Iñaki Arbelaitz herrigintzan oso ezaguna zen. Oiartzun asko maite zuen, eta kontaezinak dira herriari egin dizkion ekarpenak, beti borondatez.
Iñaki Arbelaitz, iazko urtarrileko irudian. Argazkia: oiartzuarrak.org
Gaur —asteartea— hil da Iñaki Arbelaitz Gelbentzu oiartzuarra, 73 urte zituela. Iturriozkoa bera, herrian aski ongi ezaguna zen hainbat alorretan Oiartzuni eta herrigintzari egindako ekarpen handiagatik, beti borondatez.
Ofizioz ingeniari mekanikoa, handik urrun eman zituen bere aisia orduak, milaka eta milaka ordu herriaren alde lanean jarriz. Erretiro garaian, areagotu egin zuen Oiartzuni ekarpena egiteko desioa.
Ikerketan, herriko historia eta ondarea ikertzen, etnografian, idazle bezala —
Lexoti bertsolaria (1982) eta
Bertsolari Eguna 1968-88: Jose Luis Lekuona Lexoti liburuen egileetakoa da, besteak beste
—, antzerkigintzan, bertsolaritzan, politikan —Herri Batasunako zinegotzi izan zen 1983-1987 legealdian—, elkarteen mugimenduan, Aranzadi Zientzia Elkarteko kide zen, herriko argazki artxiboa osatzen lagundu zuen… Kontaezinak dira Arbelaitzek herriaren alde egindakoak. Eta denek ezaugarri bat zuten: herrigintza eta euskara.
OARSOALDEKO HITZAren ON aldizkariaren kolaboratzaile ere izan zen.
Oiartzuarrak.org-en iazko urtarrilean egindako elkarrizketan, aitortu zuen herritik gehien gustuko zuen eremua Sarobe errekaren ingurua zela, bertako uragatik, bakeagatik, zuhaitzen freskuragatik… “pertsona gaiztoena ere baketsu dator handik”, esan zuen.
Oiartzun, pareta zaharrak erantzun esaldia zuen gustuko. Herria maite zuen, eta azken boladan herriak hainbat arlotan izan duen garapena —kultura, kirola, herrigintza— goraipatzen zuen.
Asteazken arratsaldean hileta elizkizunak egingo dituzte, Done Eztebe parrokian, 19:00etan hasita. Txistulari eta dantzariak 19:15ean elkartuko dira atarian, azken agurra emateko.