KEI ziurtagiria lortzeko arduradunen taldea.
Haurtzaro Ikastolak KEI (Kalitate Egitasmo Integrala) ziurtagiria jaso du. Horreum fundazioko auditoreek pasa den ekainaren 27aneta 28an egin zuten auditoretza, ikasle, guraso eta langileekin.
Ziurtagari hori lortzea aspaldiko asmoa zela onartu du Sorkunde Lekuona Haurtzaroko zuzendariak: “Urte askotako ahaleginaren, lanaren eta ilusioaren ondorengo fruitua izan da”. Pasa den ostiralean eman zieten albistearen berri.
“KEI ikastetxeetan esku hartzeko eredu bat da, eta zigilu horrek ziurtatzen du gure ikastola prozesuen eta pertsonen lanaren hobekuntzan oinarritutako erakundea dela”, argitu du Lekuonak. Azaldu duenez, ziurtagiri hori jasotzeak ikastetxea bere osotasunean aintzat hartzen du: zentroaren planteamenduak, antolaketa, elkarbizitza, tutoretzak, curriculuma, prestakuntza, familia eta inguruarekiko harremanak, eta abar.
Horregatik, Lekuonak hezkuntza komunitate osoa zoriondu du. “Poztu gaitezen, gure ikasleak kalitateko ikastola batean daudelako”, esan du zuzendariak.
Hiru ezaugarri
KEI ziurtagiriak hiru ezaugarri dituela gogorarazi dute ikastolako arduraduneak. Batetik, kalitatearen arloan Ikastolen elkarteak proiektu propio gisan definitzen du. Bestetik, ez du enpresen munduak sortutako eredua kopiatzen. Deustuko Unibertsitateak, Horreum Fundazioak eta Ikastolen Elkarteak diseinatutakoa da, irakaskuntza zentroak ebaluatzeko, eta Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka. Azkenik, Euskalit-en Q Ziurtagiria ezagunagoa bada ere, haren parekoa da, ikastetxearen kalitatea neurtzeko irizpideak alderatuz gero.