Jesus Mari Zamora futbol jokalari errenteriarren biografia aurkeztu zuten atzo Don Boscon. Aurpegi ezagun asko bildu ziren bertara.
Aingeru Espinosa, Jesus Mari Zamora eta Iñaki de Mujika, atzoko aurkezpenean.
Atzo aurkeztu zuten Don Bosco ikastetxean Jesus Mari Zamora futbol jokalari ohi errenteriarraren biografia liburua. Aingeru Espinosa idazle eta editoreak egina da
Jesus Mari Zamora y la Real Sociedad, cantera y sentimiento, Naveus argitaletxearekin. 546 orrialde eta 26 kapitulutan, Zamoraren futbol bizitzaren berri bakarrik ez, garai baten, egiteko era baten, oraindik hazten ari zen klub baten arrakastaren kronika dago jasota. 10 zenbakia zeraman errenteriarrak elastikoan. Hori baino gehiago izan zen, eta da.
Iñaki de Mujika kirol kazetariak gidatu zuen aurkezpena. Noski, Zamorak eta Espinosak ere izan zuten zer esan. Egilearen arabera, liburua “1970-1980 hamarkadetako Reala inoiz ez ahazteko” balioko duen lana da, “bi ligaren edo kopa baten kronika baino askoz gehiago, Zamoaren ikuspuntutik”. Zamorak, bere aldetik, eskerrak eman zizkion Espinosari nahiz liburua egiten lagundu duten guztiei. Eta liburuaren oinarrian gai bat dagoela azaldu zuen: “Egoen, norbanakoen nahien gainetik, talde lanean oinarritu zen zerbaiten berri ematea izan da asmoa”.
Ostiralean, HITZAren papereko edizioan, liburuaren gaineko xehetasun gehiago erreportaje zabalean.
Aurpegi ezagunak, historikoak
Atzokoa ez zen aurkezpen soila izan. Gipuzkoako futbolaren historian arrastoa utzi duen belaunaldi baten bilkura izan zen ere. Zamoraren arrakastek harreman zuzena dute 1970ko hamarkadan mamitzen hasi, eta 1980koan arrakasta lortu zituen taldearekin. Eta taldekideek ez zuten hutsik egin. Don Boscon izan ziren, besteak beste, Luis Arkonada, Roberto Lopez Ufarte, Alberto Gorriz, Periko Alonso, Jesus Mari Satrustegi, Santi Idigoras… Gainera, beste belaunaldi batzuetako jokalariak ere izan ziren.
Eta noski, lehen lerroan, Zamoraren ondoan, familia.
Ondokoak aurkezpeneko hainbat irudi dira.