakoa izango dela nabarmendu du Gartziak: «Erabat desberdina izango da. Gizona da, gaiztoa, eta azala urratua du alkoholarengatik eta gatzarengatik». Aitortu duenez, marinela sortzen gozatzen ari da gehien.
Egitekoen zerrendan Antxoko buruhandia, baina datorrenean beharko, aurten jaiak hastear dira eta.
Itsas Mendi, aurtengo sanjoanetako protagonista
Enara Perez Martinek eta Jon Escribano Sarasuak piztuko dute gaur San Joan jaiei hasiera emango dien txupina, Donibaneko plazan, garai bateko udaletxearen balkoitik. Ordurako, baina, barrutiko txikienak festetako giroan murgilduta izango dira, Meipitik plazara, lasterka, erraldoi eta buruhandiekin.
Hortik aurrera, klasikoetan klasikoenak. Aurten 200. urteurrena ospatzen duen Konstantzia Musika Banda plazatik elizara bidean irtengo da, eta salbea bukatuta piztuko dute sua, plazan, suaren inguruan aurreskua dantzatuz udako solstizioa ospatzeko.
Urteko gau motzenaren ondotik, bihar, festetako egun handia eta luzeena. Eguerdian herriko haurrek alaituko dituzte bazterrak, arrantzalez dotore jantzita, eta danborrak gogoz astinduta. Arratsaldean, berriz, Sagardo Egunaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein estropadak erakarrita bertaratuko diren bisitariek. Aurten, Florentino Legorburuk zabalduko du txotxa.
Etzira bitarte ospatuko dituzte Donibanen barrutiko lehen jaiak. Festetako azken egunean, aurten Itsas Mendi elkartea izango da protagonista.
Mende erdia bete duela ospatzen ari da aurten Itsas Mendi, eta urteurrenaren harira, dantza saio berezi bat antolatua du igande eguerdirako, baita herri bazkaria, eta ondorengo dantzaldia ere.
Egitaraua
Gaur
18:30. Buruhandiak aterako dira Meipitik plazara arte.
19:30. Txupinazoa eta ikurrinaren igoera. Jarraian, agurra eta erraldoien dantza.
20:00etatik 21:00etara. Dantzaldia, Santiago plazan, DJarekin.
20:45. Konstantzia Bandak plazatik elizarako bidea egingo du. Ondoren, San Joan sua eta aurreskua plazan.
22:00etatik 00:00etara. Dantzaldia plazan DJarekin.
Bihar
10:00. Diana Itsas Mendiko txistulariekin.
12:00. Haur eta gazteen danborrada Meipitik plazara.
17:30. Sagardo Eguna Santiago plazan.
17:30. Estropadak San Juan-Koxtapek antolatua. Ondoren, traineruen aurkezpena. Informazio gehiago astekari honetako 6 eta 7 orrietan.
21:30. Musika Santiago plazan DJarekin.
Etzi
10:00. Herri triatloia Xanju Kirol Klubak antolatua.
12:30. Dantza saioa Santiago plazan.
13:00. Donibane Dantza Taldearen urteko emanaldia.
14:30. Herri bazkaria egingo dute frontoian, eta ondoren dantzaldia.