Lau urte eta erdi pasa ditu espetxean, eta aurretik beste bi urtez egon zen preso gazte Oreretarra
Senide eta lagunak zain zituen Xabier Lujanbiok.
Xabier Lujanbio Oreretarra askatu dute. Foncalenteko (Alacant, Herrialde Katalanak) espetxetik irten da, sei urte eta erdiko zigorra beteta. Eguerdia pasatxo zela irten da espetxetik. Zain zituen bertan senide eta lagunak, autobusa ere antolatu dute Alacantera, eta txalaparta eta trikiti doinuak ere ez dira falta izan dagoeneko preso ohi oreretarrari lehen harrera egiteko. Espetxea utzita, Oreretara bidea hartu dute, eta herrira iritsitakoan egingo diote lehen harrera Lujanbiori.
2013ko urtarrilaren 19an atxilotu zuten Lujanbio, Donostian, Arkaitz Anza eta Maitane Linazasororekin batera. Espainiako Auzitegi Gorenak euren kontrako epaia berretsi ondoren, ezkutatuta egon ziren hilabetez, eta Donostian Eleak mugimenduak deitutako manifestazioan agertu ziren. Egun horretan bertan, Maria Cristina hotelean kateatu ziren, eta orduan atxilotu zituzten.
2008an atxilotua
2008ko apirilean eman zuen Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Oarsoaldeko 22 gazte atxilotzeko agindua, Segiko kide izatea leporatuta. Horietako hamar, apirileko polizia operazioan atxilotu zituzten eta beste hamar, Donostiako Auzitegian aurkeztu zirenean, urte horretako uztailean. Beste bik ihes egin zuten.
Apirilean atxilotu zituztenek tratu txarrak eta jazarpen sexuala salatu zituzten. Atxilotuen artetik, hamazazpi auzipetu zituzten eta gainontzeko hirurak, epaiketaren aurretik absolbitu zituzten. Segiko kide izatea leporatu zieten guztiei.
2012ko uztailean seiri kartzela zigorrak ezarri zizkieten, epaiaren arabera betiere, «talde terroristako kide» izatea leporatuta. Lujanbiori sei urte eta erdiko zigorra ezarri zioten, eta gainontzekoei seinakoa. Fiskaltzak auzipetu guztientzako zortzina urteko espetxe zigorrak eskatu zituen, eta AVTk, berriz, zortzi eta hamabi urte artekoko zigor eskaerak egin zituen. Auzipetutakoek orduan salatu zutenez, “torturetatik lortutako autoinkulpazioen frogekin” zein jazarpenekin epaitu zituzten, eta “sei urteko espetxe zigorra ezarri digute Euskal Herriarekiko erakutsitako konpromisoarengatik”.
Lujanbio da auzi horregatik espetxean jarraitzen zuen bakarra.