Joan den apirilaren 22an Errenteria-Oreretan elkartasun eguna egin zuten.
Baldintzarik gabeko espetxe zigorra berretsi du Espainiako Auzitegi Nazionalak lehengo martxoaren 11n Iruñean atxilotutako Oreretako hiru gazteentzat.
Egozten dizkieten delituak errepikatzeko arriskua dagoela argudiatuta
ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxe zigorra. Talde antolatua izatea leporatzen diete, eta ekintzak aldez aurretik planifikatu izana.
Defentsak eta atxilotutakoen senideek eskatutakoaren kontra, Espainiako Auzitegi Gorenak auziaren gaineko eskumena aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari. Hain zuzen, horixe salatzeko,
Etorkizunaren Alde herri plataformak manifestazioa antolatu du iganderako,
Etorkizunaren Alde. Atxilotutako gazteak askatu lelopean
. Manifestazioa isila izango da eta 12:30ean abiatuko da Herriko Plazatik.
Asier, Endika eta Rubén Iruñeko kartzelan daude preso pasa den martxoaren 11tik.
Errepresioari autodefentsa lemapean abiatu zuten manifestazioan atxilotu zituzten, eman ziren istiluen ondorioz. Laugarren inputatu bat ere badago, baina adingabea da.
Ekainaren 23an erabaki zuen Auzitegi Gorenak, auzia Auzitegi Nazionalak epaituko zuela. Senide zein herritarrek sortu duten Etorkizunaren Alde plataformak ez du erabaki hori onartu hasieratik, jakinik, gainera, Nafarroako Auzitegiak apirilaren 11n ebatzi zuela ezin zirela gertakizun horiek terrorismotzat jo. Auzitegi Nazionalean epaitzea “proportzionaltasun eta berdintasun printzipioen aurkakoa” dela babesten dute, Iruñean gertatu zena inoiz ez litzakeela terrorismotzat hartuko Espainiar Estatuko beste edozein lekuetan.
Plataformak gazteen askatasuna eskatzen dute eta manifestaziora joateko deia zabaldu nahi diete herritar, alderdi politiko, herri erakunde, kultur elkarte eta beste edozein kolektibori, “guztion artean sostengua adierazteko”.