Auntxa Trikitixa Eskolako ikasleen emanaldi bat
Auntxa Trikitixa Eskolak trikitia eta panderoa jotzen ikasteko aukera eskainiko du, beste urte batez. Elizalde Herri Eskolan emango dituzte klaseak, Iñaki Aranagaren eskutik.
Eskolak ordubetekoak izango dira, astean behin. Eskolez gain, taldekako saio bereziak egingo dituzte, urtean zehar eskaintzen dituzten emanaldiak prestatzeko. Auntxak nabarmendu duenez, trikitixa eta panderoa jotzen ikasteko hainbat metodologia erabiltzen dituzte: zenbakien bitartez, aurrez aurre, solfeoarekin… 5-6 urtetik gorakoentzat dira eskolak, baita helduentzat ere. Izan ere, gero eta heldu gehiagok izena ematen dutela esan dute eskolako kideek.
Izena eman edo informazio gehiago nahi duenak, Elizalde Herri Eskolara jo dezake, astearte arratsaldetan. Telefono bidez ere jarri daiteke Auntxarekin harremanetan (943 61 88 39 edo 615 79 05 10).