Ezkerretik eskuinera: Ereintzako Mikel Boca, Juantxo eta Alain Maya, Lurdes Uranga eta kultura zeingotzi Ion Collar.
Madalenak ate joka daude. 1999tik bezala, festen aperitiboa bilakatu den jaialdia antolatu du Ereintza dantza taldeak: Erromeria Eguna. Larunbaterako egun osoko egitaraua antolatu dute (behean zehaztuta).
Gaur aurkeztu dute egitaraua. Juantxo Mayak azaldu duenez, urtero berritasunak sartzen saiatzen dira. Horrela, berritasun nagusienak zerrendatu ditu Mayak: arratsaldeko erromeria gidatu ohi zuen Aiko taldea eguerdian ariko da, eta beren ordez Patxi Perez eta Konpainia eta Xabier Solano eta Jon Mari Beasain ariko dira Gamon Zumardian.
Horrez gain, Niessen elkarteak antolatutako bola joko txapelketa Erromeria Egunaren egitarauan sartu dute estreinakoz. Alain Mayak azaldu du: “Egun berean antolatzeko asmoa zuen Niessenek, eta gurekin hitz egitera etorri ziren. Egitarauan txertatu dugu, ongi ezkontzen dutela uste dugulako”.
Horrez gain, urteroko bazkarirako txartelak salgai daudela gogorarazi dute. Arkaitza tabernan, Belen gozotegian, Paki belar dendan eta Ereintza elkartean eros daitezke, hamabost euroren truke.
Eskertza
Juantxo Mayak Erromeria Eguna laguntzen duten babesleak eskertu ditu. “Indar handiko ekitaldia da, eta gastu handia du. Eskerrak eman nahi dizkiogu Errenteriako Udalari, baita laguntzen gaituzten komertzio txikiei ere. Gure kulturarengatik egiten duten esfortzua eskertu nahi diegu”, esan du Mayak.
Ion Collar kultura zinegotziak, bere aldetik, eskertza itzuli die Ereintza dantza taldekoei. “Madalenetan Ereintzak antolatutako ekitaldi ugari daude, eta hala ere, indar handia jartzen dute Erromeria Eguna antolatzeko”, esan du Collarrek. Gaineratu duenez, herriak ez ditu madalenak Erromeria Egunik gabe ulertzen.
Alain Mayak herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko ekitaldietan parte har dezaten. “Herritarrak dira protagonista, eta egitaraua eurek parte hartzeko amua besterik ez da”, nabarmendu du.
Errenteria Dantzan, igandean
Erromeria Eguneko dantza ekitaldien biharamunean, dantza dosi gehiago eskainiko du Ereintzak. Errenteria Dantzan jaialdia egingo dute Gamon Zumardian. Atzerriko talde bat gonbidatzen dute urtero. Aurten Tungurahua Ekuadorreko taldea ekarriko dituzte Errenteria-Oreretara. Eskarmentu handiko taldea da: 22 aldiz bidaiatu dute Europara.
18:00etan desfilea egingo dute Tungurahua eta Ereintzak, eta ordu erdi beranduago hasiko da emanaldia. Talde bakoitzak bina saio egingo ditu, uztartuta.
XIX. Erromeria Eguneko egitaraua
- 10:45ean: Diana herriko kaleetan.
- 11:00etatik 13:00etara: Bola joko txapelketa, Foru Plazan.
- 11:30ean: Hamaiketakoa, Koldo Mitxelena plazan.
- 12:00etan: Aiko taldearekin, dantza poteoa. Gainera, musika eta dantzariak herriko hainbat txokotan ibiliko dira.
- 14:30ean: Herri bazkaria, Koldo Mitxelena plazan.
- 18:00etan: Erromeria, Gamon Zumardian. Bertsolarien sarrera; Xabi Solano eta Jon Mari; Enara eta Zuriñe; eta Patxi Perezen dantza gidatua.