Arditurriko meategiak ezagutzeko parada izan zuten.
Atzo goizean ospatu zuten, seigarren aldiz, Arditurri Eguna. 200 bat lagun hurbildu ziren meategi zaharrak zeuden ingurura. Bertara joateko trena atzera eta aurrera ibili zen, jendez beteta.
Taloak eta hanburgesak egiten ikasteko aukera izan zuten bertara hurbildu zirenek.
Horrez gain, hegazti askatzeak ere arrakasta handia izan zuen. Miru beltz bat eta zapelaitz bat askatu zituzten. Lehenengoa intoxikazio batengatik artatu zuten, eta zapelaitza, berriz, tiro bat zuelako. Hegaztiak berehala atera ziren hegan, eta guztiz osatuta daudela erakutsi zuten. Horrez gain, haurrentzako tailer gehiago egon zen; karetak eta txapak egitearena, kasu.
Eta, behin hara hurbilduta, meategi zaharrak bisitatzeko aukera baliatu zuen batek baino gehiagok.
Antolatzaileak pozik dira atzoko goizak eman zuenarekin. Datorren urtekoa iristeko irrikitan egongo dira.