Txapelketa bukatu zenean, familia argazkia egin zuten.
Ostiralean bukatu zen Don Vito futbito txapelketaren enegarren ekitaldia. Kontsolazioko eta ohorezko finalak jokatu zituzten Miguel Irastorza eskola zenaren zelaian.
Hirugarren eta laugarren posturako lehian Borussia eta Sua taldeek neurtu zituzten beren indarrak. Alemaniako taldea omentzen dutenek eraman zuen partida, 3-2 gailenduta. Sua talde beteranoak datorren urtera arte itxoin beharko du lehen aldiz podiumean sartu nahi badu.
Partida bukatuta, partidarik garrantzitsuenaren txanda izan zen. Alde batetik, Baretas taldea. Bestetik, Don Vito txapelketa gehien irabazi duen taldea: Nottinghan Prisa. Lehia estuko partida izan zen, zirraragarria, eta berdinketarekin bukatu zen partida. Hirunako markagailua hausteko, penaltiak jaurti zituzten: Nottinghanekoak 3-2 nagusitu ziren bertan.
Sari banaketa eta afaria
Aurten, estreinakoz, sari banaketa egin dute. Finalistentzako sariez gain, beste sari batzuk ere banatu zituzten. Horrela, Baretas taldeko Josu Iribarrenek jaso zuen jokalari onenaren saria. Atepean, Imanol Martinez izan da katu baten ibilkerarengandik hurbilen egon dena. Joko garbiarena, berriz, aurten sortutako United taldeak eraman du.
Eta bukatzeko, festa aparta. Aritz Perezek chef lanak egin zituen parrilan. Denentzako okela prestatu, eta pixka bat luzatu zen festa. Ordura arte hormigoizko zelaian arerio izan zirenek elkarrekin hartu zituzten Don Vito 2017 txapelketako azkeneko garagardoak. 2018ko maiatzean elkartuko dira berriro, ziur. Ordurako ea Robin Hoodik agertzen den (ala ez), Nottighameko sheriffei euren altxorra lapurtzeko.